Buscar
Gipuzkoa

‘Sehaska kanta gorriari’ antzezlana estreinatuko du bihar Arta Kolektiboak Oñatin

Udalak emakume sortzaileen lana ikusgarri egiteko emandako bekaren fruitua da
Balzategi, Castañeda eta Martinez de Cestafe. | ARGAZKIA: ITZIAR BASTARRIKA
Balzategi, Castañeda eta Martinez de Cestafe. | ARGAZKIA: ITZIAR BASTARRIKA

Emakumeen sormen lana ikusarazteko helburuarekin, Oñatiko Udalak deitu duen bekaren fruitua bihar Santa Ana antzokiko oholtza gainean aurkeztuko da (19.00etan). Sehaska kanta gorriari antzezlanarekin gozatzeko aukera egongo da Arta Kolektiboaren eskutik. Alaine Agirre idazlearen Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama liburua oinarri hartuta lan hau taularatuko dute Amaia Castañeda eta Irene Balzategi oñatiarrek.

“Ama-alaba harremanean, ahizpa arteko harremanean, eromenean, norbere buruaren barnean gertatzen den bidaia baten murgiltzen gara an-tzezlan honetan. Obra multidiziplinar baten bidez, Alaineren lengoaia poetikoa, edertasuna, mina, sakontasuna eta begirada eszenatokira ekar-tzen ditugu, mutazio kontrolaezina akziora eramanez, geure burua erdituko dugulakoan, edo agian ez”, azaldu dute taldeko kideek.

Oñatiko Irazan Gunetik sortu zen 2022an Arta Kolektiboa. “Aipatutako nobela irakurtzeak gure barruak mugitu zituen, eta honek gugan izan zuen resonantziak elkartu gintuen. Gure piezak ikerketa dramaturgiko, eszeniko eta sozialetatik abiatzen dira. Sorkuntza eszenikoa filosofiarekin, arte bisualekin, literaturarekin, arlo sozialarekin eta abarrekin nahastuz”, zehaztu dute.

Agirreren eleberrian inspiratuta dagoen arren, beraien obra propioa egin nahi izan dute. “Alaineren liburuak gugan eragindakoa eta gai horien inguruan guk geuk esan nahi genuena islatu nahi izan dugu”, azpimarratu dute. Arta Kolektiboaren nahia emakumeei ikusgarritasuna eremu artistiko ezberdinetan ematea ere izan da.

OBRA MULTIDIZIPLINARRA

Castañedak eta Balzategik aktore lanak egingo dituzte taula gainean, Gen-tzane Martinez de Cestaferen zuzendaritzapean. Hirurek osatzen dute Arta Kolektiboa. Baina egitasmoa aurrera eramateko diziplina askotariko hainbat emakume izan dituzte ondoan: Itziar Bastarrika (argazkia eta bideoa), Jaione Azkona (argi diseinua eta teknika), eta Muare taldeko Maddi Gerriko eta Eli Beraza (soinua). Iaz hasi ziren prestakuntzekin eta ordutik “sekulako esperientzia” bizi izan dute.

Udaleko Kultura eta Berdintasun sailek elkarrekin bultzatu duten ekimenari esker jarri zen martxan beka hau. Emakumea eta sormena izan dira ardatz, eta bihar aurkeztuko den antzezlana izan da lehen emaitza. Estrenaldirako sarrerak salgai daude www.oñati.eus webgunean.

2023-03-25T06:46:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo