Rekalde Aretoak paper gaineko 70 marrazki baino gehiago batzen dituen JLC (Marrazkiak/Dibujos) izeneko erakusketa jasoko du irailaren 1etik azaroaren 1era bitartean. Obra honen egileak Luis Candaudapen eta Txus Meléndez dira.
Egileek nabarmendu dute JLC (Marrazkiak/Dibujos) erakusketa osatzen duten lanetan irudi batek beste bat ordezten duela, batek besteari jarraitzen diola, batek besteak utzitako hutsunea betetzen duela.
Luis Candaudapek eta Txus Meléndezek - biak Bilbon jaio ziren, 1964an -, 30 urte baino gehiagoko ibilbide luzearen bermearekin, hainbat erakusketa egin dituzte elkarrekin, bai obra komunak eginez, bai euskarriak bereizita landuz. Bakarkako eta taldeko erakusketetan erakutsi dituzte beren lanak, bai toki-mailan, bai estatuan eta nazioartean. Hain zuzen ere, Rekalde aretoak 2012. urtearen amaieran erakutsi zuen Candaudapen obraren gainean egindako lehenengo erakusketa antologikoa eta osatuena.
Gaur egun, pinturan egiten duten lan profesionalaz gainera, bi sortzaileek irakasle dihardute EHUko Arte Ederretako fakultateko pintura-masterrean.
Luisek José Luis Casado Arsuaga Arte Ederretako fakultateko irakasle eta margolariaren koadro ezezagun bat aurkitu zuenean sortzen hasi zen erakusketa. Koadro horretan agertzen zen figura deigarria izan zitzaion, eta irudi horretatik abiatuta, marrazten hasi zen. Geroago, marrazki horien argazkiak bidali zizkion Txus Meléndezi, eta, hala, irudiak trukatzeko prozesu bat sortu zen bi artisten artean.
Rekalde aretoak Ertibil 2022ko erakusketa ibiltaria ere erakusten du. Erakusketa hori —Bizkaiko Foru Aldundiak antolatua— Rekalde aretoan hasi da; ondoren, Basauri, Arrigorriaga eta Santurtzi udalerriak zeharkatuko ditu, eta 2023ko urtarrilaren 8an amaituko da, Balmasedako Horcasitas Jauregian.