RLEG ekimena, Eusko Jaurlaritza buru delarik, Bilboko Euskalduna Jauregian bildu da gaur goizean, Europar Batasunean legegintza-eskumenak dituzten eskualdeen errekonozimendu handiagoa defendatzeko. Bertan, egungo sistemari hainbat hobekuntza zehatz egin zaizkio, gaur onartutako Bilboko Adierazpenean jasotzen direnak.
RLEG ekimenaren goi-mailako ekitaldi horren esparruan, lehen aldiz formatu presentzialean, Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin die Azoreetako, Kataluniako, Korsikako, Flandesko, Aland uharteetako, Balear Uharteetako, Madeirako eta Valentziako presidenteei eta goi-ordezkari politikoei.
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, "egungo kudeaketa-eredua eraginkorragoa izango da eragile gehiago biltzen baditu; izan ere, bere ustez, aniztasunak aberastasuna ematen dio Europari, ezin da alde batera utzi txikixeagoa dena, txikia izateagatik bakarrik. Europa heterogeneoa, anitza eta plurala da. Hala izan behar dute erabakitzeko organoek ere”. "Gaur onartutako Bilboko Adierazpena urrats berria da helburu komun bat lortzeko bidean: erakunde pluralagoak, irekiagoak eta parte-hartzaileagoak izatea. “Europako herritarrentzat eraikitako erakundeak. Aniztasunari leku eta parte-hartze handiagoa ematen dioten erakundeak”, erantsi du. Ildo horretan, Iñigo Urkulluk legegintza-eskumenak dituzten eskualdeei eta konstituzio-nazionalitateei Europako gobernantzan zeregin berezia aitortzea eskatu du. Lehendakariak ez ezik, Jan Jambon Flandriako presidenteak, Gilles Simeoni Korsikako presidenteak, Harry Janson Aland Uharteetako lehendakariordeak, Meritxell Serret Kataluniako Kanpo Harremanetarako eta EBrako sailburuak, eta Valentziako Erkidegoko, Balear Uharteetako, Azoreetako eta Ma-deirako idazkari nagusiek eta Kanpo Arazoetako zuzendari nagusiek ere parte hartu dute. RLEG ekimena botere legegileak dituzten eskualdeetako eta autonomietako 17 gobernuk osatzen dute, eta horietako askok herriak edo nazioak ordezkatzen dituzte estatu kideen barruan.