Athleticek ez dau Europan jokatuko hurrengo denporaldian, bosgarrenez jarraian. Beraz, denporaldi honen balorazinoa ezin da ona izan. Txarra bere ez, baina ona ez. Dinoe lehiaketak talde bakotxa jagokon lekuan izten dauela eta hogeta hamazortzi partidu jokatu ostean, talde zuri-gorriak sailkapeneko zortzigarren postuan amaitu dau 21-22 denporaldia. Marcelino Garcia Toralen taldea ondo mereziduta geratu da Europatik kanpo, norgehiagoka erabakigarrietan huts egin dauelako. Egia esateko, benetako mirari bat izango zan Conference Leaguerako txartela eskuratzea denporaldian zehar hainbeste opari egin eta gero. Sevillaren zelaian jokatu eta galdutako partiduak barriro itxi ebazan agirian talde honek erasoko jokoan dituen gabeziak. Zaharrak barri. Lehiaketako azken hamar jardunaldietan erabagiten dira gauzak eta Athleticek hamabost puntu baino ez dauz eskuratu azken hogeta hamarretatik. Garbi dago, uzta makalegia dala Europarako sailkatzeko.
Athleticek Europako lehiaketak jokatu behar dauzela esan dabe Ricardo Barkalak eta Iñaki Aretxabaletak prentsaren aurrean egin daben lehen agerraldian, besteak beste, Europa diru iturri garrantzi-tsua dalako. Kontua da, ia gogoratu be ez dogula egiten noiz jokatu eben zuri-gorriek azken aldiz nazinoarte mailan. Europarako sailka-tzea da helburua, bai, baina errealidadeak dinosku taldeak ez dauela bere helburua bete azken bost denporaldietan. Beraz, danok egiten deutsagu galdera berbera geure buruari: non dago talde honen mugea? Daukaguzan mimenakaz Europan egon gaitekez, ala behiak ez dau esne gehiago emoten? Marcelinoren taldearen ibilbide gorabeheratsuak danetarik pentsetako aukerea emon deusku. Denporaldiko une batzuetan, Kopan Bartzelonari eta Real Madridi irabazi ostean edota Reala jipoitu eta Atletico de Madrid menderatu ostean, zuri-gorriak edozein aurkariri irabazteko gauza zirala pentsau genduan. Txanponaren beste aldean, Cadiz, Rayo Vallecano, Getafe, Celta, Granada edota Valentziaren aurkako partidu negargarriek gure ilusino guztiak zapuztu ebezan.
Athleticek arazo handiak erakutsi dauz aurkariaren atea zulatzeko eta golik sartu barik ez dago zer eginik futbolean. Sailkapeneko lehen zazpi postuetan amaitu daben taldeek zuri-gorriek baino gol gehiago sartu ditue, Realak izan ezik. Adibidez, Vila-realek, Athleticen aurkari nagusiak Conference Leaguerako borrokan, hogei gol gehiago sartu dauz denporaldi honetan. Zuri-gorrien ezintasuna nabariagoa izan da etxetik kanpoko partiduetan. Marcelinok, baina, ez dau ezer aldatu bere planteamentuan eta betiko moduan eta betiko jokalariekaz jokatu dauz ia partidu guztiak, emaitzak nahi baino okerragoak izan arren. Ez dauz bide barriak jorratu aurkariaren atea zulatzeko. Eta jakina, betikoagaz, betikoa.
Entrenatzaile asturiarrak gaur edo bihar azalduko dau zein erabagi hartuko dauen hurrengo denporaldirako. Marcelino bera entzunda, eta Ricardo Barkalak eta Iñaki Aretxabaletak lehen agerraldietan esandakoak aztertuta, garbi dago Athleticek entrenatzaile barria eukiko dauela hurrengo denporaldian. Onerako izan daitela. Eta presidente barria aukeratzeko hauteskunde kanpainea be ez daitela kaltegarria izan erakundearentzat. Athleticeko bazkideek badaukie non aukeratu, bi barik hiru izango dira-eta presidente izateko hautagaiak. Lasterketea hasi besterik ez da egin.