Hiru urtetik beherako haurrak dituzten familiek 200 euroko ordainketa eskatu ahal izango dute hilero bihartik aurrera; hirugarren eta ondorengo seme-alaben kasuan, 100 euroko laguntza gehigarria egongo da hilean, haurrak zazpi urte bete arte. Baldintza hauek betetzen dituzten familia guztiek kobratu ahal izango dute laguntza berria, nahiz eta 2023a baino lehen jaio izana.
Hala, bihartik hasita (martxoaren 1a, asteazkena), hileroko laguntza berriak eskatu ahal izango dira: telematikoki– horretarako, beharrezkoa izango da identifikazio-baliabide bat izatea, laguntza kanal horren bidez eskatu ahal izateko – edo aurrez aurre, Zuzenean Zerbitzuak EAEko hiru hiriburuetan dituen ordezkaritzetan, posta-bulegoetan edo Udalen bidez.
Ildo beretik jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 65.000 pertsonak baino gehiagok izango dute seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko laguntza berriak jasotzeko eskubidea. Zehazki, 55.000 baino gehiago dira hiru urtetik beherako umeak, eta 10.000 inguru hiru eta zazpi urte bitarteko familia ugarietako haurrak. Eskari horri aurre egiteko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 110 milioi euro bideratuko ditu 2023an.
Neurri horrekin, hiru urtetik beherako EAEko familia guztiek urtean 2.400 euro jasoko dituzte seme edo alaba bakoitzeko. Laguntza horiei kenkari fiskalak gehituko zaizkie: seme edo alaba bategatik, 950 euro inguru urtean; birengatik, 2.100 inguru; edota lehendik bultzatutako beste neurri mota batzuek ere, hala nola Haurreskolen doakotasuna edo Nerea Melgosak zuzendutako sail berak banatzen dituen kontziliaziorako laguntzak.