Buscar
Reala

Real Sociedad | Igor Zubeldia: "Nire momenturik onena"

Azkoitiarra “helduago” sentitzen da zelaian eta berritzeko elkarrizketak berretsi ditu
Igor Zubeldia, bere prentsaurrekoan zehar.
Igor Zubeldia, bere prentsaurrekoan zehar.

Igor Zubeldia Realeko futbolariak prentsaurrekoa eskaini zuen ostegunean Zubietako instalazioetan, eta bere kirol ibilbideko unerik onena bizi duela adierazi zuen. “Nik baietz esango nuke”, erantzun zion horren inguruko galdera bati. “Denboraldi hasieratik fisikoki ondo sentitu naiz, ia lesiorik gabe, eta jarraitutasun horrek ekartzen du gero konfiantza”. Une gozo horretara ekarri duten gako nagusiak aztertu zituen azkoitiarra: “Futbolari helduagoa naizela sentitzen du; zelaian partidak hobeto irakurtzeko gauza naiz, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Horrela egin dut aurrera eta, etorkizunari begira, horrelaxe jarraitu nahiko nuke, etengabe hobetzeko”, hausnarketa egin zuen jokalariak.

Eta ezin falta bere etorkizunari buruzko galderik ere, noski, Zubeldiak 2024ko ekainean amaitzen baitu kontratua. “Nik hemen jarraitu nahi dut, eta nire agentea dagoeneko hasi da klubarekin hizketan. Horixe da esateko daukadana”, erantzun zuen Zubeldiak hasiera batean. Ondoren, beste kontratu berritze batzuk baieztatu direla aipatu zioten kazetariek, eta jokalariak garbi esan zuen “egoera bakoitzak bere denbora behar izaten du”. “Batzuk azkarrago konpontzen dira eta beste batzuk astiroago. Egia esan ez dut askorik hitz egiten nire agentearekin, nahiago dudalako egunerokoan zentratuta egon; taldeak emaitza polita lortzeko momentu erabakigarrian gaude. Nire etorkizuna? Berriro diot: nik hemen jarraitu nahi dut”.

Taldeak orain lortu nahi duen helburu “polit” horrek badu izenik gainera, Txapeldunen Liga hain zuzen ere, Zubeldiaren esanetan helburu “erreala”. “Guk gauza bera dugu beti buruan: hurrengo partida ahalik eta ondoen prestatzea, sailkapenari askorik begiratu gabe. Eta, jakina, orain laugarren gaudenez, hor mantentzea dugu helburu. Horregatik da Txapeldunen Liga helburu erreala” esanda amaitu zuen, bere ustez geldialdi hau “mesederako izango zaiela” uste duen Zubeldiak. “Azken boladan partida askotxo izan ditugu eta falta denerako errekuperatzeko ondo etorriko zaigu”.

2023-03-24T16:22:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo