Cultura

Pozaren betiereko bilaketa

Poza bere kontrakotasunetik lantzen du Rouge Elea konpainiaren 'Hemen gaude, dena ongi' kale ikuskizunak. Hiru artistak pozera iristeko bide ezberdinak irudikatzen dituzte diziplina ugariren nahasketarekin. Bigarren denboraldia amaitu berri, baloraziorako
Alicia Rechac zirku lanetan dabil berak diseinatutako eskailera batean gora eta behera.

Hiru gazteren nerabezaroko oroitzapenetatik abiatuta, pozaren inguruko lan biribila da 'Hemen gaude, dena ongi' (Rouge Elea, 2021). Biribila zentzu askotan: lehenik, atzetik ikerketa, bilaketa eta sormen lan itzela duelako; bigarrenik, pozaren ideia osoa azaleratu asmo duelako (eta ez hutsaltasunaren ikuspuntutik); hirugarrenez, kale ikuskizuna izanda, publikoa zuzenean interpelatzen duelako; eta, azkenik, egileak xehetasunen zaintzaile finak izanik, etengabeko egokitze fasean dagoelako. Biribila eta osoa, beraz, ikuslea axolagabe utziko ez duena.

Corine Cellaren zuzendaritzapean, hiru artista arituko dira 45 minutuz publiko aurrean. Ander Fernandezek jartzen du musika, Amaia Elizaranek dantza egiten du eta Alicia Rechac zirku lanetan dabil berak propio diseinatutako eskailera batetik gora eta behera. Mugimenduaz eta soinuaz gain, hitzek garrantzia dute ikuskizunean, izan poesiaren bitartez ala pertsonaien arteko elkarrizketen bidez.

Saioa bost ataletan dago banatuta. Bakoitzak pozera heltzeko saiakera desberdin bat irudikatzen du, eta pertsonaiek protagonismo desberdina hartzen dute atalez atal. "Saiakera bakoitza pozera iristeko ahalegin bat da, eta bakoitzak bere modua du hori lortzeko", azaldu du Amaia Elizaran dantzariak.

Fernandezek aipatu bezala, ez zuten ikuskizun naif bat egin gura, "poza pozagatik eta puntu". Sortze prozesuan ikusi zuten "poza ez dela existitzen bere kontrakorik gabe eta bizitza eta gure emozioak kontrastez daudela eginda". Hala, gaia kontrakotasunetik lantzea ebatzi zuten. "Poztasun mingotsaren kontrapuntua bilatu dugu. Egiten dugun ibilbide emozionala zoriontasun kolektibo historikoaren hainbat fasetatik igarotzen da, kutsatzen den poztasunetik…" adierazi du Rechac-ek.

Argazkian Amaia Elizaran kale-ikuskizuneko une batean. Rouge Elea

Galdekatze filosofikoa

Cella eta Fernandez dira Rouge Elearen lehen eta bigarren buruak. Zuzendariak poza lantzeko gogoa zuen eta Fernandezek bere egin zuen asmoa. Lana osatzeko, nerabeekin eta zirkulariekin zenbait laborategi egin zituzten pozaren inguruan. Filosofian adituak diren Bordeleko talde baten laguntza izan zuten hortik sentsazio eta gai nagusiak ateratzeko. Ideia horietatik abiatuta, zenbait egonaldi egin zituzten dantzari eta zirkulariekin hausnarketa horiek guztiak nola gorpuztu arakatzeko. Inprobisazioa, testuak probatzea, moldaketak... izan ziren prozesuaren oinarri.

Konpainiaren lan egiteko era hori dela argitu du Fernandezek: "Gure sortzeko modua pixka bat abstraktua da, poesia bisualetik abiatzen gara eta gero elementuak harilkatzen goaz". Kasu honetan, sorkuntza paraleloa izan da. Hiru artistak sartu dira besteen diziplinan, esperimentazioaren bidez elkar elikatzeko. Elizaranen arabera, horixe bera izan zen erronkarik handiena. Cellak zuzendu du lana kanpotik eta, horregatik, denek argi dute lauren arteko elkarlana izan dela.

Pertsonaiak eraikitzerako orduan, Cellak egoera desberdinak proposatu zizkien eta hirurak euren bizipen eta diziplinetatik abiatu ziren horiek lantzeko. Horregatik, istorioko protagonistak ere Ander, Amaia eta Alicia deitzen dira. "Abiapuntua ez zen gurea, baina gure paperaren bilaketa gure buruarekin lotu genuen", dio Elizaranek.

Horren emaitza "koktel eklektiko" bat dela uste du Rechac-ek. "Helburua ez da publikoak dena erabat ulertzea, emozio batzuk sorraraztea baizik. Gertatzen denaren hari narratiboa esperientzia edo froga desberdinak dira; zoriontasunari buruzko hainbat fase".

Nerabeekin egin dute lan eta pertsonaiak ere bizitzaren etapa horretan daude murgilduta, gaztetasunaren eta helduaroaren arteko mugan. Trantsizio horretan, nork bere bidea bilatzen du poztasunera, baina lagunarteko bilaketak ere irudikatzen dituzte, elkarri lagunduz. Fernandezen arabera, nerabeekin egin dute lan, "aldi berean, naiftasun eta heldutasun bat dutelako". Hori horrela, denboraren igarotzeak garrantzi dramatiko berezia du lan osoan zehar.

Plaza egokienaren bila

Kale ikuskizuna izanagatik ere, argi utzi nahi dute haiena ez dela animazio bat. Esperientzia desatseginak izan dituzte Hego Euskal Herriko zenbait plazatan, taberna giroan edo haur parkeetatik gertu programatu dituztelako eta horrela publikoarengandik behar duten arreta lortzea zaila egin zaielako.

"Frantzian ez zaigu horrelakorik gertatzen baina Euskal Herrian ez dago kaleko emanaldiak ikusteko kultura nahikoa. Askotan gertatzen zaigu gurasoak emanalditik 10 metrora geratzen direla eta umeak bakarrik uzten dituztela. Oso gogorra da horrelako emanaldiak aurrera ateratzea", azaldu du Elizaranek. Azpimarratu du Hego Euskal Herrian lan handia dagoela egiteke programatzaileen eta publikoaren partetik, piezak eta artistak zaintze aldera.

Bestetik, Fernandezek argitu du konturatu direla piezak hobeto funtzionatzen duela iluntzean eta ez dela egokia plaza jendetsuetarako: "Pixka bat bereizita dauden leku intimoagoak nahiago ditugu, eta jendea etor dadila propio ikuskizunerako, ez soilik hortik pasatzen zelako".

Argazkian Ander Fernandez kale-ikuskizuneko une batean. Rouge Elea

Bosgarren sortzailea, publikoa

Ikus-entzuleekin "konexioa" bilatzen dute 'Hemen gaude, dena ongi' lana gorpuzten duten artistek. "Gai nagusia den poza baliatuta, jendeari esan nahi diogu elkarrekin gaudela hemen eta orain, eta nahi eta nahi ez elkarrekin egin behar dugula aurrera munduan eta gizartean", azaldu du Fernandezek. "Freskura eta alaitasuna" transmititzen dutela uste du Elizaranek: "Guk, interprete moduan, ondo pasatzen dugu eta hori jendeari iristen zaio. Nik espero dut haiek ere denbora on bat pasatzea gurekin".

Nolanahi ere, ikusleen interpretazioei joko zelai zabala uzten diete. Fernandezek adibide batekin ilustratu du: "Bretainian, saioaren amaieran bikote bat gurekin hitz egitera hurbildu zen. Emakumeak gure ikuskizuna itxaropenez josita ikusten zuen eta gizonak guztiz kontrakoa. Bakoitzaren nortasunaren arabera modu batera edo bestera kitzikatzen du lanak".

Xehetasun txikienaren atzetik

Kale ikuskizuna izanda, maiatzetik urrira bitartean antzezten duten pieza da. Bigarren denboraldiari amaiera eman berri diote, eta hurrengoa abiatu bitartean balorazioak eta moldaketak egiteko unea iritsi zaie. Aurten batasun dramaturgiko handiagoa eman diotela uste du Alicia Rechacek, baina Cella zuzendariaren lan egiteko moduagatik, pieza "etengabeko mugimenduan" dagoela zehaztu du. "Corinek zorroztasun handiarekin egiten du lan, eta egokitze oso sotilak egiten ditu".

Fernandezek ere uste du lana bere "helduarora" iristen ari dela. Egiteko eta aritzeko moduak beti zalantzan jartzearen aldekoa bada ere, "forma definitiboa" aurkitu dutela dio, eta horren gainean aldaketatxoak egiten jarraituko dutela. Hareago, saio bakoitza desberdina izaten dela gogorarazi du.

Moldaketak ez dituzte ausaz egiten. Apiril honetan, bigarren denboraldia abiatu aurretik, lauzpabost eguneko egonaldia egin zuten, beste pertsona baten begiradarekin. Bertan, lehen denboraldian egindako ibilbidea aztertu zuten: publikoaren erreakzioa, antzezleen bizipenak, zein espazio den egokiena, ikusleekin nola jokatu behar duten... "Delikatua da, baina egonaldi horretan hasieratik bilatzen genuen puntura iritsi ginen", gaineratu du Fernandezek.

Argazkian Alicia Rechac kale-ikuskizuneko une batean. LAURENT TANGRE

Rouge Elea

Datorren urtean 20 urte beteko ditu konpainiak. Corine Cellak 2003an sortu zuen bakarka, bere lehen ikuskizunarekin, 'Calao'. 2008an Ander Fernandez batu zitzaion kolaboratzaile gisa eta ordutik tandem bikaina osatzen dute. "Buru nagusia Corine da eta bigarrena ni", argitu du azken honek. Gainera, proiektu bakoitzean beste artista batzuekin lan egitea gustatzen zaie. Fernandezen arabera, "konpainia definiezina da". Frantzian askotan zirku zirkuituan ibiltzen dira, baina Rouge Elea ez da zirku konpainia bat; kale zirkuituan sartuta badaude ere, gelako ikuskizunak ere egiten dituzte; Euskal Herrian frantsesez egiten dute, baina euskaraz ere bai... "Beti gaude zerbaiten tartean, ez dakit periferia edo nola deitu". Fernandezek azaldu duenez, Rouge Eleak Corine eta bion sorkuntza beharrei erantzuten die eta nahiko askeak dira horretan. "Noski, zirkuitu batzuei begira sortu behar dugu, baina gure jardunean nahiko libreak gara". Laburki esatearren, diziplinak nahasten dituen konpainia gisa definitzen da, abiapuntutzat dantza, zirkua eta mugimendua hartzen dituena, baina hitzak eta musika ere nahiko maiz erabiltzen dituena.

Pozaren betiereko bilaketa. Rouge Elea

Sinopsia

Bi emakumek eta gizon batek nerabezaroko pasadizo bat oroituko dute. Hartan, munduko azken hiru hartz zuriak direla imajinatzen dute, noraezean zihoan iceberg baten gainean. Hitzek eta musikak alaitzen dute bat, asfaltoaren gainean dantza egin eta berehalako poza deitzen du besteak, eta eskailera baten puntaraino igoko da hirugarrena, urrunean eurek bezalako besterik ba ote dagoen begiratzeko. "Ura dugu txorkatiletaraino, galtzerdiak blai ditugu baina hemen gaude, dena ongi!"

28/10/2022