Gipuzkoa

Sektore estrategikoak bereganatzen

Herrilur denda zabaldu zen eguna

Duela ia urtebete Hernaniko Udalak Hernani Burujabe herri proiektua aurkeztu zuen. Helburuak herria autosufizienteagoa eta jasangarriagoa izatea eta jendartean dagoen desoreka gutxitzea dira. Xabier Lertxundi alkateak aitortu duenez, “proiektua asmo handikoa da”, baina Hernanik “erronka horri aurre egiteko gaitasuna eta borondatea” ere badituela nabarmendu du.

Duela hamar hilabete aurkeztutako proiektua zaila zen hasiera batean ulertzea, filosofia abstraktoa eta oso berritzailea zelako. Baina lehenengo pauso konkretuak eman ondoren, herriak barneratu du. Orain arte lau esparru estrategikoetan egin da lana: energia, zaintza, elikadura eta ekhi tokiko moneta.

Energiari dagokionez, modu jasangarriago batean kontsumitzeko erronka finkatu dute. Bide horri eusteko EnHerKom, energia berriztagarrien komunitatea, sortu da. Energia berriztagarrien ekoizpena, autokontsumo partekatua eta energiaren aurrezpena sustatuko dituen Hernaniko kooperatiba herritarraren helburu nagusiak hauek dira: energia burujabetzan sakondu eta trantsizio sozioekologikoa sustatzea.

Momentu honetan, Zubipe futbol zelaian plaka fotovoltaikoak jartzeko prozedura administratiboa martxan da. Dena ondo bidean, urte amaierarako martxan egotea nahi dute.

Elikaduraren esparruan, burujabetzan aurrera egiteko tokiko elikadura sistema propio bat eraikitzen ari dira, eta, horretarako, sektorearen fase guztietan esku hartuko da. Helburu hau lortzeko oso garran-tzitsua da herriko nekazariak eta abeltzainak biltzen dituen Henase elkartea eta Herrilur kontsumo kooperatiba elkarrekin lan egitea. Zirkulu ekonomiko hau joan den apirilean Herrilurrek Izpizua kalean zabaldu zuen dendarekin itxi da.

Alabaina, Lertxundi oso harro dago zaintzaren sektorean lortu den arrakastarekin. Auzozaintza sare publiko-komunitarioa martxan jarri da, bakardade egoera hauskorrean dauden adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, akonpainamendu zerbitzu bat eskainiz. Helburuak harreman sozialak lantzea, autonomia lortzea eta herriko dinamiketan parte hartzea dira.

Horretarako, lan lerro bikoitza erabiltzen da. Batetik, zaintza lanak egiten dituzten langileen, gehienetan emakume migranteen, lan baldin-tzak duintzen dituen zaintza eta akonpainamendu zerbitzua eskain-tzen da eta, bestetik, zaintzen demokratizazio orokorra bilatuko duen zaintza sistema propioa eraikitzeko prozesua abiatzen da.

Dagoeneko egitasmo hau Etxeberri, Portu-Elizatxo eta Zikuñaga auzoetan martxan jarri da. Alkateak azaldu duenez, auzo hauek aukeratu dira adineko jende asko dagoelako eta auzo elkarte indartsuak dituztelako. Dozena bat interbentzio egiten ari dira.

“Oso goiz da balorazio bat egiteko, baina pertsona horietan hobetze bat ikusi da”, azpimarratu du Lertxundik. Arrakasta honen adibide bat da Hernaniko ereduak beste herri ba-tzuetan arreta piztu duela eta alkateak bere proiektua horietako hainbat tokitan aurkeztu du. “Formularekin asmatu dugu”, ziurtatu du.

Azkenik, uztailean ekhi moneta soziala aurkeztu zen. Bilatzen duen helburua da ekimenean parte har-tzen duten Hernaniko denda eta enpresen arteko zirkuitu itxi bat sortzea. Horrela, herrian sortzen den aberastasuna, herrian bertan inbertituko da herriko ekonomia babestuz. Moneta hau ezagutzera emateko irailean deskontu eta informazio kanpaina bat abian jarriko da.

Etorkizuna

Telekomunikazioak

Herritarren kezkak

Lertxundi alkateak aurreratu duenez, ikasturte berrian Interneteko zuntz sare publikoa ezartzeko lanean hasiko dira. Kudeaketarako operadore neutro bat sortuko da arrakala teknologikoarekin buka-tzeko eta Interneterako eskubidearen unibertsalizazioa bermatzeko.

Alkateak aditzera eman duenez, telekomunikazio enpresa handiek landa eremuan eta Hernaniko Kaxkoko zenbait tokitan ez dute kalitatezko zerbitzu bat ematen ekonomikoki errentegarriak ez direlako.

Azkenik, herritarrek, komunitateak, bere proiektu propioak proposatzeko aukera dute Hernani Burujabe egitasmoan eta horrela sortu da Sagarresta bioaniztasunaren gaia lantzeko.

20/08/2022