Buscar
Cultura

Premiazkoak?

Eraikin bat, herri bat, etxe bat… Ederra edo itsusia izan daiteke bakoitzaren gustuen arabera?
Donostian kokatuko den proiektua: Loiolako Erriberan eraikiko duten ikasleentzako hotela.
Donostian kokatuko den proiektua: Loiolako Erriberan eraikiko duten ikasleentzako hotela.

Edertasuna izaki, leku, objektu edo ideia batek izan dezakeen ezaugarri bat da zeinak gozamen, transzendentzia eta ongizate sentimenak sortzen dituen. Edertasuna duenari eder deritzo. Ederra zer den eta edertasuna zer den bereizteko ahaleginetan aritu izan da filosofiaren baitan estetika deritzan atala, oraindik guztiz argitzeke dagoen arazoa delarik. Edertasuna giza pertzepzio eta sentipenei loturik dago, baita kultura eta pentsamoldeei ere; eta horren ondorioz gizakion kultura eta molde guztiekin bat datorren definizioa gauzatzea zilegi da, subjektibotasuna baita edertasunaren ezaugarrietako bat. Gizaki gehienek edertasuna harmonia, atsegin, osotasun, proportzio eta zuzentasun kontzeptuekin erlazionatzen dute, ederra denak ezaugarri horiek izan ohi baititu.

Mendebaldeko kulturetan edertasunari buruzko lehen teoriak Antzinako Greziako filosofo presokratikoek landu zituzten, Pitagorasek, besteak beste. Pitagorikoek beste hainbeste gauzarekin egin zuten bezala, erlazio matematikoak bilatu nahian aritu ziren matematika eta edertasunaren arteko jokoa argitu nahian. Antzinako filosofo horiek aurkitu zuten gaur egun urrezko zenbakia deritzana, horren bidez naturan ageri ohi diren forma ugariren atalen arteko proportzioan antzeman daiteke. Laburbilduz, mendebaldeko edertasunaren lehen definizioetan proportzioaren dohainak aipatzen ziren, baita simetriarenak ere, bide batez. Proportzio eta simetria izan ziren, hain zuzen, antzinate klasikoko artelanen moldea, Greziako arkitekturan aurki daitekeena (feat. Wikipedia).

Zerk definitzen du edertasuna arkitekturan? Proportzio egokiak edukitzeak? Materialak ondo erabiltzeak? Zerk egiten du hiri edo herri bat ederra? Bertan dauden arkitektura eder edo itsusiek? Eta zer ezkutatzen da? Hedoi Etxartek Euskal Herriko udalerririk itsusiena artikuluan edertasunaren afera jarri du mahai gainean. Txioen munduan Cadreita, Basauri, Barakaldo, Noain, Mendabia, Eibar, Ermua, Barañain, Andoain, Irun, Soraluze, Elgoibar, Zumarraga, Sestao… herri itsusien zerrendan agertu dira. Zergatik horiek? Bere esanetan, “kasualki zerrendako hamarka udalerrietan ia guztiak langile klasea nabarmen bizi den herriak dira. Gehienak industrialak eta tamaina batetik gorakoak, baina baita nekazal lurgabeen herriak ere, industrialdez jositakoak”. Eta arrazoia du, arkitektura eta klasea hertsiki lotuta baitaude.

Ildo horri jarraituz, arkitekturek pertsonak doktrinatzen dituzte. Esaterako, azken urteetan pairatutako egoera gure bizitzen espazialitatean eragina izaten ari da; pertsonen artean erlazionatzean, espazio urbanoak erabiltzean, edota supermerkatuko ilaran egotean. Haatik, arau edo doktrinamendu-printzipio horiek hamarkadetan zehar transmitituak eta helaraziak izan dira. Historiako aldaketa desberdinen bidez, gizakia ber-hezitua izan da eta bizi ditugun arkitekturak politika horien sostengu izan dira. Arkitekturen bidez, gure gorputzak birkonfiguratu dituzte, birkonfiguratzen ari dira eta birkonfiguratuko dituzte. Arkitektura itsusi, zikin, garbi edo ederrekin.

Donostian kokatuko den San Bartolomeko merkataritza zentroaren proiektua.

Donostian kokatuko den San Bartolomeko merkataritza zentroaren proiektua. Ortzadar

Bukaeran honela borobiltzen du artikulua Etxartek: “Bistan da premiazkoa dela hirigintza berri bat pentsatzea, ez dena agian langile auzo horien bidetik joango nahiz eta askoz iseka gehiago merezi dutenak badiren, esaterako azken hiru hamarkadetako klase ertainaren adosatu, unifamiliar, sasi-baserri eta bestelako lauburudun amets amerikar indibidualistak”. Eta gehiago esango nuke, hirigintza horrek herritarren beharrak asetzen eta lehenesten dituen arkitekturak planteatu behar ditu, itsusiak zein ederrak. Onura sozial eta ingurumenekoak lortzen lagundu beharko lukete, hor dago egun arkitekturaren erronka.

Orrialde honetako argazkietan, Donostian kokatuko diren bi arkitektura ikus ditzakegu. Biek finantza-onurak dituzte oinarri eta hasiera batean edertasunaren kanonetan sartzen dira. The Social Hub-ek Loiolako Erriberan ikasleentzako hotela irekiko du, 328 logela, hilean 1.000 euro ingururen trukean. Hala, Donostiako hotel-eskaintzak 8.000tik gora ohe izango ditu. Herritarrak beren auzoetan bizitzea zaila duten garai hauetan, horrelako proiektuek arazoak larriagotzera garamatzate.

San Bartolomen, aldiz, merkataritza zentro bat eta lurpeko aparkaleku bat jarriko da. Argazkiek espazio ederrak erakusten dituzten arren, arrazoi gutxi daude proiektu hau defendatzeko. Lehengo mendi magalaren simulazioaren barrenean 8.000 metro koadroko eta bederatzi solairuko merkataritza zentro bat planteatu dute, eta 200 plaza inguruko aparkalekua edukiko dute. Lekuz kanpoko planteamendu honek, itxura ederra eduki arren, ondorio negatiboa izango du hirian. Auzoko komertzio txikiei zuzenean eragingo die eta kaleetan trafikoa handituko da.

Zer ezkutatzen da edertasun hauen atzean? Noren beharrak asetzen dituzte proiektu hauek? Noren interesak? Premiazkoak edo beharrezkoak dira arkitektura hauek?

2023-02-23T17:03:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo