Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta aurreko bi edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren, Bilbok Santo Tomas azoka berreskuratuko du. Hala, Areatzak ohiko etxolak jasoko ditu asteazken honetan, abenduak 21.
Ekitaldi jendetsu hau normaltasun osoz joan dadin, Bilboko Udalak antolamendu berezi bat ezarriko du, eta hurrengo egunera arte iraungo du, egunera arte, abenduak 22. Antolamendu horretan parte hartuko dute Herritarren Segurtasuneko Sailak, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak, Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Sailak eta Kontsumo Sailak.
Jai garbi, seguru eta erasorik gabeko bat izan dadin da Udalaren xede nagusietako bat, eta, aurten ere, horretarako, gomendatzen du garraio publikoa erabiltzea Bilbora nahiz jai-esparrura sartzeko.
Aldaketak zirkulazioan
Goizeko 7:30etik hasi eta 22:30era arte, gutxi gorabehera, itxita egongo dira zirkulaziorako Zingira kalea (Ernesto Erkoreka plazaren parean), Erribera (Mesedeetako zubiaren parean) eta Areatzako zubia (Bailén kalearen parean).
Goizeko 9:30era arte, inguru hartan dabiltzan garraio kolektiboko ibilgailuak eta Bilbobusen lineetako autobusak igaro ahalko dira; baina, ordu horretatik aurrera, programatutako ordezko ibilbideak ezarriko dira, eragiten zaion lineetako bakoitzarentzat.
Zazpi Kaleetan zamaketa-lanetarako sartzen utziko da 11:00etara arte, salbu eta Udaltzaingoak jendetzarengatik eragozten duen kasuan.
Plaza Berriko aparkalekura eta Epaltzaren Alargunaren kaleko, Prim kaleko eta Erribera kaleko erkidego-garajeetara sartzea Udaltzaingoaren iritzira izango da, betiere biltzen den jende-multzoaren arabera ahal bada.
Behin Erkoreka plazatik sartzeko bidea itxitakoan, seinalisten esku egongo da dute Prim-Dolaretxe inguruko aparkalekuetara Prim eta Aurrekoetxea kaleek bat egiten duten bidegurutzetik igarotzen uztea edo ez.
Erkoreka plazatik Areatzako aparkalekura sartzea zilegi izango da, salbu eta Udaltzaingoak segurtasunagatik eragozten duen kasuan, eta sarbide hori itxita egongo da San Nikolas plazako sartze eta irteteengatik.
Era berean, 10:30etik 22:30era, gutxi gorabehera, bidea itxita egongo da zirkulaziorako Bailén kalean Erripa kalerako eta Plaza Biribilerako noranzkoan (garraio publikoa). Trafikoari kale hauetatik emango zaio ordezko bidea: San Frantzisko-García Salazar-Hurtado Amézaga, Plaza Biribileraino.
Zirkulazioan ezarriko diren aldaketa eta murriztapen horiek aldaketak eragingo dituzte garraio publikoan; nolanahi ere den, gogorarazi behar da garraio publikoan nahitaezkoa dela oraindik musukoa erabiltzea.
Bilbobus
Urtero legez, Areatzako jai-esparrua ixteak aldaketa puntualak eragingo ditu Bilbobuseko 20 lineatan: 03, 11, 22, 28, 30, 40, 56, 58, 62, 71, 72, 75, 77, 85, A1, A2, A5, A7, A9 eta I5.
Areatzatik igarotzen diren autobusen zerbitzua goizeko 09:30etara arte normaltasunez eskainiko da (ahal dela, betiere) eta ordu horretatik aurrera, programatutako ordezko ibilbideak ezarriko dira.
Bilbobusek laneko egun bateko ordutegi eta maiztasunekin eskainiko du zerbitzua. Ibilbide berrien ondorioz, geraleku hauetan ez da zerbitzurik emango:
- Kale Nagusia, 8 (28, 72 eta A7 lineentzat)
- Zingira kaleko 5 zenbakiaren aurxxan
- Epaltzaren Alargunaren kalea, 1 / San Nikolas
- Areatza San Nikolasen aurrean
- Areatzako Zubia
- Areatza/Arriaga
- San Nikolas 4
- Unamuno
- Prim 22 bis
- Prim, 36.
Aldaketa hauei eta ordezko ibilbideei buruzko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, aldatutako geralekuetan, Udalaren webgunean, sare sozialetan eta 010 (944 010 010) telefonoan izango da eskura.
Bizkaibusak eta taxiak
Eremu honetatik ibiltzen diren Bizkaibuseko autobusen ibilbideetan aldaketak egongo dira kaleak ibilgailuen zirkulaziorako ixtearen ondorioz. Bailén kaleko geralekua zerbitzurik gabe egongo da 10:30etik aurrera, gutxi gorabehera, eta ordezkoa Hurtado de Amézaga kalean jarriko da. Informazioa webgunean.
Taxiei dagokienez, Areatza pasealekuko 4. zenbakiko geralekua bertan behera utziko da eta horren ordez Mesedeetako zubian jarriko da geraleku berria.
Tranbia
Tranbiaren zirkulazioa Arriaga eta Abando artean bertan behera utziko da 10:30etik zerbitzua amaitzeko ordura arte. Zirkulazioa horrela eragotzita, aldatu egin beharko dira tranbiaren ohiko maiztasunak eta ibilbideak, eta, hori dela eta, Euskotrenek gomendatzen die herritarrei kontsultatzeko ordutegiak aldez aurretik, bai aplikazio ofizialean, bai web orrialdean. Halaber 944 333 333 telefono-zenbakira deituz, edota Twitterreko kontuan, @euskotren.
Bilbaobizi
Arriaga plazako eta San Nikolaseko Bilbaobizi puntuetan ez da zerbitzurik emango egun osoan, eta ezin izango da ez bizikletarik hartu ez utzi. Gainontzeko puntuek normal funtzionatuko dute.
Garbiketa, hondakinak bereiztea
Horrelako ekitaldi jendetsuetan ohi duenez, Bilboko Udalak ahalegin berezia egingo du garbiketan eta hondakinak batzen, bermatzearren, hala, uria egoera ezin hobean egongo dela azoka-eguna ospatu bitartean eta ondoren.
Garbiketako eta Hondakinen Bilketako Zerbitzuak lanerako txandak, ekintzak eta lana bera antolatu ditu, ospakizuna ahalik eta jasangarriena izan dadin ingurumenarentzat eta Garapen Jasangarriaren Helburuen arabera izan dadin.
San Tomas eguneko garbiketarako operatibo berezia 193 lagunek osatuko dute, abenduaren 21eko goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan eta hurrengo eguneko goizeko txandan (abenduak 22); une horretan, operatiboa amaitutzat joko da.
Egun osoan zehar, sei langile ibiliko dira hondakinak jatorrian bereiztearen ardura gogorarazten eta edozein zalantzari erantzuten, salmenta-postu batzuetan eta besteetan, dela produktuak saltzekoetan, dela, batez ere, txosnetan, zeintzuk eduki-ontziz hornituko baitira hondakinak zein bere ontzi identifikatuan bereizita batzeko: organikoak, beira, papera eta kartoia, ontziak.
Langile horiek, gainera, egun osoan zehar, ontzi bakoitzean utzitako hondakinen kalitatea zainduko dute, eta neurtuko dute ea ez dagokion hondakinik ba ote den haietako bakoitzean, eta zenbateraino bete diren ontziak.
386 eduki-ontzi eta ontzi arrunt paratuko dira, hondakin mota batzuentzat eta besteentzat, hondakinak gaika batzeko: 86, organikoentzat; 70, ontzientzat; 82, paper eta kartoiarentzat; 124, beirarentzat eta 24, olioarentzat.
Egun osoan zehar, halaber, langileak ibiliko dira lurrean botatako hondakinen gaikako lehen bilketa bat egiten, direla beirazkoak, ontziak, organikoak...
Eta gaueko txandan, halaber, makinak jai esparrura sartu aurretik (direla erratz-makinak, urez garbitzeko makinak eta beste...) ostera ere bilduko dira hondakinak gaika lurretik, eta zein bere edukiontzira botako da, eta handik tratamendu-instalazioetara eroango.
Halaber, itsasadarreko barandan babes-sare bat jarriko da, jarduerak gauzatzen diren esparruetan, uretara hondakinik ez isurtzeko. Eta, horrekin batera, itsasadarreko garbiketa-ontzia garbiketa lanetan jardungo da egunean zehar.
2019an, 102,6 tona hondakin baino gehiago batu ziren; 28,6, beira-hondakinetan; 5,6, paper-kartoitan; 1,6, ontzitan; 0,4, oliotan; eta 66, errefusari dagokionetan.
Halandaze, Zerbitzuen eta Bizi-kalitatearen Sailak gogorarazten du, kontsumo arduratsua egin behar dela eta hondakin bakoitza (zaborra, papera, ontziak eta beira) dagokion zaborrontzian utzi behar dela, jatorrian birziklatzea errazte aldera eta jaia ingurumenarentzako jasangarritasunarekin ospatze aldera.
Herritarren segurtasuna
Ohikoa den moduan, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak antolamendu berezi bat ezarriko dute herritarren segurtasunaren arloan, eta Gabonetan eta merkealdietan egongo da indarrean. Antolamendu horrek aukera emango du urian jenderik gehien ibiltzen den lekuetako zainketa handitzeko, eta joan den asteburuan jarri zen abian; arreta berezia jarriko dio Santo Tomas ospakizunari, jendetza handia izango delakoan.
Beraz, egunean zehar, polizia-jantziz jantzitako patruilak ibiliko dira, polizia kidego batenak eta bestearenak, bai Areatza barruan, bai inguruetan. Patruila horien egitekoa disuasioa eta prebentzioa da.
Haiekin batera, berriz, polizia-jantzirik gabeko agenteak ibiliko dira, behar denean ekiteko prest, eta jaira bildutako pertsonei nahiz egun horretan lanean ibiliko direnei segurtasunik eza eragin ahal dieten egoerei aurre egiteko prest.
Halaber, azokaren inguru guztia zainduko da, kontrol finkoekin, hala nola Ernesto Erkoreka plazan eta Plaza Biribila eta Nafarroa kalea elkartzen diren gunean, herritarren segurtasuna une oro zaintzeko.
Aginte Postu Aurreratua Udaletxearen eraikin nagusiaren atzealdean egongo da, eta han koordinatuko dira larrialdiak eta esku hartzeak, halakorik egin beharra sortzen bada.
Ebasketak izaten dira deliturik usuenak, urian jende asko biltzen den egunetan, hala nola Santo Tomas egunean. Izan ere, 2019an, 27 delitu salatu ziren Bilboko Udaltzaingoan, abenduaren 21eko 6:00etatik abenduaren 22ko 6:00etara arte, eta gehienak (24) ebasketak izan ziren.
Hori dela eta, era horretako gertaerak saihesteko, Herritarren Segurtasuneko Sailak ohiko gomendioak egin ditu:
- Diru-zorroa agerian ez eramatea, eta jakaren barruko edo praken aurreko poltsikoan gordetzea; poltsak, berriz, kontrolpean izatea beti (hobe da gorputzari erantsita eramatea heldulekutik zintzilik eramatea baino).
- Behar-beharrezkoa den dokumentazioa baino ez eroatea, eta, ahal dela, dokumentazioa eta etxeko giltzak leku batean ez eroatea.
- Eta lapurretaren bat jasanez gero, salaketa jartzea Udaltzaingoan (telefonoa: 092) nahiz Ertzaintzan (telefonoa: 112).
Gainera, gomendatzen da Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarraibideei kasu egitea, eta edozein larrialdiren aurrean agenteengana jotzea; eta, halaber, arreta berezia jartzea adingabeei, adinekoei edo desgaitasunen bat dutenei.
Bestalde, Udalak erantzukizun aktiboa eskatu nahi die herritarrei eta gizarte eragileei, edozein eratako eraso sexisten aurrean tolerantziarik eta inpunitaterik izan ez dezaten. Gainera, gogoratu du Bilboko Udaltzaingoak abian jarrita daukala ‘AgreStop/EraStop’ aplikazioa, gerta daitezkeen gorabeherak berehala jakinarazi ahal izateko eta poliziaren esku-hartzea modu automatikoan abian jartzeko.
"Maite Jokoa" puntu morea Areatzan
Eta, amaitu aurretik, esan beharra dut Bilboko Udalak ostera ere ezarriko duela, jai jendetsu honetarako, eraso sexisten kontrako informazio gunea, joan den Aste Nagusian ezarri zuen bera. Arriaga Antzokiaren aurrean, Areatzako Txurro-dendatik gertu, karpa bat egongo da, eta herritarrek, han, informazioa izango dute, jakiteko zer baliabide baliatu ahal izango duten eraso sexista baten biktima edo lekuko izatea gertatzen bazaie.
Postu horrek "Maite Jokoa" du izena, eta sexu-hezkuntzarekin zerikusia duten mezuekin egongo da dekoratuta; photocall moduan baliatuko da, gazteen eta helduen kuadrillek argazkiak eta bideoak egin ditzaten puntu more horretan, eta gonbita egingo zaie sare sozialetan heda ditzaten #SoloSÍEsSi #BakarrikBaiDaBai #MaiteJokoa hashtag-arekin.
Puntu more horretan, sexu-hezkuntzaren arloko gomendioak emango dira, tonu arin eta jostari batekin, eta, gainera, formazioa duen jendea egongo da informazioa ematen, jakiteko nola jokatu sexu-eraso bat gertatuz gero, eta larrialdietarako telefono zenbakiak emango dira, eta harrera egingo zaio edonori, beharra izanez gero.
"Maite Jokoa" puntu morea 12:00etatik 14:30era egongo da irekita.
Elikagaien kontsumoa eta segurtasuna
Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko teknikariek eta ikuskatzaileek elikagaien banaketa eta salmenta-puntuak bisitatuko dituzte San Tomaseko Azokan, saltokiek araudietan eskatzen diren baldintza higieniko-sanitarioak betetzen dituztela bermatzeko eta saltzeko dituzten produktuen kalitate sanitarioa, jatorria, erakusketa, kontserbazioa, etiketak edo identifikazioa eta jatorrizko agiriak behar bezala daudela ziurtatzeko.
San Tomas Azokako operatibo berezi horrekin batera, kontrol higieniko-sanitarioko neurriak daude, programatutakoak, alegia, inguruetako jatetxe, taberna eta kafetegietako, Erriberako Merkatuko saltokietako, eta elikagaiak saltzen dituzten gainerako establezimenduetako aldiroko ikuskapenak.
Bestalde, kontsumo-jarrera arduratsua izateko eta neurriz gastatzeko helburuarekin, Osasun eta Kontsumo Sailak aholkatu nahi du elikagaiak edota edariak saltzeko dagokion administrazio-baimenik ez duten saltoki edo dendetan erosketarik ez egitea. Era berean, behar-beharrezkoa erostea, erosketak mailakatuta egitea, etiketak argiak izatea eskatzea edo “bidezko merkataritzako" produktuak kontsumituta (ingurumena, haurren eskubideak eta, gizon-emakumeen berdintasuna errespetatzen dituztenak).
Azkenik, gogoratu garrantzitsua dela erositakoaren faktura edo tiketa gordetzea; izan ere, faktura ezinbestekoa da bermeak erabiltzeko edo erreklamazioak jartzeko.