Araba

Sexu-infekzioak areagotu egin dira gazteen artean

Kanpaina berri batek infekzioak eta GIBa areagotzeari buruzko ohartarazpena egin du, eta kondoiaren garrantzia gogorarazi du
Lerro hauekin batera agertzen den irudian, Sidalavako Mikel Resa sexologoa. | ARGAZKIA: ALEX LARRETXI

Hilaren 4an Sexu Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zen eta Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak kanpaina berri bat sortu zuen sexu-harremanetan babesak duen garrantziaz kon-tzientziatzeko. Atera nahi duzun bezala, baina ez irten kondoirik gabe lelopean, ministerio horrek gazteen artean infekzioak eta GIBa ugaritzen ari direla ohartarazi zuen. Jakinarazi zutenez, lehen sexu-harremanetarako batez besteko adina 16 urtekoa da, eta gazteen ia %40k adierazi du ez duela preserbatiboa erabili azken urtean (Gazteria Espainian 2022 txostenaren arabera). Era berean, txosten horretan zehazten denez, urtero diagnostikatzen dira 25 urtetik beherakoetan, 8.000 kasu inguru Chlamydia trachomatis infekzioagatik, 3.500 infekzio gonokoziko kasu, 700 sifilis kasu eta 200 GIB kasu inguru, “preserbatiboaren bidez prebenitu daitezkeenak”. Sidalava hiesaren aurkako batzordearen arabera, infekzioak ugaritzen ari dira, eta kanpainez gain, sexu-hezkuntza ere garrantzitsua da.

Hala, eta ildo horretatik, aipatzekoa da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak berriki ohartarazi zuela gazteen artean sexu-transmisiozko infekzioak ugaritu direla. Duela bi urte abian jarritako GIBaren aurreko profilaxi-programaren barruan 434 pertsona tratatu dituzte. “2021ean, areagotu egin ziren diagnostikoak infekzio mota guztietan. Zehazki, Osakidetzak lurralde bakoitzean dituen hiru kontsulta espezifikoetan honako hauek erregistratu ziren: 976 chlamyidia kasu, eta 2020an 679 izan ziren; 797 infekzio gonokoziko, aurreko urtean baino %66,33 gehiago; 273 sifilis goiztiar kasu, aurreko urtean baino %37,2 gehiago, eta 160 kasu herpes genitalenak, eta 2020an 158 izan ziren. 2021etik aurrera, Basurtuko eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetako mikrobiologia-zerbitzuen diagnostikoak zenbatzen dira, bai eta Mendaroko ospitaleko STIen kontsulta ere; haiek lurralde-kontsultetakoei gehituta, Chlamydiako 1.479 kasu daude, gonokoziako 988, sifiliseko 294 eta herpes genitaleko 199”. Ildo horretatik, Sidalava taldeko kide eta sexologoa den Mikel Resak, DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian azaldu duenez, sexu-osasunari buruzko kanpainez gain, sexu-hezkuntza ere behar da, bereziki nerabezaroan. Ildo beretik, Resak nabarmendu du “beharrezkoa” dela gazteei tresnak ematea, infekzio horiek gutxitzeko. Hala ere, onartzen du, neurri batean, handitu egin direla, gero eta pertsona gehiagok egiten dituztelako azterlanak osasunaren berri jakiteko. “Garrantzitsua da gazteei tresnak eskaintzea eta ikastetxeetan sexu-hezkuntzako ikasgai bat jartzea. Kanpainek kalteak saihesten dituzte, eta hori oso ondo dago. Baina hezkuntzak ondasunak sustatzen ditu, eta hori hobeto dago”, azpimarratu du. Halaber, adierazi du gazteek ez dutela sexualitateari buruzko informazioa eta hezkuntza bakarrik behar, baita pertsona helduenek ere. Izan ere, eskaintzen dituen datuen arabera, sexu-transmisiozko infekzioen kutsadura-igoera 39 urte inguruko pertsonen artean dago, batez ere. “Adin hauekin badakigu kondoien garrantzia, baina ez dugu beti kasurik egiten”, dio.

Kasuak

Azken datuen arabera, GIBari dagokionez, Euskadin, iaz, 119 infekzio erregistratu ziren, eta, aurreko urtean, 105; 2019an, 147 eta, 2018an, 171. Horrek esan nahi du 100.000 biztanleko 5,4koa dela tasa. %84 gizonei dagokie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 38,9 urtekoa da, 2020ko bera. GIBak eragindako infekzio gehienak sexu-transmisiokoak dira, eta, oraindik, gizonekin sexua duten gizonen artean transmititzen da nagusiki, diagnostiko guztien %55,5 (2020an %54,3 eta 2019an %57,8). Bide heterosexualaren bidezko transmisioa %39,5 da (%35,2 2020an eta %26,2 2019an). Kasuen %52,1ean (erdia baino gehiago; 2020an, %52,4) diagnostikoa berantiarra izan zen, hau da, “immunitate-sistema jada oso kaltetuta zegoenean detektatu ziren, 350 CD4 zelula baino gutxiagorekin”, gaineratu zutenez Eusko Jaurlaritzatik. Osakidetzak, guztira, 6.122 pazienteri eman zien arreta erretrobirusen aurkako tratamenduekin 2021ean (6.016, 2020an), eta gastua 16.887.866 eurokoa izan zen, 2020an baino %1,5 handiagoa. “Erretrobirusen aurkako tratamendu orokorrak erabateko beherakada eragiten du hiesa garatzen duten pertsonen kopuruan. 2021ean, Euskadin hiesaren 25 kasu berri diagnostikatu ziren”. Kasu horietan guztietan, Mikel Resak azaltzen duenez, garrantzitsua da babesik gabeko sexua praktikatu bezain laster prebentzioa eta probak egitea. Izan ere, Sidalavak ere doan eskaintzen dizkie hiesaren proba guztiak herritarrei eta aholkularitza zerbitzua ere ematen du. Osakidetzak ere egiten ditu probak behar duten pertsona guztientzat.

Zer lan egiten dute Sidalavatik? Hiesaren aurkako Arabako Herritarren Batzordea gizarte-ekintzako irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, gizarte-intereseko erakunde deklaratua, eta helburu desberdinekin egiten dute lan. Besteak beste, GIBaren eta beste gaixotasun batzuen infekzioaren problematikari buruz informatzea eta gizartea kontzien-tziatzea, infekzio berriak saihestea eta jokabide-aldaketak sustatzea GIBaren eta beste gaixotasun ba-tzuen aurkako arrisku-praktikak murrizteko.

19/09/2022