Joanes Etxebestek 19 urte besterik ez ditu, eta zazpi urte daramatza pailazo lanetan. Oraingoan, bere laugarren lana estreinatu berri du Denok Plazara izenburupean, eta Go!azen telesailean lanean ezagutu zuen Alazne Etxeberria izango du alboan.
Zer suposatzen du zuretzat pailazo izateak?
Niretzat pailazo izatea ezohiko lanbide bat da, baina asko asetzen nauen jolasa. Nik, nahiz eta lana izan, jolas moduan ere bizi dut, gozamena eta askatasuna ematen baitizkit pailazo izateak.
Nondik sortu zitzaizun pailazo izateko gogoa?
Egia esan, nire kasuan, txikitatik izan dudan pasioa izan da. Betidanik izan dut interesa pailazoen arloan, baina baita antzerkian, musikan, kantuan, dantzan, etab. Baina justu pailazo izatearena, txikitako erreferenteei begira jarrita, sentitu egiten dudan zerbait da.
Pailazo lana ez da erraza izaten eta are gutxiago egoera pertsonal zailetan. Nola aurre egiten zaio egun txar bati gainerakoei barre eragin behar diezunean?
Esango nuke sudur gorriak egoera txar guztiak konpontzen dituela. Gertatu izan zait egun txar bat edo gorabeheraren bat izan eta emanaldi bat edukitzea. Baina, pailazoz jantzi, oholtzara atera eta ikuskizuna amaitu eta gero hasieran baino hobeto sentitu naiz. Oso idilikoa ematen du, baina niretzat sudur gorriaren indarra, maskara txiki hori jantzi, goza-tzea eta arazo guztiak ahaztea da.
Gaztea izan arren zazpi urte daramatzazu pailazo lanetan. Zer erakutsi dizu esperientzia honek?
Egia da 19 urte ditudala, baina, oso gazte hasi nintzen ere bai. Asko ikasi dut Pontx-ekin eta pailazo lanetan arituz. Egunerokoa umorez begiratzen ikasi dut eta horretarako Pontx-ek asko lagundu dit, umorea eta beste ikuspuntu bat ateraz. Hori da urte hauetan ikasi dudana. Baita, egunez egun, lanarengatik agian, Pontx-ek erakutsi dit batzutan nahi ditugun gauzak lor ditzakegula. Agian ez beti, baina nik pailazogintzatik bizi nahi nuen txikitatik eta gaur egun Pontx-ekin noa eskuz esku aurrerantz eta ametsak betetzen.
Zure azken ikuskizuna ‘Denok plazara’ da, laugarren ikuskizuna pailazo lanetan. Zer ikusi ahal izango dute bertan ikusleek?
Ikuskizun honetan Pontxe-n abentura berri bat ikusi ahalko dute. Herriko plazara iritsiko da Pontx, eta bertan bere lagun Lili topatuko du, bere dendan lagunduz. Kontua da dendaren ardura Pontxi utziko diola Lilik, alboko herrira joan beharko baita erosketa batzuk egitera. Orduan, herriko alkate zorrotza helduko da; honek denda itxi, herritarrak kanporatu eta aireportu bat eraikiko du. Publikoak ikusiko du zein harreman sortzen den alkatearekin eta nola gutxiesten dituen protagonistak. Hor ikusi ahal da pailazo batek nola jokatzen duen aberastasunarekin, modernitatearekin, etab.
Pailazo ikuskizunak umeentzat egiten diren istorio sinpleak bezala ikusten dira, baina askotan atzetik mezu sakon bat izaten dute. Ikuskizun hau Lapurdin gertaturiko zerbaitetan oinarrituta dago, ezta?
Bai. Egia da umeen ikuskizunak egiterakoan pentsatzen da askotan istorioa ez doala inora edo umorea oso sinplea izango dela. Baina, ez da beti horrela. Kasu honetan, esaterako, Pontx-en ikuskizunetara familiak datoz eta hori kontutan hartzen dut. Saiatzen naiz umorea txikientzat eta handientzat egiten. Jendeak oso ondo pasatzen du eta ohar oso positiboak jasotzen ditut. Oraingo honetan ipar Euskal Herrian gertaturiko gai bat jorratu dugu. Ni saratarra naiz, baina hurbil, Beskoitzen, herriko ikastola itxi nahi izan zuen arrazoirik eman gabe. Hori ikusita, gai hori oholtza gainera eramatea pentsatu nuen.
Nola lortzen da horrelako gai sakon bat umeen-tzat ulergarri egitea?
Kasu honetan guztiak lantzen du: eszenografiak, jantziek, pertsonaiek, etab. Gaia umore bidez ikusteak arindu egiten du. Hasieran publiko zorrotza izaten dira haurrak, baina ez ditugu gutxietsi behar; gauzak oso ondo uler-tzen dituzte. Hori bai, gauzak sinpleki eta zuzenki adierazi behar zaizkie. Agian ez dute dena ulertuko, baina batzuk gauza bat eta besteek beste bat, denak joango dira etxera mezu batekin. Helduen kasuan ere bai, eta gero agian etxean berriro hitz egingo dute gaiaren inguruan.
Pailazo izateaz gain, aktore lanak ere egiten dituzu ‘Go!azen’ telesailean. Zer duzu nahiago, pailazo edo aktore lana?
Hori oso zaila da erantzuten. Esango nuke bateragarriak direla, pailazo izatea aktore izatea ere badelako. Egia da pailazoa nirea dela eta telebista arloa beste mundu bat dela. Goazen telesailean oso gustura ibili nintzen eta pertsonai bat gorpuztea gustuko dut. Ezingo nuke gauza bat aukeratu.
Non izango dira Pontxen hurrengo ikuskizunak?
Otsailaren 8an Kanbon izango naiz, AIEC gelan, eta otsailaren 22an, aldiz, Ibaetan.