Cultura

“Pop eta rock estiloetan leialtasun osoz jo behar duzu diskoan egindakoa, jazzean ez horrenbeste”

Jazz musikaz zuzenean gozatzeko aukera eskainiko du Irati Bilbao musikariak otsailaren 15ean. Bilboko BBK Aretoan aurkeztuko du ‘Bloom’ diskoa
Irati Bilbao musikariak otsailaren 15ean aurkeztuko du ‘Bloom’ diskoa. / ELECTRIC BULEGOA

Irati Bilbao (Durango, Bizkaia, 1992) abeslari eta musikariak musika plataformen gomendioei esker entzun zituen Ella Fitzgeralden bakarkakoak. Honek erakarrita, pixkanaka bere ibilbidea jazz musikarekin lotuta bideratzen joan da. Musikene Euskal Herriko goi mailako musika eskolan egin zituen ikasketak, eta dagoeneko bigarren diskoa argitaratu du: Bloom. Mikel Núñez, Fran Serrano, Aitor Bravo, Alvaro Zarzuela, Xabier Arriola eta Haizea Martiartu musikariekin ondutako lana hurrengo larunbatean, otsailak 15, aurkeztuko du Bilboko BBK Aretoan. Hurrengo emanaldia 22an izango da, Hondarribian.

Zergatik ‘Bloom’?

Bigarren kantaren izenburua da, eta niretzat oso garrantzitsua da. Kanta hori konposatzeak eman zidan bigarren diskoa sortzeko behar nuen indarra eta txinparta. Lehenengo diskoa testuinguru oso ezberdin batean grabatu nuen: Musikeneko azkeneko urtean nengoela nire kideekin proiektua sortu nuen, baina pandemiak ikasketa prozesua eta kideekin nuen harremana eten zuen; gutako bakoitza toki batekoa zen. Proiektua bat batean gelditu behar izan genuen, eta ilusioa galdu nuen. Une horretan Bloom kanta idatzi nuen, pazientzia baduzu gauzak loratzen direla adierazten duena. Nire buruarentzat mezu bat zen.

Erreferenteak aipatzean, Ella Fitzgerald eta Anita O’Day aipatu ohi dituzu. Artista hauei egindako keinurik topatu daiteke diskoan?

Erreferenteak garrantzitsuak dira, baita zuk haiengandik hartzen dituzun elementuak ere. Nire ahotsak ez du zerikusirik Ella Fitzgeralden eta Anita O’Dayen ahotsekin. Hala ere, nire inprobisaziorako joera horretan Fitzgeralden eragina nabari da. Asko gustatzen zait ahots soloen lengoaia erabiltzea.

Jazz musika bat-batekotasunarekin lotuta dago. Diskoa interpretatu arren, emanaldietan inprobisatzen duzu?

Bai. Azkenean jazz generoan oso garrantzitsua da inprobisazioa. Hau esaten dugunean askok inprobisazioa edozer gauza dela pentsatzen dute. Berez, hauste bat da: arau ba-tzuk daude eta zuk horiek manten-tzeko edo apurtzeko aukera har dezakezu. Melodia aurkeztu ondorengo uneak dira soloak, hori inprobisazioarekin sortzen duzu. Kon-tzertu bakoitzean ezberdinak dira, beti egitura baten barruan egon arren. Pop edo rock musikan leialtasun osoz jo behar duzu diskoan egindakoa, jazzean ez horrenbeste.

Aurreko obra EP bat izan zen: ‘Begin’. Zein ezberdintasun daude bi lanen artean? 

Oraingoan, nire konposaketa gehiago sartzera ausartu naiz; lehenengo diskoan beste batzuen abestietan oinarritutako moldaketa gehiago daude. Bigarren disko honetan, aldiz, gauzak aldatu dira, lau konposaketa propio sartu ditut. Hau da, oraingoan abesti moldaketen eta nire konposizioen arteko proportzioa aldatu dut.

Nola definituko zenituzke ‘Bloom’ diskoko letrak?

Letra guztiak nahiko autobiografikoak dira. Tarteka, ironiazko edo umorezko letrak sortzea eta erabiltzea gustuko dut, baita sakonagoak eta pertsonalagoak ere. Horien artean, Bloom edo Places daude, nire buruari gauzak pazien-tziaz hartu behar ditudala esateko. Beste abesti berezi bat The Tree izango litzateke, Irlandan urtebetez bizi nintzenean nire ibilbidea hau izango zela erabaki nuela kontatzen duen kanta. Sarritan saiatu naiz honen inguruko kanta konposatzen, baina ez nuen lortzen, beraz berezia da niretzat.

Diskoan bi bertsio daude, Kirk eta Dorough-en ‘Devil May Care’ eta Chet Bakerren ‘I Fall In Love Too Easily’. Zer da zailagoa, sortuta dagoen pieza bat interpretatzea edo zeuk sortutakoa abestea?

Niretzat errazagoak dira moldaketak, lengoaia barru-barruan daukadan zerbait da. Abesti popularrak dira hainbat arrazoiengatik; hortaz, ondo eginda dagoen abesti bat jotzen ari zara, eta horren babesa daukazu. Gainera, asko gustatzen zait beste norbaiten mihisearen gainean gauzak gehitzea, zure ukitua eranstea. Zuriz dagoen paperaren aurrean hastea zailagoa da, zalantza gehiago sortzen zaizkit nire konposaketen inguruan. Segurtasun eza eta lotsa ematen dit. Azkenean, konposaketak zureak dira, letrak askotan beste modu batera uki-tzen zaitu, ez baita interpretazio soil bat; baina, era berean, beste pozbide mota bat da jendeari zuk egindakoa gustatzen zaiola ikustea.

‘Bloom’ diskoan ingelesa nagusi izan arren, gaztelaniaz eta euskaraz abesti bana daude. Zein aldaketa nabari duzu kanten interpretazioan hizkuntzaren aldetik?

Hizkuntza bakoitzak bere sonoritatea duenez, nire ahotsa ezberdin entzuten dut. Ez dut nahita pentsatu hiru hizkuntzetan kantatzea. Egia da konposaketa gehienak ingelesez egiten ditudala, gehienbat maite ditudan erreferenteek hala egiten dutelako. Alde batetik, Hacia dónde? grabatu nahi nuen nik eta nire publikoak gustuko dugulako. Bestetik, oso pozik nago Mendian Gora abestiarekin. Azken urteko kontzertuetan abestu dut, nire ama hizkuntzan zerbait kantatu nahian; batez ere, Euskal Herritik kanpo egon naizenean.

14/02/2025