Cultura

"Sari handiena lanean jarraitzea da"

Antzerkian, telebistan eta zineman dabil Loreto Mauleon. 'La máquina de pintar nubes' pelikula eta 'Goenkale' telesaila izan ziren bere pantailako lehen lanak. Geroztik, aktore donostiarra ez da geldirik egon; 'Gelditasuna ekaitzean' filma aurkeztu berri
Zuri-beltzean filmatu dute Alberto Gastesi zuzendariaren filma. Argazkian, Loreto Mauleon pelikulako fotograma batean.

Pasioz eta emozioz bizi du aktore ogibidea Loreto Mauleon donostiarrak (Burgos, Espainia, 1988). 'Aurki', 'Gelditasuna ekaitzean' eta 'Los renglones torcidos de Dios' pelikuletan, 'Una historia de amor' antzezlanean edota 'Express' eta 'Una chica de nieve' telesailetan ikusiko dugu. Aurretik lan ugari egindakoa da. 'Patria' telesailean Arantxa hezurmamitzeagatik Feroz eta Platino sariak jaso zituen 2020 eta 2021 urteetan, hurrenez hurren.

Gaurkotasun handiena duen galderatik hasiko gara. Zinemaldiko Euskal Zinema Galan aurkeztu berri duzue 'Gelditasuna ekaitzean' filma. Nolakoa izan zen gaua?

Oso polita izan zen. Gure helburua eguna disfrutatzea zen, urduritasunarekin horrelako gauzak disfrutatzea zaila izaten delako, baina lortu genuen. Bertan egotea ospatu genuen eta oso ondo pasatu genuen familia eta lagun artean.

Zer suposatzen du pelikula bat Zinemaldian aurkezteak?

Pelikula bat aurrera ateratzeak dakarren lan guztiarekin, Zinemaldian estreinatzea saririk handienetarikoa da. Lan pila bat dago ekoizpen eta filmaketaren atzetik; egitea soilik lorpena bada, Zinemaldian publikoari lehen aldiz erakustea, etxean... esposizio onena da.

Zer nolako harrera izan zuen?

Estreinaldietan lagun eta familia asko egoten da, eta profesioko jende asko ere zegoen. Egia esan, oso harrera ona izan genuen eta poz-pozik gaude.

Nolako filma da 'Gelditasuna ekaitzean'?

Oso film berezia da. 4:3etan dago grabatuta, zuri-beltzean, osorik Donostian, eta gainera, lagun artean egin genuen. Maitasun eta errespetu handiarekin egindako pelikula da.

Zer kontatzen du?

Maitasun istorio bat da, baina galdera asko planteatzen dituena. Hasiera batean ez du ematen gatazka asko egongo denik, baina gero geruza asko dauzka. Niri gustatzen zait jende asko bere buruari galderak egiten ateratzen dela, gaztetako oroitzapenekin... gauza politak pizten ditu.

Nolakoak dira pertsonaiak?

Denetatik dago. Protagonistak Lara eta Daniel dira, bi gazte. Bere bizitzako bi unetan ikusiko ditugu. Bata, gaztetan, Daniel lanean eta Lara ikasten hasten denean. Donostian ezagutuko dute elkar ekaitz egun batean. Ondoren, urte batzuk pasata, beraien bizitzak berriz gurutzatuko dira eta nola aldatu diren ikusiko dugu, nora eraman dituen bizitzak.

Donostian grabatu dute 'Gelditasuna ekaitzean'. ALBERTO COSSIO

Zuk protagonistetako baten papera egin duzu. Nolakoa da Lara?

Neska arrunt bat da. Lazkaokoa da baina Donostian ikasten du. Edozein pertsonak bezala, bere arazoak dauzka. Bizitzan hartzen dituen erabaki ezberdinek Parisen bizitzera eramaten dute eta ondoren, berriro itzuliko da Donostiara. 

Zer ibilbide du aurretik pelikulak?

Oraindik lotzen ari gara. Kanpoan beste festibalen batean estreinatzea gustatuko litzaiguke, eta ondoren zinemetan estreinatu nahi dugu. Oraindik ez dugu datarik.

Zure ibilbidean sartuko gara orain. Zelan laburtuko zenuke zuk zeuk?

Uau! Batzuetan iruditzen zait denbora gutxi daramadala eta bat-batean konturatzen naiz 15 urte direla, eta asko iruditzen zait. Niretzat lan guztiak dira garrantzitsuak, benetan. Gainera, beti pentsatzen duzu batak bestea dakarrela eta zerbaitengatik pasatu dela zure bizitzatik. Egia da 'Patria' niretzako puntu oso garrantzitsua izan zela; bai lanagatik, niretzako oso lan garrantzitsua izan zelako egiterako orduan; eta baita ondoren ekarri dizkidan gauza onengatik ere. Aurten, Gelditasuna ekaitzean oso pelikula garrantzitsua eta asko maite dudana izan da.

Badago pelikula edo pertsonaia motaren bat bereziki egitea gustatzen zaizuna?

Egia esan, pribilegioa da rolak eta antzezteko modu desberdinak (antzerkia, telebista zein zinema) egiteko aukera edukitzea. Diziplina ezberdinetan egotea edo batetik bestera mugitzea, hori da pribilegiorik handiena. Ez dago gai bat edo pertsonaia mota bat bestea baino gehiago gustatzen zaidana. Denetatik ikasten dut eta erronkak zailak diren arren, horrek hazten laguntzen dit. Gero eta aukera gehiago, zenbat eta hobeto.

Aktore batentzat, zein da zineman eta telebistan aritzearen arteko desberdintasun handiena?

Telebistan askoz azkarrago grabatzen da eta denbora gutxiago izaten da pertsonaia bat prestatzeko. Antzerkian bezala, pertsonaia bat sortu behar duzu eta zuzendariarekin edo talde guztiarekin sortzen ahalegintzen zara. Niri gustatzen zait makillaje-pelukeriakoekin eta arropa diseinatzailearekin batera ere sortzea eta pertsonaiari geruza gehiago ematea. Modu desberdinak dira, baina ni ahalegintzen naiz lan berdina egiten denetan. 

Nolakoa da sortze prozesu hori?

Denboraren arabera edo dauzkazun datuen arabera aldatzen doa. Prozesu bakoitza ezberdina da, baina denetan egiten dut lan nik dakidan moduan, nire metodo pertsonalean. Batzuetan testuetan hasieratik izaten duzu, beste batzuetan ez... eta orduan duzun denbora eta informaziora moldatu behar zara zure pertsonaia sortzeko.

'Gelditasuna ekaitzean' filmaren grabaketa Donostian. ALBERTO COSSIO

Zer formakuntza jaso duzu aktore izateko?

Nik ez dut karrerarik egin, hasieratik lanean hasi nintzen, 'La máquina de pintar nubes' pelikularekin eta 'Goenkalen'. Nire eskola lana izan da. Gero sentitu nuen gauzak hobetzeko beharra, gauza berriak ikasteko, eta posible izan dudanean eta zerbaitek erakarri nauenean formakuntzak egiten joan naiz. Etengabe formatzen egon behar zara, ni beti nago gauza berriak probatzen eta bilatzen.

Berez, ikasketaz ingeniaria zara. 

Bai, Ingeniaritza Teknikoa egin nuen, Herri Lanetan, baina lehenengo ikasturtetik aktore moduan hasi nintzen lanean. Hori daukat, baina aktore sentitzen naiz. 

Esan duzu ez duzula pelikula gogokorik. Eta bereziki gogorra egin zaizun uneren bat?

Ez nuke esango. Nik normalean asko disfrutatzen dut lanarekin. Egun batzuk besteak baino zailagoak dira, emozionalki okerrago zaude... Batzuetan jolasa ez da hain erreza; baina gaizki ez dut inoiz pasatu, zortea izan dut. Asko gustatzen zaizun zerbaitetan zabiltzanean, normalean momentu txar horiek ez dira hain txarrak.

Sariak ere jaso dituzu, baten bat estimu bereziz gogoratzen duzu?

Sariak beti dira notizia ona eta ilusio handia eragiten dute, baina sari handiena lanean jarraitzea da, hori horrela da. Feroz saria lehenengoa izan zen eta horrek bai egin zidan ilusio berezia. Ez nuen batere espero, gainera oraindik pandemiatik atera berriak ginen, maskarekin, ez genekien ezta ospatuko zen ere. Dena pixka bat arraroa izan zen arren, azkenean oso gau polita izan zen eta ilusio handiarekin jaso nuen. Baina, edozein sari aitortza da eta beti eskertzen duzu.

Beste proiekturik duzu eskuartean?

Aste honetan 'Los renglones torcidos de Dios' estreinatuko dugu Zinemaldian, Oriol Paulok zuzendutako pelikula. Pare bat serie ere baditut: 'La chica de nieve', Netflixen estreinatuko dena, eta 'Express'. Antzerkiarekin ere jarraitzen dut, 'Una historia de amor' lanarekin. Eta beste proiektu batzuk ere baditut hortik, baina oraindik produkzio fasean daudenez, isil-isilik geratu behar, beti bezala, kontatzeko gogoekin! Egia esan, oso pribilegiatua sentitzen naiz.

Zerekin amesten duzu?

Gustatuko litzaidakeena da lan egiten jarraitzea eta benetan inspiratzen nauten proiektuak egitea. Batzuetan lan batzuk besteak baino gehiago gustatzen zaizkizu, denak ez dira berdin garrantzitsuak norberarentzat, baina lanak dira eta ni saiatzen naiz bereizketarik ez egiten. Amesten dudana da benetan sinesten dudan proiektu askotan parte hartzeko aukera edukitzea.

Nolakoa da aktore gaztea izatea Euskal Herrian?

Nik 10 urte daramatzat kanpoan, baina lehenengo bost urteak Euskal Herrian eman nituen, zorte handiarekin. Lau urtez 'Goenkale'-n egon nintzen eta beste film batzuk ere egin nituen. Ezin naiz oso objektiboa izan, lana izan nuelako bertan egonda. Uste dut, Euskal Herrian zein edonon, aktore lana ez dela erreza. Estatistikak daude eta %3 soilik bizi da honetaz. Oso polita da, baina ez da batere erraza. Poliki-poliki egiteko bidea da eta ez dago trukurik, nik uste. Lan eta lan egin behar da, eta zortea ere izan behar da, baina hori ez dago gure esku.

'Gelditasuna ekaitzean', grabaketa. Andres García de la Riva

Zer ematen dizu zuri lan honek?

Proiektu bakoitzak burua irekitzen dizu, jende asko ezagutzen duzu, istorio politak kontatzeko aukera ematen dizu, gauza garrantzitsuak kontatzekoa, beste pertsona batzuen bizitzetan sartzekoa, dibertitzeko, probatzeko, jolasteko... aukera asko ematen dizkizu. Oso lanbide polita da. Gero badu alde hori. Lanik ez dagoenean oso zaila da, norberak bere buruari egozten diolako lanik ez edukitzea, baina askotan ez dago gure esku. Burua bere lekuan izan behar da ondo eta lasai egoteko, eta batzuetan ez da erraza, baina konpentsatzen digu, bestela ez ginateke hemen egongo.

Zer esango zenioke aktore izan nahi duen gazte bati?

Oso galdera zaila iruditzen zait, norberaren esperientzia bakarra delako. Benetan gustatzen bazaio, saiatzeko esango nioke, eta ez frustratzeko gauzak ez badira ateratzen, askotan ez dagoelako gure esku. Aukera dagoenean disfrutatzeko esango nioke, ez egoteko beti pentsatzen ondoren zer etorriko den, momentua gozatzeko eta listo.

05/10/2022