Gipuzkoa

Sei film ikusi ahal izango dira irailean Arerian

Sarrerak salgai daude www.lazkao.eus webgunean edo aretoko leihatilan
Haurrentzako zein helduentzako filmak eskainiko dira. | ARGAZKIA: N.G.

Zinema eskaintza zabala aurkeztu du Lazkaoko Areria aretoak irailerako. Guztira sei film izango dira ikusgai, helduei zein umeei zuzendutakoak.

Atzo proiektatu zen hilabete honetako lehen filma: Padre no hay más que uno 3. Datorren asteburuan, aldiz, Dios mío pero qué nos has hecho pelikularen txanda izango da. Larunbatean 19.30ean eta 22.00etan eskainiko dira saioak; igandean, 19.30ean; eta astelehenean, 21.00etan. Asteburu berean ere, haurrentzako Minions: el origen de Gru filmaz disfrutatu ahalko da, etxeko txikienei zuzenduta dagoen ikus-entzunezkoaz. Saioak larunbat eta igandean izango dira, arratsaldeko 17.00etatik aurrera.

Bestalde, hilaren 21ean, asteazkenean, Alzheimerraren egunaren baitan, Siempre Alice pelikula eskainiko da areto lazkaotarrean, 20.15etan.

Irailaren 24, 25 eta 26an, Modelo 77 film espainiarrak izango du protagonismoa udalerri goierritarrean. Larunbatean, 19.30ean eta 22.00etan; igandean, 19.30ean; eta astelehenean, 21.00etan izango dira zinema saioak.

El viaje más largo dokumentalak itxiko du iraileko zinema zikloa. Magallanes eta Elkanoren espedizioaren inguruko ikus-entzunezkoa da, eta hilaren 28an, asteazkenean, proiektatuko da, 20.15ean.

Dagoeneko sarrerak salgai daude Lazkaoko Udalaren www.lazkao.eus webgunean, edo Areria Aretoko leihatilan bertan.

Astelehenetan ikuslearen eguna izango da Lazkaoko zinema antzokian, beraz, sarrerek deskontua izango dute.

14/09/2022