Bizkaia

Silver Film Festival, senior munduarekin lotutako Euskadiko lehen jaialdia

Silver Film Festival (S/FF) ekimenaren lehen edizioaren aurkezpena

Entretenitu eta adineko pertsonen ikusgarritasuna erraztu nahi du Silver Film Festival jaialdiaren lehenengo edizioa. Horrela adierazi dute Juan Mari Aburto, Bilboko Alkateak, eta Amaia Agirre, Getxoko Alkateak, zinema eta senior munduaren inguruko beste jarduera osagarri batzuk uztartzen dituen ekimen honen lehen edizioa aurkeztu aurkeztean. Proposamena otsailaren 15ean jarriko da martxan Campos Antzokian, eta otsailaren 25ean amaituko da Getxon.

Ekimen hau – Euskadin gai honekin egiten den lehena eta Estatu mailan egiten den bigarrena – Bilbon (otsailaren 15etik 17ra bitartean, Campos Antzokian eta Guggenheim Bilbaon) eta Getxon (otsailaren 23tik 25era bitartean, Romo Kultur Etxean) garatuko da, eta film eta dokumentalez gain, senior munduarekin lotutako hainbat jarduera ere bilduko ditu.

Zinemaldi honen ideia Marian Gerrikabeitia zuzendariak 2018an egin eta kaleratu zuen ¿A dónde vamos? izenburupeko dokumentalaren ondorioz sortu zen. Garai hauetan adinez nagusi izateak zer esan nahi duen ikertu nahi zuen errealizadoreak, eta proiektuak senior pertsonengana hurbiltzeko aukera eman zion.

EDE Fundazioak eta TU & YO Producciones-ek sustatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko eta Getxoko Udalaren, BBK Fundazioaren eta SGAE-ren laguntzarekin, jaialdia hiru ataletan egituratu da: lehena zinema erakustaldia da, 12 film luze eta film laburrekin, estatuko eta nazioarteko jatorri desberdineko gaiak, errealitateak eta fikzioak lantzen dituena.

S/FFren hirugarren atala hainbat pertsona garrantzitsurekin egingo diren jarduerek osatuko dute, hala nola, Nektarios Tavernarakis eta Patricia Boya biozientifikoekin. Azken horiek aldizkako barauaren eta autofagiaren bidez zahartzearen aurkako Europako ikerketa-ildoetako bat lantzen ari dira.

5. edizioan dagoen Yo, vieja liburuaren egile Anna Freixas idazle, irakasle eta gerontologo feminista Javier Yanguasekin mintzatuko da. Javier Yanguasek heldutasunaren eta horrek planteatzen dituen erronka pertsonal eta sozialen inguruan ere idatzi du, baina beste ikuspuntu batetik.

Carlos San Juan, "Soy Mayor, no idiota" kanpainaren sustatzailea, Getxora hurbilduko da Jaialdiari amaiera emateko eta bere esperientziak eta egungo egoera kontatzeko. S/FFtik igaroko dira, halaber, Hemen emakume zinemagileen kolektiboa eta Estíbaliz Urresola, Goya sarietara izendatutako ‘Cuerdas’ film laburraren zuzendaria, eta, besteak beste, "senior enpleguaren erronkez eta mitoez" hitz egingo da Iñaki Calvoren (Ageingnomics ikertzailea) eta Iñigo Sotomayorren (Deusto Bussines School) arteko saio batean, edo adineko pertsonek zineman duten rolaz Ramon Barearen eskutik.

15/02/2023