Reala

Real Sociedad | Zaldua: "Europan egotea gure esku dago"

Zaldua, Zubietan eskainitako prentsaurrekoan.

Hiru egun jai izatea ez da batere ohikoa izan denboraldi honetan, eta talde txuri-urdina pilak ondo kargatuta itzuli da, Joseba Zalduak Zubietan emandako prentsaurrekoan aitortu zuenez. "Ondo etorri zaigu. Hainbeste partida jokatu ondoren, burua garbitu eta arnasa hartu beharrean genuen. Partida ugari izan ditugu, baita lesioak ere, eta ongi etorri zaigu deskonektatzeko, pilak kargatzeko eta denboraldiaren amaierari ahalik eta ondoen aurre egiteko", esan zuen Realeko atzelariak euskara hutsean eskainitako prentsaurrekoan.

Hainbeste partida jokatu beharreko denboraldi trinko batean jokalariei atsedenaldia ondo etortzen zaiela esan zuen Zalduak: "Normalean, lagunekin eta familiarekin egonda deskonektatzen dugu. Pare bat jaiegun izatea asko da guretzat, eta biziki eskertzen dugu. Fisikoki baino mentalki egiten digu mesede handiagoa. Behin Kopan eta Europan jarraitzeko helburuak huts eginda, buruko nekea agertzen zaizu, eta pilak berriz kargatu behar izaten dituzu. Horrexegatik behar genuen atsedenalditxo hau", gaineratu zuen.

Realak denboraldiko fase erabakigarrian erakutsitako irregulartasunaz ere hitz egin zuen eskuin hegaleko atzelariak: "Imanolekin beti egiten dugun legez, partida bakoitzean ahalegin guztiak egiten ditugu. Zoritxarrez, azken partidetan, Ligan jarraian lortutako bi garaipenak kenduta, gauzak ez zaizkigu nahi bezala atera. Kopan eta Europan genituen helburuak ez ditugu borobildu. Baina orain Ligari gogor ekin behar diogu, meritu handiko postuan gaudelako. Eta begiz jota ditugun emaitzak lortuz gero, goian jarraituko dugu. Europarako sailkatzea zaila izango bada ere, gure esku dago, eta gogor borrokatuko gara helburu hori lortzearren".

Bestelakoan, ez zion garrantzia handirik eman nahi izan taldeak denboraldi honetan erakutsitako gol-ahalmen eskasari: "Onerako zein txarrerako, talde bat gara. Golak sartzea eta jasotzea guztion ardura da. Horretarako gara talde bat, eta onena oreka hori lortzea izaten da, horixe baita futbolean zailena. Partida askotan lortu dugu gure atea hutsean mantentzea, baina gauzak aurrean zein defentsan egin behar dira ongi. Erasoko dinamika hori aldatzeko lanean segituko dugu, ahalik eta gol gehien sartu ahal izateko".

Denboraldi honetako unerik eskasenetan kritika ugari jaso ditu Realak, esate baterako talde handien aurkako partidak ez irabaztearen inguruan, eta horretaz ere jardun zuen Zalduak: "Ez dakit hitz egokia mingarria ote den. Baina amorru pixka bat ematen dute momentu txar horiek. Alde aurretik badakigu denboraldia luzea dela, eta hiru puntuek berdin balio dutela goiko zein beheko taldeen aurkako partidetan. Gu beti berdin irteten saiatzen gara, etxean zein kanpoan lehiakorrak izaten. Egia da, ordea, Real Madril, Bartzelona eta goiko talde horien aurka puntuak ateratzea, zaila izaten dela.

Igandeko Alavesen aurkako partidari buruz honakoa esan zuen: "Oso partida zaila izango da, beste guztiak bezalaxe. Baina, nik beti esan ohi dut, arreta geurean jarri behar dugula; gauzak ondo egiten ditugunean irabazteko aukera izaten baitugu. Horrexegatik saiatu behar dugu geure maila ematen eta gauzak ahalik eta ondoen egiten". Talde gasteiztarrak barneratu omen du Jose Luis Mendilibarren jokamoldea: "Mendilibarri nola jokatzea gustatzen zaion badakigu€ Baina, lehen ere esan dut, ez dugu aurkariarengan pentsatu behar. Gure mailarik onenera hurbiltzeko gauza bagara, garaipena gertu izango dugu".

Derbia etxean, eta zaleen babesarekin gainera: "Anoetan jokatzen dugunean zaleen animoa beti izaten dugu, guk ondo antzematen dugu eta plus hori ematen laguntzen digu. Zaleekin bat eginda, garaipenetik gertuago egongo gara".

Lesioetatik osatzen ari diren jokalarien inguruan, besteak beste Januzaj, honakoa aipatu zuen: "Zenbat eta jokalari gehiago prest egon, orduan eta hobe, horixe da albisterik onena. Futbola hori ere badu, ordea, eta batzuetan lesioak gertatzen dira. Pozgarria da taldekideak bueltan izatea. Bagenuen gogoa Nacho (Monreal) eta Carlos (Fernández) berriro gurekin izateko€ Horixe baita helburua".

09/03/2022