Aurten, normaltasunera itzultzearekin batera, Santa Ana eguneko ekitaldien egitaraua areagotu egin da eta ekintzak, parodia barne, ohiko lekura itzuliko dira: Okendo plazara.
Lasarte-Orian tradizio handia duen jai honen egitaraua igandean zabalduko da Okendo eta Mercero plazetan antolatu den Santa Anako XXXVII. Artisautza Azokarekin. Eskulan eta janari postuak 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara zabalik egongo dira.
Gainera, igandea girotzeko Santa Anako pintxoa eskainiko da taberna hauetan: Arkupe, Zubieta, Herriko Etxea, Lasarte, Buenetxea eta Alai. Pintxoen osagai nagusiak piperra eta bakailaoa izango dira eta 2,50 eurotan salgai ipiniko dira.
Ekintzek asteartean jarraituko dute, Santa Ana egunean. Honela, 11.00etan Brigitarren komentuan, meza tradizionala egingo da. Ondoren, Ttakunek hamaiketakoa eskainiko du.
12.00etan, Agurra dantzatuko da Santa Anako karkaban Erketzen eskutik.
Arratsaldean, 17.30ean, Loidibarren frontoian, Santa Anako Pala Torneoko finalak jokatuko dira. Ekainaren 6an hasitako XXIX. Santa Ana pala txapelketan sei bikote izan dira lehian. Txapelketari amaiera emateko, uztailaren 26an hirugarren postua Jagoba Mendizabal-Julen Urruzola eta Iñaki Castro-Eneko Mendizabal bikoteen arteko norgehiagokan erabakiko da eta final handian Artetxe anaiak Arteaga lehengusuen aurka lehiatuko dira. Erketz taldeak aurreskua dan-tzatuko die jokalariei.
Azkenik, 18.30ean, herriko hainbat kaletan parodiako aktoreen desfilea burutuko da eta 20.30ean parodia hasiko da Okendo plazan. l