Buscar
Cultura

‘Sexberdinak’, harreman sexu-afektiboak mintzagai dituen obra

Tanttaka taldeak Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia protagonista dituen antzezlana ekarriko du bihar Gayarrera.
Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia, obraren une batean. Argazkia: Utzitakoa
Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia, obraren une batean. Argazkia: Utzitakoa

Anaren bihotza logela huts bat omen da. Nicok berea tatuatu egin nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta eta ezezagun izatetik lagun izatera pasako dira. Tanttaka antzerki taldeak bihar Gayarre antzokian aurkeztuko duen Sexberdinak antzezlanak iraganetik orainaldira ekarriko du egoera hori, bertatik maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak erdigunean jarriko dituzten bi lagunen arteko elkarrizketa osatzeko. Ana (Aitziber Garmendia) eta Nico (Telmo Irureta) dira bi pertsonaia horiek, erdi itota dabilen goxoki saltzailea bata eta garun-paralisia duen kazetaria bestea.

Bi pertsonaiek 60 lagun inguruko publikoaren aurrean “beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusioez berdinak ditugula erakusteko”. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta. Iruretak berak eta Kepa Errastik idatzitako obra hau Mireia Gabilondok zuzendu du. “Denei kostatzen zaigu gai hauetaz hitz egitea, oso intimoa delako”, azaldu du zuzendariak. “Horretaz aparte eta Telmo Irureta izanik garun paralisia duen aktore bat, bere ausardia aipatu nahiko nuke. Bere bizitza nolakoa den kontatzea gustatzen zaio, bere harreman sexualak nolakoak diren, zer egin behar duen edo nola lagundu behar duten…”. Nicoren pertsonaiaren aurrean, parez-pare, bigarren pertsonaia kokatuko da, Ana. “Bi pertsonaiak parekatu egiten ditugu, nolabait, esateko denok ditugula gure zailtasunak, gure momentu txarrak eta onak”.

Deserosoak izan daitezken gai horiek jorratzeko umorearen tresna erabiltzen du antzezlanak, zuzendariak aitortu bezala, Iruretak eta berak komunean daukaten umore estilo ironiko bat: “Horretan berdintsuak gara, ondo ulertzen gara. Telmok ere bere bakarrizketetan umore hori lantzen du, eta publikoak askotan ez daki barre egin edo ez, latzak direlako esaten dituen gauzetako batzuk. Umoretik jorratzea gustatzen zaigu”.

Umorea ez da, alta, publikoarekiko distantzia haustera bideratutako baliabide bakarra, eszenografian bertan, izan ere, “hurbiltasunezko espazio bat” proposatzen baita. Hala, publikoa bi lerro luzetan eseriko da, erdian 15 metroko korridore bat utzita. Espazio horretan mugituko dira bi aktoreak, atzera eta aurrera. Ikusleak, bestalde, gurpildun aulkietan eserita egonen dira. “Hasieratik argi geneukan eszenografia. Publikoa, momentu batzuetan, aktoreetatik oso urrun dago, beste batzuetan hurbil. Batzuetan aktorearen aurpegia aurrez-aurre ikusiko du, beste batzuetan bizkarra”.

Antzerki taldeak azaltzen duen moduan, “hurbileko esperientzia komunitario” bat eskaintzea ere bada helburuetako bat, “bai alderdi fisikotik, bai kontatzen dugun istorioaren beraren alderdi emozionalari dagokionez”. Izan ere, amaieran, ikusle guztiak, emanaldia ikusteko erabili dituzten gurpildun aulkietan ibilbide bat egitera gonbidatuko dituzte. “Itxuraz sinplea baina aldi berean guztiz erabakigarria den ekintza horrek kode enpatiko batean kokatuko ditu, ezinbestean, parte hartzaileak, lehen eskutik jakingo baitute zer zailtasun dakarren eta zer hauskortasun sentiarazi dezakeen mugikortasun murriztuak”.

Urtarrilean estreinatu zen obra eta ordutik ez da laburra izan egindako ibilbidea. Zuzendariak aipatu bezala, leku eta testuinguru oso desberdinetan eszenaratu izan da, euskaraz eta gazteleraz, hiri handi zein herri txikietan. “Emanaldi bakoitza oso desberdina izan da, eta jendearen erreakzioa ere desberdina izaten da. Bada jendea ere ez dagoena eszenografia horretara ohituta… Baina, orokorrean, erantzuna oso ona izan da”. Gabilondok onartu bezala, “oso erreakzio positiboak” bildu dituzte: “Jendea harritu egiten da, erritmoa bera ere bizia delako, gaiaren planteamenduagatik eta umoreagatik ere. Emozioa ere badago, tarte batzuzetan barru-barrutik ere hitz egiten duelako. Orokorrean, jendea ondo sentitzen da eta obra beharrezko bat bezala ikusten dutela esan izan digute”.

Hurbiletik

l ‘Sexberdinak’. Bihar, Gayarre antzokian (Iruñea), 20:00etan.

l Egileak. Kepa Errasti eta Telmo Irureta.

l Zuzendaritza. Mireia Gabilondo.

l Antzezleak. Aitziber Garmendia, Telmo Irureta.

l Eszenografia. Fernando Bernués.

2022-11-17T07:37:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo