Gipuzkoa

San Sebastianak ospatuko dituzte Zarauzko Urteta auzoan

Jaiak bihar hasiko dira Meza Nagusiarekin eta datorren asteko igandean amaituko dira
Urteta auzoko mus txapelketa. | ARGAZKIA: ZARAUZKO HITZA

Zarauzko Urteta auzoak San Sebastianak ospatuko ditu bihartik aurrera. Horretarako bost egunetarako ekitaldiak prestatu dituzte.

Gauzak horrela, lehen ekitaldia biharko Meza Nagusia izango da 10.30etik aurrera. Ondoren, 11.00etan hamaiketakoa egingo dute, auzo elkartean eta goiz osoan zehar Amets Etxaide eta Irati Orbegozo izango dira giroa alaitzen. Igotzeko autobusa egongo da goizeko 10.00etan eta jaisteko eguerdiko 13.30ean izango da.

Gauean, 21.00etatik aurrera bertso afaria egongo da auzo elkartean. Bertsolariak Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso izango dira eta Aratz eta Mariak jotako doinuekin alaituta egongo da. Lehen eguna amaitzeko erromeria izango da goizekok ordu txikiak arte.

Etzi, 16.00etatik aurrera Urtetako XXIII Mus Txapelketa Azkarra jokatuko da. Izen-ematea 20 eurokoa izango da. Igandean, 10.30ean meza egingo dute eta 11.00etan hamaiketakoa, auzo elkartean. Gero, herri kirol festa egongo da Izeta Harrijasotzaile Eskolako neska-mutilen eskutik eta goiza amaitzeko sokatira desafioa izango da auzoko Neska-Mutil ardoaren eta ezkonduen artean. Goiz osoan zehar Aratz eta Maria trikitilariak egongo dira. Igandean joateko autobusa 10.00etan eta 12.00etan izango da eta bueltatzeko 14.30ean. Egunarekin amaitzeko erromeria egongo da Elustondo anai arrebekin 18.30etik aurrera.

Datorren asteko larunbatean kontzertuak egongo dira auzo elkartean 22.30etik aurrera. GZR eta Fan&Go taldeak arituko dira bertan. Joateko autobusa 22.00, 22.30 eta 23.00etan izango da eta bueltatzeko 1.30, 2.30 eta 3.30ean.

San Sebastianetako azken eguna 29a izango da eta egun horretako ekitaldia eguerdian izango da. Neska-Mutil ardoko kideek omenaldi bazkaria eskeiniko diete auzoko edadetuei.

20/01/2023