Arriaga Antzokiak Harold Pinterren 'Retorno al hogar' hartuko du aste honetan, Miguel Rellán eta Fran Perea aktoreekin. Zehazki, bi emanaldi eskainiko dira: lehena ostiral honetan, irailaren 23an, 19: 30ean, eta bigarrena larunbatean, 19: 00etan. Esan dutenez, muntaia Daniel Veronesek zuzendu du, eta testua egokitzeaz ere arduratu da.
Eta oholtzan, aktore bikainez osatutako taldea: Miguel Rellán, David Castillo, Fran Perea, Alfonso Lara, Juan Carlos Vellido eta Silma López. Gizonezko bost aktorek eta emakumezko aktore batek hezurmamitzen dute Retorno al hogar agertokian; antzezlan honetan, Pinterrek —egile lotsagabe eta probokatzaileak— gordinki kontatzen ditu aita alargun baten, harekin batera bizi diren bi seme helduen eta anaia baten arteko kontraesanak eta tirabirak. Seme nagusia, bizitzan arrakasta lortu omen duena, etxera etorriko da emaztearekin. Iritsiera horrek ekaitza leherraraziko du, familiako kide guztien arteko inbidiak eta mespretxuak eragindako itolarrizko eta zapalkuntzazko giroan.
Eta klan horretan Miguel Rellánek Maxena egiten du, aitarena; Alfonso Lara, Sam da, bere anaia; David Castillo, Joey, seme gazteena; Fran Perea, Lenny, tartekoa; Juan Carlos Vellido, Teddy, zaharrena; eta Silma López, Ruth, Teddyren emaztea.
Desleialtasuna, abusua, proxenetismoa —eta ohiko begirada baten azpian jasanezina gertatzen zaigun guztia— itzulingururik eta koplarik erabili gabe eskaintzen zaizkigu. Ikusleek deserosotasun sentsazio liluragarri eta, aldi berean, nahasgarria sentituko dute antzezlan honetara hurbiltzean. Eta ez da inoiz oso argi egongo pertsonaia horien hezurretan eta larruazalean zer muga ezarri diren, zeintzuk immoralitatez eta larderia hauskorrez irauten baitute bizirik. Izan ere, Pinterrek, nolabait, jendea behartu egiten du jarrera bat hartzera, eta zer esan nahi duen argitzera; harrapatzen zaituen modu batean, gainera.
Pinter eta Veronese
Harold Pinter (Londres, 1930 – 2008) antzerkigile eta poeta britainiarra, XX. mendearen bigarren erdiko arte dramatiko ingelesaren adierazle nagusia da. Sari ugari eman dizkiote, horien artean Literaturako Nobel saria 2005ean. Daniel Veronesse (Buenos Aires, 1955), berriz, egile, egokitzaile, aktore eta antzerki-zuzendari ospetsua da nazioartean. Sari asko jaso ditu, eta haren ikuskizunak Amerikako, Europako eta Asiako ehunka hiritan eskaini dira. Haren testuak frantsesera, alemanera, italierara, ingelesera eta portugesera itzuli dituzte.