Asko jarri da kolokan azken aldian punka bezalako estiloen subertsiotasuna. Hala ere, estilo hauen ingurumenak argi uzten du autogestioa inoiz baino biziago dagoela: gaztetxeak, autoedizioa, irrati askeak… DDTk 1989tik darama kontrakultura bultzatzen eta duela urte bat Bilboko Izarbeltz Ateneoari buruzko liburua argitaratu ta gero hurrengo debatea sortu zen. Ez al gara iraganeko garaiak mitifikatzen ari? Ondo da historia ondorengoentzat idatzirik uztea, baina zer gertatzen ari da hemen eta orain? Horrela jaio zen bilduma hau, Bilboko talde garaikideak batzen dituena.
Batez ere eszena autogestionatu horretako parte izatea kontuan hartu da hamalau taldeak aukeratzerako orduan, baina beste gauza asko ere bai: belaunaldi artekotasuna, parekidetasuna, estilo aniztasuna… Grabaketa ere ‘zuk zeuk egizu’ filosofia jarraituz egin da Promete Puñal estudio hurbil zein profesionalean, finean 12 hazbeteko binilozko 500 kopiatan agertzeko, Bilboko errekako portada adierazkorraz. Soinutopiatik banan banan aurkeztuko dizkizuegu partaideak, horrela gaur egungo Bilboko punk giroa irudikatuz. Zuzeneko aurkezpenak ere egingo dira, parte hartzen duten taldeen kontzertuekin.
Motorastola
Motorastola taldeak estilistikoki Motorhead-i omenaldia egiten dion moduan, zuzenean DDTri eskaini dio abesti hau, eta baita Josetxu kide karismadunari gorazarre egin ere. Samur eta barregarria da letra, baina ez musika: motorrean ziztu bizian ibiltzeko heavy punk gordina.
Gurs
Despeñaperros, Elfo Negro eta bestelako taldeetako musikariek osatutako talde berriak post punk arina jotzen du. Kasu, izenak historia du: Gurseko kontzentrazio-esparrua 1939an eraiki zuten, gerraren amaierako izutik ihesi muga zeharkatzen zuten borrokalariak atxilotuta edukitzeko.
Gonorriaga
Post punk amarrutsua, euskaraz. Gitarra atmosferiko eta arpegiatuak, baxu gordina eta letra ezkor oihukatuak. Urte eskaseko ibilbidearekin, ezer gutxi jo dute zuzenean, eta elkarbanatutako diskoa argitaratuko dute aurki binilo edizioan, Bilintx taldearekin.
Uger
Ageriko sekretua hirian, Sani inguruko boskote honek rockaren ertz guztiak jorratzen ditu: stonerra, posthardcorea, punka… abesti luzeak egiteagatik famatuak, bilduma honetarako eutsi behar izan diote, baina hala ere garapen luzeko ereserkia sinatu dute, letra bikainarekin: Hirugarrengaiak.
Nuevas Formas de Miedo
Diskoan parte hartzen duten taldeen artean jardunean ez dabilen bakarra, pandemia garaian eratu zuten bi neskak eta bi mutilek. Bi emakumezkoen ahotsek aldi berean bikain ematen dute, eta gitarraren chorus garbia lan osoko zainduena izan daiteke. Gehitu sintetizagailua eta letra sakonak, eta jotzera bueltatzeko irrika egundokoa izango da.
Bilintx
Sortan parte hartu duen talderik gazteena, bertsolari famatuaren izenarekin. Letra poetikoak euskaraz, shoegaze gitarrak, eta iruditeri anarko punk ezin hobea. Zein polita deitzen da abestia, eta punkak behar zituen gaiak ekartzen ditu: hauskortasuna, erlazio pertsonalak, ezkutuko indarkeria…
Aihotz
Serpiente hirukote arrakastatsuko Beak eta Elenak egindako talde gogorra. Hardcore psikodeliko eta bortitza, estilorako atipikoa den delayen (errepikapen efektua) bidez moldatutako ahots agudoarekin. Zuzenean gozatzeko taldea izan arren, bi EP dituzte argitaratuta, ahiozkada siderala frogatzeko.
Arakil
Bogan ez dagoen estiloa jorratzen duen talde berria. Crustak urrezko garaia izan zuen pasa den hamarkadan. Ekkaia eta bestelako taldeek punk azkarra metal gordinarekin uztartu zuten hitz apokaliptikoak azaltzeko. Ahots urratu eta garapen epikodun proposamen honek ondo baino hobeto defendatzen du neocrust euskalduna.
1991
The Smiths taldeari gorazarre eginez, popa egitera ausartu ziren straight edge hardcoretoak. Normalean beganismoari eta animalien askapenari kantatzen dioten arren, oraingoan egunero babesa eskaintzen digutenei eskaini diote, zenbait taldekideek eduki zuten Crickbat taldearen abestiaren moldaketarekin: Para siempre.
Difuntos Telaraña
Hirukote bitxi honek punk soil baina oso berezia lantzen du. Ezohiko egiturak lantzen dituzte abeslariaren narratiba bitxiari esker. Istorio zoroak kontatzen dituzten letrak, kritika ironikoak eta autogestioa bandera bakartzat (bateria ere eskuz egina dute).
Helltzales
Izenarekin bete betean eman du boskoteak. Bizkaiko musikari eskarmentudunen selekzioa ematen du taldea: Cordura, Striknina, Los Cosmeticos. High energy rocknrolla, hard rocka, punka… deitu nahi duzun bezala: soinu deskarga azkar eta sendoa infernutik zuzenean jeltzaleak asaldatzeko asmoz.
Shöck
DDTko supertaldeetako bat: punk jaialdietan trebeak, soinu sendoa… 2015ean sortu zen, No Relaxeko abeslaria izan zen Micky Bilbora heldu zenean. Punk klasikoa, adabakiak, gandorrak, melodiak eta animalien askapena.
Marmol
Ziur asko bildumako talderik ospetsuena, punkentzako poperoegia eta poperoentzako punkegia. Marmol hirukoteak estatu osoko eskuat gehienetan dituzte kontaktuak, eta bira autogestionatu eta luzeak egiten dituzte. Hala eta hiru lan apartei esker irabazi dute ospea Europa osoan zehar.
Ectoplasmas
Urte gehien jardunean daraman taldea de Ectoplasmas. Erandioko hirukoteak 77ko punka jorratzen du ukitu ilunekin, Killing Joke edo Hüsker Dü taldeen eraginekin. Soinu oso pertsonala duen taldea, reverb fantasmagorikoak eta Erresuma Batuko usaina.