Donostia – Realzale askok akaso horren berri izan ez arren, Anoetako soropila uda honetan birlandatu dute. Estadioan bertan egin ziren uztaileko lehen hamabostaldian denboraldi-aurreko lehen entrenamendua, Brais Mendez eta Momo Choren aurkezpenak eta Toulouseren aurkako lagunarteko partida. Eta galiarren aurkako norgehiagokaren ondoren, altxatu egin zuten berria jartzeko. Hain zuzen ere, Tolosan jokatu ezin izan zen Osasunaren aurkako partida horrexegatik eraman zuten Zubietara, Amarako zelaia prest ez zegoelako.
Belardi berriaren lehen benetako froga igandean izango da, Bartzelonaren aurka jokatu beharreko partidarekin. Eta 48 ordu aurretik, Realeko jokalariek gaur goizean zapalduko dute, salbuespena eginez, Zubietan ateak itxita egin ohi duten entrenamendua bertan burutuko dutelako. Prestaketa-saioa eta Imanolen ondorengo prentsaurrekoa Anoetarako programatu dituzte, zelaiko belar berriari datorkion asteburu latzaren atarian.
Entrenamendu bat eta partida bat jasan beharko ditu, beste aldagai bat ere gehitu zaiolarik: azken orduotan Donostian eroritako euri jasak, itxura batean atertzeko tankerarik ez dutenak.
Munuera Montero, epaile
Atzo jakinarazi zenez, Jose Luis Munuera Montero andaluziarra izango da igandeko partida zuzenduko duen epailea. Hain zuzen ere, bera zen epaile Santiago Bernabeuko berdegunean Real Madrilekoek Gero Rullik Viniciusi egindako penaltia eskatu zuten lehia hartan, gero VARetik Melero Lópezek famatu egin zen “todo Ok José Luis” esan zuenean.
Bestalde, aurreko denboraldian Munuera Monterok Reala tarteko zela izandako partidarik sonatuena, txuri-urdinek Wanda Metropolitanora egindako bisitan gertatu zen. Imanolen taldea 0-2 aurreratu zen Sorloth eta Isaken golei esker, baina azkenean Atletico Madrilek berdinketa lortu zuen Mikel Merinok Luis Suarezi egindako penalti eztabaidagarri bat lagun. Hasiera batean Munuerak ez zuen halakorik agindu, baina jokaldia berriz ikusteko VAR pantailara deitu ondoren, adierazi egin zuen. – N.G.