Buscar
Cultura

Santiago lerro zuzenean II

Santiago hiria bizikletaz gurutzatzean inurri bat sentitzen zara bere neurrira egina ez dagoen mundu bat zeharkatzen. Hala ere, hiria hobeto ezagutzeko aukera ematen du
La Vega Central azokaren barnekaldea.
La Vega Central azokaren barnekaldea.

Ostiral arratsaldea da eta erabakia hartua dugu, asteburua txiletarren herena biltzen duen hiri erraldoi honetatik kanpo igaroko dugu. Aire garbi pixka bat arnasteko beharra dugu, eta Santiagon hori zaila da smog-a tarte baterako ezkutatzen duten euririk eta haizerik egiten ez badu behintzat. Autobus geltokira bidean gaude, apurtxo bat urrun badago ere, bizikletaz. Metro geltoki bat dugu hemen parean, baina nola esan, gatazkatsua da metroarekin dudan harremana. Gaurkoa bezalako ostiral batez, lagun batzuekin Santiago erdialdean biltzeko asmotan metro geltokian sartu nintzen, ustez garraiobide moderno, eraginkor, atsegin eta azkarra zelakoan. Jende pilaketak imajina nitzaken, baina nire imajinazioak muga batzuk dauzka. Errazagoa da Sanferminetako txupinazoan Iruñeko udaletxeko plaza gurutzatzea puntako orduan Santiagoko metroa hartzea baino.

Bidea pixka bat luzatzea bada ere, hobe ibaiaren albotik joaten bagara, bertan bidegorria baitago. Bidegorria ez dago gaizki, kilometro luzez egiten du aurrera etenik gabe eta belar pixka bat du alboetan. Txori ausarten bat edo beste ere ikusten da. Paseo lasaigarria izango litzateke alboan doan Andres Bello etorbideko sei erreitatik datorren zaratagatik ez balitz. Ibaiak ere ez du gehiegi laguntzen ibilbidea hobetze aldera. Ibaia, edo bueno, zera marroi hori. Zabor likidoa ote? Grease filmeko irudi bat datorkit burura, larruzko jakaz horniturik auto distiratsuekin urik gabeko kanaletan lasterketa egiten zuten hura. Ekaitzetan eta elur urtzeekin, Mapocho ibaia lerro ziztrin bat izatetik piztia basatia izatera igarotzen da, eta eragin dituen hamaika uholdeen ondorioz, porlanezko kaxa batean igarotzera zigortu dute betiko.

Santiagoko tren geltoki nagusia.

Santiagoko tren geltoki nagusia. E.E.

Txis pun! Amaitu da bidegorria. Edo desagertu, lurrundu, auskalo nora joan den. Baquedano plazan gaude, Plaza Italia bezala ezagunagoa. Santiagotarren bilgune nagusia da, ospakizun zein protestetarako erakusleihoa. Ez da kasualitatea, izan ere hiriaren erdigunean egoteaz gain, inflexio puntua ere bada. Bertakoek, ‘Italia plazatik gora’ edo ‘Italia plazatik behera’ esamoldea erabiltzen dute Santiago aberatsa edo Santiago xehea adierazteko. Orain goazen bezala mendebalderantz joanda parke eta zuhaitzak gero eta urriagoak dira, etxeak apalagoak, kaleak nahasiagoak. Jende mota ere aldatuz doa, atzean geratu dira ilehoriak, abizen alemaniar eta euskaldunak, eta jendearen azala ilunduz doa, traza indigenak nabariagoak dira. Santiago izaten jarraitzen du, baina bestelako Santiago bat hasten da.

Bertako lagun batek azaldu zigun Santiagotarrak bere comuna-n (hiri barneko udalerriak) bizitzera ohituak daudela eta asko jota albokoetara joaten direla, baina ez urrunago. Izan ere, ekialderantz jotzen badute, hiriaren inguru garestiegi batean sartzen dira. Mendebalderantz jotzen badute aldiz, eurentzako txiroegia den hiriaren zati batera iritsiko lirateke, arriskutsuegi batera. Hasiera batean esajerazio bat iruditu bazitzaidan ere, mendi irteera batean ezagutu genituen gazte batzuk (ekialdean bizi zirenak, zona aberatsean) aitortu ziguten ez zirela inoiz joan Santiago erdialdean dagoen La Vega Central azokara beldurragatik, niretzako hiriko lekurik interesgarrienetako bat.

Santiago eta bizikletak, maitasun eta gorroto istorioa.

Santiago eta bizikletak, maitasun eta gorroto istorioa. E.E.

Bidegorria amaitu denez, orain bizikletaren eskulekuari tinko heldu, pedalei indartsu eragin eta La Alameda izenez ezaguna den errepide nagusietako batetik joan behar gara trafiko arriskutsuarekin borrokan. Hori edo metroa hartu. Zalantzarik gabe, autoekin borroka nahiago. Zorionez semaforoetan auto-gidarien umore txarra (eta poltsikoak) arintze aldera euren hogei segundoko ikuskizunak antzezten dituzten malabarista apartak topa daitezke. Telebistako iragarkiak bezalakoak dira, edozein unetan agertzen dira, baina kasu honetan interesgarriak dira eta labur laburrak. Batzuen maila ikaragarria da, artista hutsak.

Etxeak amaitu eta palmondo eta zuhaitzez beteriko muino bat agertu da gure eskuinetan. Cerro Santa Lucia da, hiri barnean harrapatua dagoen mendixka bitxi bat. Historialarien arabera, gaur egun lorategia eta hiri parkea den koxkor honetan bertan erabaki zuen Pedro de Valdivia konkistatzaileak etorkizunean milioika pertsona bilduko zituen hiria sortzea, Santiago de Nueva Extremadura.

Santiagoko kale koloretsu bat.

Santiagoko kale koloretsu bat. E.E.

Aspaldiko kontuetatik, ez hain zaharretara egin dugu jauzi kilometro baten ostean. La Moneda jauregiaren aurretik igaro gara, Txileko errepublikako Presidentearen egoitza. Bertan eman zuen Salvador Allende presidenteak bere azken hitzaldi ospetsua irrati uhinen bidez eraikina estatu kolpeko jarraitzaileez inguraturik zegoenean. Bonbardaketa etorri zen jarraian, bere buruaz beste egitea eta 17 urteko diktadura ondoren. Hitzaldian aipaturiko alameda handian behera goaz, libre.

Azkenean iritsi gara, izerdia eta autoetako ke nahastearekin autobus geltokira, terminal-era. Zoramen pixka bat autobus-txartelak erosteko, beste pixka bat gure nasa topatzeko eta atzean utzi dugu hiriko anabasa. Gero arte Santiago.

Etiquetas
2023-02-02T16:58:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo