Asteartean pandemiaren ondorengo lehen Santa Lu-tzi feria ospatuko da Urretxun eta Zumarragan. 311 salmenta postu egongo dira. Gainera, makina bat ekitaldi antolatu dira.
Festa 8.00etan hasiko da, ganadu eta nekazaritzako tresneria ferien irekierarekin. Urdaneta hiribidean eta La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan izango dira. 9:00etan gainontzeko azokak irekiko dira: fruta, barazkiak eta errezil sagarrak Zumarragako Euskadi plazan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan, eskulanak Urretxuko Iparragirre kalean eta Zumarragako Euskadi plazan eta Zelai Arizti pilotalekuan, ardoa Iparragirre plazan eta oilasko, kapoi eta ezti lehiaketak Areizaga-Kalebarren plazan. Toki berean, 13.30ean, fruta, barazki, errezil sagar, ezti eta ganadu sariketetako sariak banatuko dira.
Musika ere ez da faltako. 9:00etan Urretxuko Lizarriturri txistulari elkarteak eta Iratzarri taldeko dultzaineroek kalejira egingo dute. 10.30etik 12.30era, berriz, Secundino Esnaola musika eskolako trikitilariek kalejira egingo dute bi herrietan. Musikariekin bukatzeko, 11.30etik aurrera Zumarragako musika bandakoak eta Antxiñako Ama txistulari taldekoak izango dira kalejira egingo dutenak.
Kirol ekitaldiei dagokionez, 12.30ean herri kirol jaialdia egongo da Ederrena pilotalekuan eta 17.30etik aurrera profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira toki berean. Herri kirol jaialdiko sarrera doan izango da. Xabier Zaldua zumarragarra eta Hodei Ezpeleta, Julen Aranberri zumarragarraren eta Mikel Larrañagaren aurka lehiatuko dira aizkorarekin. Jaialdian Irati Astondoa eta Maika Ariztegi aizkolariek eta Olaia Esnaola, Aroa Sanchez, Imanol Lartain eta Joseba Ostolaza harri-jaso-tzaileek ere parte hartuko dute.
17.30ean, profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira toki berean. Bi partida jokatuko dira. Bata binakako txapelketa nagusikoa izango da eta bestea binakako promozio txapelketakoa. Txapelketa nagusiko partidan, Jaka eta Arangurenek, Altuna III eta Tolosaren aurka jokatuko dute. Promozio txapelketako partidan, berriz, Bakaikoa eta Morgaetxeberriak, Egiguren V eta Erostarbe urretxuarraren aurka jokatuko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude, entradasfronton.com webgunean. Egunean bertan, Ederrenako leihatila 16.30ean irekiko da.
Gainera, 13.30ean artzain txakur erakustaldia egingo dute Zubimusu plazan (aurtengo ardiekin izango da) eta 18.00etan Urretxu eta Zumarragako idi proba txapelketako finala jokatuko da Zumarragako plazan. Iker Zubillaga Igeldoren, Egoitz Armaolearen eta Asier Izagirre Ipeñarrietaren idiek parte hartuko dute.
Bi udalek herritar eta bisitarien parte hartzea sustatzen duten ekitaldiak ere antolatu dituzte: argazki rallya eta Non dago Wally? jolasa, hain zuzen ere. Argazki rallyan parte hartu nahi dutenek, egunean bertan eman beharko dute izena: 9.00etatik 10.00etara, Urretxuko udaletxean. Non dago Wally jolasari dagokionez, Wally eta bere hiru lagunak aurkitu eta argazkia ateratzen dietenek feriako produktuen zozketan parte hartuko dute.
Aurreko egunetakoak
Feria asteartean izango da, baina aurreko egunetarako ere ekitaldiak antolatu dira. Igande eguerdian Zumarragako Euskadi plaza inauguratuko da. Egun berean, 19.00etan, Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Astelehenean, berriz, Arabako Errioxako ardo azoka eta dastaketa egingo dituzte Urretxun.
Feria atzo aurkeztu zuten. Ekitaldian Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak parte hartu zuten. Biek feria bisitatzera eta erosketak egitera animatu zuten jendea. Bisitariei garraio publikoa erabiltzeko eskatu zieten.