Albert Serra, Fernando Franco, Pilar Palomero, Carlota Pereda eta Alberto Rodríguez dira Zinemagileen arteko elkarrizketak saioaren bigarren edizioan parte hartuko duten zuzendarietako ba-tzuk; Donostian izango dira azarotik maiatzera bitartean, eta aurten bort saio izatetik bederatzi izatera pasako da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du ikastaro sail hau Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan. “Film baten ekoizpenean eta errealizazioan, lehen begiratuan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak” ezagutzera ematea izango dute helburu, hitzordu guztiak arratsaldeko 19.00tan hartuko dituen Koldo Mitxelenako zuzendari Patxi Presak atzo azaldu zuenez.
Lehenengoa azaroaren 3an izango da, eta emakumezko hiru euskal zuzendari gaztek eskainiko dute: Estibaliz Urresolak, Irati Gorostidik eta Maider Fernandez Iriartek; Kimuak 2022 film laburren hautaketan aukeratuak izan dira, eta dagoeneko film luzearen esperien-tzia izan dute edota lantzen ari dira.
Euskal zinemagintza ordezkatuz Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak ere parte hartuko dute; maiatzaren 26an amaiera emango diote zikloari, Handia eta La trinchera infinita bezalako emai-tzak eman dituen eta Balenciaga –euren estreinako seriean– erabili izan duten lan kooperatiboaren eredua azalduko dute.
Mikel Gurrea donostiarra bere ekoizle den Laura Rubirolarekin Suro bere opera primari buruz solasean arituko da abenduaren 3an. Amaitu berri den Zinemaldian nazioarteko kritikaren Fipresci Saria, Euskal Zinemaren Irizar Saria eta euskal gidoi onenaren saria eskuratu zituen.
Bigarren edizio honetako azken euskalduna Alauda Ruiz de Azua bizkaitarrarena izango da. Arrakasta handiz estreinatu du Cinco lobitos izeneko filma, eta Cerditarekin 2022ko beste debutik garrantzitsuenetako baten protagonista izan den Carlota Peredarekin jardungo du martxoaren 9an
Aurretik, azaroaren 22an, Albert Serra, Ariadna Ribas eta Artur Tort bere azken lanen muntatzaileekin hizketan arituko da, Cannesko Zinemaldian lehiatu eta ondoren Zinemaldiko Made in Spain sailetik pasa zen Pacifiction barne.
2023ko lehen hitzordua urtarrilaren 11n izango da, eta Fernando Franco errealizadorea eta Telmo Irureta eta Valèria Sorollalos aktoreak bilduko ditu, Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen La consagración de la primavera bere azken filmeko protagonistak, hain zuzen ere. Muntaiak protagonismoa berreskuratuko du otsailaren 16an, Pilar Palomero errealizadorearen eta Sofia Escuderen arteko elkarrizketan. Biek elkarrekin lan egin dute film onenaren Goya saria eskuratu zuen Las niñas filmean.
Azkenaldi honetako espainiar zinemagintzako kolaboraziorik “luze eta emankorrenetako” bat apirilaren 13an iritsiko da, Modelo 77 filmaren historiako egilekide diren Alberto Rodríguez zuzendariaren eta Rafael Cobos gidoilariaren eskutik. Solasaldiaren hizpide nagusi izango da gidoia maiatzaren 4an ere, zuzendaritza berri onenaren Goya saria lortu zuen eta bere opera prima –La Hija de un ladrón– 2019an Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuen Belen Funes eta Marçal Cebrián gidoilaria elkartzen direnean.
Ikastaroak doakoa izango da aurten ere eta online ere jarraitu ahal izango da.