Ahalegina, gogoa eta ingurumenaren aldeko borroka. Horiek izan dira Mondragoneko ikasleei proiektu iraunkor eta berria aurrera eramateko balio izan dieten hiru osagai nagusiak. Hala, lur orotako gurpil-ohol jasangarri, arin eta korroigaitzagoak diseinatu eta fabrikatu dituzte Mondragon Unibertsitateko hainbat ikaslek
Ildo beretik, Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako –Green Manufacturing– Graduko hainbat ikasle gogor aritu dira lanean azken seihilekoan. Izan ere, erronka hau izan dute: lur orotako gurpil-ohol bat egitea, ohikoa baino arinagoa, korroigaitzagoa eta ingurumenarekiko jasangarriagoa. Kortxoa eta kartoia izan dira horretarako erabilitako materialak. Material horiekin prototipo bat egin dute, eta, amaitu ondoren, Gros auzoan probatu dute nola funtzionatzen duen ikusteko. “Lanean emandako zortzi asteetan, ikasgelan eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak praktikan jarri ahal izan dituzte ikasleek. Esperientzia horrek manufaktura-industriako erronka errealei aurre egiteko aukera eman die, etorkizuneko lanetan ere antzeko erronkak izango baitituzte aurrez aurre”, azaldu zuten Mondragon Unibertsitatetik. Lur orotako gurpil-ohola, Mountainboard izenez ere ezaguna, arina eta korroigaitza da, eta ingurumena errespetatzen du, kortxoz eta kartoiz egina dago eta. Ekimena ekoMountainboard proiektuari dagokio, eta lau ikaslerainoko taldetan garatu dute Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako hirugarren mailakoikasleek, Galarretako ekocampusean. Patraseko Unibertsitateko (Grezia) eta Milango Unibertsitateko (Italia) zenbait ikaslek ere hartu dute parte prototipoaren diseinuan, simulazioan eta fabrikazioan.
Eta nola gauzatu dute proiektu hori? Hori diseinatzea ez da lan erraza izan, baina erronka handia izan da ikasle horientzat. Hasieran, ikasleek hiri-ingurunera egokitzen diren diseinu kontzeptualak garatu behar izan zituzten, eta, ondoren, tauletarako materialak hautatu. Lehenengo monopatinak astigar zurez, urkiz, zedroz eta balaztaz egin dira, malgutasunagatik. Gainera, monopatinak baldintza klimatiko txarren eraginpean daudenez, ikasle horiek material desberdinekin egin nahi izan dituzte, malguagoak eta erresistenteagoak, hain zuzen ere hotzari eta euriari aurre egitea lortzeko. Horregatik, oholak hobetzeari ekin zioten ikasleek, material konposatu, arin eta korroigaitzak erabiliz. Azkenik, kartoiz eta kortxoz egindako eta zuntzez (liho-, beira- eta karbono-zuntzez, hain zuzen) estalitako ohola aukeratu zuten. Horrez gain, ingeniarigaiek oholen simulazio-ereduak egin behar izan zituzten ordenagailuz, materialak aukeratzeko, irakasleek ezarritako zehaztapenak betetzeko zenbat geruza jarri beharko zituzten jakiteko eta, azken buruan, mountainboard-ohola ahalik eta modurik jasangarrienean egiteko. “Mountainboard bat diseinatzea eta fabrikatzea egokitu zaidan arte ez nekien zenbateko lana dagoen nire zaletasunik handienetako baten atzean. Asko ikasten da proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren bidez, eta honetaz ohartzeko balio du: kalkuluetan eta diseinuan akatsen bat eginez gero, pikutara joan daiteke zenbait egunetako lana. Kasu honetan, adibidez, guk diseinatu eta fabrikatutako oholak behar baino gehiago pisatzea eragin zuen akatsak. Horrek guztiak lanean arduratsuago bihurtzen zaitu”, adierazi zuen Asier Arostegik, ekoMountainboard proiektuan parte hartu duen Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleak.
Beste proiektu batzuk
Lehenago beste proiektu batzuk ere gauzatu dituzte Mondragon Unibertsitateko Industria Ekoteknologietako Ingeniaritzako Graduko ikasleek Galarretako ekocampusean, hala nola kartoizko barrualdea duen surf-ohola egitea, haize-sorgailu eramangarri txiki bat eraikitzea eta industria-prozesuetan sortutako beroa berreskuratzea. “Proiektu horien bidez, etorkizun hobea irudikatzeko eta eraikitzeko prestatzen dira ikasleak”, azpimarratu zuten Mondragon Unibertsitatetik.