Aste honetatik eta otsailaren 25era bitartean, ikusgai egongo da Ondare Aretoan Ricardo Toja margolariaren biografiari errepasoa egiten duen erakusketa.
Erakusketak artistaren obra, pintura eta marrazki oso esanguratsuak batzen ditu. Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Begoña de Ibarrak, Foru Aretoak antolatu duen aldi baterako erakusketa berria aurkeztu du, erakusketan komisario lanak egin dituzten Alicia Fernández eta Gorka Mayor Lópezekin batera.
De Ibarrak azpimarratu duenez, "Bere heriotzaren ondoren egiten den lehen erakusketa da gaur aurkezten duguna. Geografiko-Biografiko"erakusketarekin artistaren memoria berreskuratu eta balioan jarri nahi dugu, horrela, hurrengo belaunaldiek Ricardo Tojaren irakurketa didaktikoa izan dezaten. Gainera, Ricardo Toja erakusketak gure lurraldeko eta gure herrialdeko artearen historiaren zati bat berreskuratzen laguntzen duela uste dugu."
Ricardo Toja margolariaren erakusketa "geografiko-biografikoak" berrogei lan esanguratsu biltzen ditu pintura eta marrazkien artean, eta Ricardo Toja Landaluceren (Gordexola, 1932 - Plentzia, 2012) heriotzaren hamargarren urteurrena gogorarazten du.
Ondare Aretoan ikusgai dauden lanak bilduma partikularretatik eta bilduma publikoetatik datoz, besteak beste Bilboko Arte Ederren Museoa, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Merkataritza Ganbera eta BBK Banku Fundaziotik.
Erakusketaren inguruan bi ikus-entzunezko ekoitzi dira. "Abededario para Ricardo Toja Landaluce", Miguel Toja Aguirrek egina. Ikus-entzunezko honek Tojak Bilboko BBK Gelan aurkeztu zuen marrazki-erakusketaren katalogorako Bernardo Atxagak 1992an idatzitako testu zabala berrinterpretatzen du. Bigarren ikus-entzunezkoan, Jesus Serranok eta Idoia Jauregik egin zutena eta 2010ean grabatu zena, artistak berak orain Ondare Aretoan egin den erakusketaren ibilbide "geografiko-biografikoa" azaltzen du.
Artistak "geografiko-biografiko" gisa definitu zuen erakusketak Ricardo Tojak bere bizi-kokapenekin lotu nahi izan zuen ibilbide artistiko baten irudi adierazgarriak aurkezten ditu: lehenengo urteak Gordexolan, gero Lutxana, Kanariak, Bilbo, Madril, egoitza artistikoa Oslon, Arabako Menagaraiko etapa eta, azkenik, Plentzia. Geografia horiek bere markatu zuten eta erakusketaren argumentu-hariari eusten diote.
Afektuen eta debozioen pintorea, bere koadro eta pinturetan ohar autobiografikoak ikusten ditugu, bai gaien aukeraketan, bai pinturari ezarritako ordena eta denboran. Ricardo Tojak zioen margoa "pintatzeko da eta, zorterik izanez gero, beste batzuek ikusteko. Eta kito". Posizio horretatik, bere biografiari lotutako irudiekin lan egiten zuen, pintura bere oroimeneko une eta oroitzapen biziekin lotuz.
Bernardo Atxagak dioenez, "afektua bere koadroen barruan dago eta bere motiboetako bat ere ez da kasuala. Denek jaiotzako haranera, neurera, berera, askorenera eramaten dute". Eta idazleak honako hau gehitzen du: «Tojak badu indar bat barru-barruraino eta bildura bultzatzen duena, eta badu, halaber, munduaren pisuari ihes eginez, ordenatzen eta geure baitan zerbait ordenatua sortzen lagunduko diguten paisaien bilaketa».