Gipuzkoa

San Sebastian Eguna: Haur Danborrada distiratsuak Donostia bete du

Eguraldi ona lagun izan dute ostiral eguerdi honetan Haur Danborradan parte hartu duten 4.731 donostiarrek; pandemia ondoren gauzaturiko lehen desfile bateratua izan da
2023ko Haur Danborrada, prest.

Eguzkia, algara, ilusioa, urduritasuna eta danbor eta barril hotsak; horiexek izan dira ostiral goiz honetan nagusi Alderdi Ederren. 12.00etan hasiera eman dion Haur Danborradaren aurrekari zaratatsua izan zen, baita 2021ean eta 2022an falta botatakoa ere. Hiru urte zain eman ostean, iritsi zaie, azkenean, hiriko txikiei ohiko ospakizunean Sarriegiren martxa jo eta festaz gozatzeko. Eguraldiak ere festari mesede egitea erabaki du, eta eguzki-izpien isla ikus zitekeen nonahi.

Goizeko 11.30ak inguru, bertan ziren jada danborradan parte hartzeko prest 41 ikastetxe eta elkarteetako haur gehienak, den denak aurreko asteetan tentuz prestatutakoa abian jartzeko irrikan. “Asko entseatu dugu”, aitortu dio egunkari honi Aldapeta ikastetxeko 11 urteko Marina Sierra ikasleak. Gabonetatik prestaketa lanetan aritu ondoren, gogotsu zegoen barrilen zuzendari gisa “kalean soinu asko egiteko”.

La Tamborrada Infantil toma las calles del Centro de Donostia Ruben Plaza

Barrilen arduraduna izan da, baita ere, Naroa Aduriz, La Salle Ikastetxeko taldearena hain zuzen ere. 10 urteko ikaslearentzat hirugarren partaidetza izan bada ere, esperientzia izateak ez dio ilusioa gutxitu; eskolan “larunbatetan entseatzeaz” gain, “etxean ere aritu naiz”, kontatu du irribarretsu.

Beste batzuentzat, aldiz, danborradan arituko ziren lehen aldia izan da, eta horrek, batzuetan, urduritasuna ere ekartzen du. Halaxe zebilen Jesuitetako bederatzi urteko Izaro Iturbe ikaslea, kantinera gisa irten baino minutu batzuk lehenago. Hori bai, “gogo handia daukat”, adierazi du. Entseguei dagokienez, bitara bertaratu omen da, azken bi orokorretara, kantinera izanik, ez zeukalako abestiak jotzen ikasi beharrik.

Ikastetxe bereko 11 urteko Nora Rios, aldiz, gehiagotan aritu da prestatzen. “Entsegu asko egin ditugu” dio haurrak, barrila jotzen irteteko atarian. Oraingo honetan ere, elkarrizketatutako gainerako txikiek emandako erantzun berbera jaso genuen: Donostiako erdigunetik desfilatzeko “gogo handiz” zegoen bera ere.

Danborrada hasteko minutu gutxi batzuk falta direla, Alderdi Ederren zuriz, gorriz, berdez, urdinez, horiz zein beltzez jantzitako jendetza geroz eta animatuago antzematen zen. Talde bakoitzak euren ikastetxeen aldeko kantuak egiteaz gain, gogor astintzen zituzten makilak danbor eta barrilen kontra megafoniatik haien zentroen izenak entzutean.

12.00ak baina hiru minutu lehenago, udaletxeko balkoian azaldu eta ohiko pertsonaien hizketaldia etorri da; aurten, eginkizun hori Zurriola ikastolari egokitu zaio. Nolako Donostia gura duten izan zuten hizpide guztiek: “euskaraz mintzatzen den” eta “aniztasunari erantzuten dion hiria”, Irati Martinez jeneralaren esanetan; “pertsona guztien berdintasunagatik borrokatuko dena” nahi dutela adierazi du Lorea Lasala hiritarrak, baita natura zaintzeaz arduratuko dena ere, “itsaso urdina eta mendi berdeak dituena”. “Gure esku dago etorkizuneko Donostia!”, azpimarratu du Unai Barros laguntzaileak.

Azkenik, Xebastian Jauregi alkateak aupak eta bibak bota ostean, Sarriegiren martxaren bertsio berezia kantatu du, euskarari behar bezalako balioa eman beharra aldarrikatu du hitz ederrekin josia.

Orduantxe, 12.00ak puntu-puntuan zirela, Orixe ikastolako Paul Martinez Pey Danbor Nagusia prest agertu da Udaletxeko balkoiaren erdigunean. Berriro ere, San Sebastian Martxa nagusi; alaitasunez jarraitu zituzten gainerako 4.700tik gora haurrek haren aginduak.

Inaugurazio-ekitaldia amaitu ahala, desfilatzen hasteko garaia etorri da. Alderdi Ederretik irten eta Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Urbieta kalea, Prim kalea, Bergara kalea eta Idiakez kalea zeharkatu dituzte, ibilaldi burrunbatsua Gipuzkoa plazan amaitzeko. Aurreko egunetako zalantzak zalantza, ondo merezitako eguna gozatu dute ostiral honetan donostiar txikienek.

21/01/2023