Donostia – Polotik polora erakusketak gure lur planetako paradisu natural handietan barrena, iparraldetik hegorako bidaia eta abentura zirraragarria proposatzen digu, Donostiatik irten beharrik gabe.
National Geographic-eko argazkilariek hartutako 52 irudien bilduma Donostiako kaleetan, aire zabalean ikusgai izango da, datorren abenduaren 9ra arte. Argiztaturiko erakusleihoak lagun, biodibertsitatearen santutegirik bikainenak miresteko aukera izango dugu, egunez zein gauez, La Caixa Fundazioak babestutako erakusketa honetan.
Bilduma hori, Javier Gómez komisarioaren hitzetan, argazki-artearen adierazpena ere bada, irudien edertasunaren bitartez, “sentsazioak, sentimenduak eta emozioak” transmiti-tzen dituelako. Eta hori “oso garran-tzitsua” omen da, bere ustez, “naturaren kontserbazioa, funtsean, gure emozioen mende dagoelako, hitz egitean, komunikatzean, liluratzean; gure egunerokotasunaren parte izan dadin”.
Erakusketa Alderdi Ederreko lorategien esparru naturalean dago, udaletxearen fatxada nagusiaren aurrean. Erakusketariak bi ilaratan antolatu dira, eta zabalik dauden leihoak bailiran, biodibertsitatea edertasun gorenean agertzen den paradisu natural zoragarrienetara begiratzeko gonbita luzatzen diote ikusleari.
Amazoniako oihanak, Artikoko bakardadea, Yosemite parke naturaleko sekuoia erraldoiak eta Afrikako sabanaren neurrigabetasuna euren osotasunean agertzen dira irudi horietan, eta, aldi berean, baso-soiltzea, klima-aldaketa eta poloen urtzea bezalako arazoez ere hitz egingo digute. Erakusketako berrogeita hamabi argazkiak natura erretratatzen duten hogeita hamar bat argazkilari ospetsuen lanak dira, tartean Frans Lanting, Steve Winter, Paul Nicklen eta Tim Laman-enak. Horien guztien irudiekin, planeta babestearen garran-tziaz kontzientziatzea dute helburu, baita espezieen desagertze-tasa altuak eta gure bizimoduaren ondorioz haien habitatak suntsitzeak dakartzaten ondorioez hausnarketa eragitea ere. l