Buscar
Actualidad

Sanchez Chavesen eta Griñanen alde: “Ez zuten zentimo bakar bat eraman”

Espainiako presidenteak ez du ezer esan nahi bere bi alderdikideen aldeko balizko indultuaren inguruan

donostia

– Andaluziako enplegu-erregulazioko espedienteen auziagatik Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñán presidente ohiei ezarritako zigorraren aurrean, Pedro Sanchezek argi salatu zuen “zintzoak zigortu dituztela bekatarien ordez”. Varsoviako Espainia eta Poloniaren arteko goi-bileraren amaieran, lehenengoa ezgaitzen duen eta bigarrena kartzelara bidaltzen duen epaiaren edukia sakon aztertu gabe, irailera arte “kausak zeintzuk diren ez dela argi eta garbi jakingo” adierazi zuen PSOEko buruak. Zehaztu ere egin zuen, bi buruzagiek euren erantzukizun politikoak orain bost urte baino gehiago utzi zituztela, eta ez dituztela kondenatu ezta salatu ere, “aberastu izanaz, euro zentimo bakar bat eraman izanaz, edota alderdi politikorik irregularki finantzatu izateagatik”. “Garbi geratu da, beraz, ez zela aberaste pertsonalik egon, ezta alderdi politikoen finantzaketarik ere; dimisioak bai, aurkeztu zituzten duela bost urte baino gehiago, erantzukizun politikoak bere gain hartuz”, nabarmendu zuen Sanchezek.

Bere Gobernuak ustelkeriarekin hitzez eta egitez “garbi eta gupidagabe” jokatzen duela aipatu ondoren, gogora ekarri nahi izan zuen, hain zuzen ere horrexegatik gaitzetsi dituela EEEen kasuan, Andaluziako Gobernuak eta Andaluziako Parlamentuak ehunka langileri laguntzeko sortutako mekanismo batez baliatu zirenen portaera okerrak. “Ez Chavesek, ez Griñanek, ez zuten inolako zerikusirik izan lehen esandakoarekin. Esango nuke, oraingo honetan, bai Chavesen kasuan, bai Griñanen kasuan, bidezko jokaera izandakoek pagatu behar dutela bekatarien zigorra”, azpimarratu zuen. Ez zuen, gainera, indultua eskaintzeko aukerarik baloratu nahi izan, hori “etorkizun hipotetikoa delako” eta euren defentsek egin beharreko urratsak errespetatu behar direlako; inolaz ere, Espainiako Gobernuak beti legearen baitan eta Justiziarekin elkarlanean jardungo duela berretsi zuen.

pp, indultuaren aurka

Bestalde, Elias Bendodo PPko koordinatzaile nagusiak aipatu zuenez, Sanchezen Gobernuak tankera horretako graziazko neurrien aldeko hauturik ez egitea espero omen du; eta ironiaz adierazi zuen ea Konstituzio Auzitegia berritzeko “presak” ez ote duen gai horrekin zerikusirik izango. Bere esanetan, epai horrek “amaiera ematen omen dio, demokraziaren historiako ustelkeria kasurik handiena” eragin, eta Andaluzian gobernu sozialistaren menpean bizi izan zen “aro beltzari”. – M. Tolosa

Etiquetas
2022-07-29T07:12:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo