Buscar
Actualidad

'Sinesmen eta kondairak' liburua argitaratuko du Laudioko Udalak

'Sinesmen eta kondairak' liburua argitaratuko du Laudioko Udalak.
'Sinesmen eta kondairak' liburua argitaratuko du Laudioko Udalak.

Larunbat honetan, azaroak 5, arratsaldeko 18.30etik aurrera, Laudioko Udalak argitaratu berri duen Sinesmen eta kondairak - Creencias y leyendas izeneko liburua aurkeztuko du Lamuza Parkeko Kasinoan.

Udalak Laudioko herri-ondarea ekimena jarri zuen abian, Laudioko herriaren ondare-nortasuna osatzen duten herri-kulturaren adierazpen guztiak bildu eta ezagutarazteko. Proiektuaren helburua tokiko kultur ondarea ezagutarazteko eta haren balioa nabarmentzeko zenbait liburu idaztea eta argitaratzea da.

Lehen liburukia duela bi urte argitaratu zen eta bertako lexiko herrikoiaren altxorrari eskaini zitzaion, interes lexikoagatik ez ezik, eskubide propioz Laudioko eta bertako herritarren ondare kultural, bakar eta besterenezin bihurtu diren hitz guztiak jaso eta balioan jartzeko xedez.

Laudioko memoria historikoa, ondarezkoa eta kulturala berreskuratzeko lan horri jarraipena ematea da Laudioko Udalaren lehentasunetako bat. Eta udazken honetan bigarren liburu bat argitaratzeko arrazoia: Sinesmen eta kondairak - Creencias y leyendas. “Ekimen hau, alde batera utzitako, baina bai pertsona gisa, bai herri gisa, geure baitakoa den iragan hori lurpetik ateratzeko sortu zen. Bere ondare eta nortasun balioa ukaezina da, espero dezagun ahalik eta etxe gehienetara heltzea”, zehaztu du Ander Añibarro alkateak.

Oraingo honetan, ohiturak, sinesmenak eta kondairak betetzen dituzte bigarren liburukiaren orrialdeak. Laudioko Udalak bere egin du bilduma handitzen jarraitzeko konpromisoa.

Liburuki berriari dagokionez, Felix Mugurutza egileak, adierazi duenez “alde batetik egutegia dago, urtero ziklikoki errepikatzen ziren mugarri nagusien errepasoarekin. Bestetik, elikadurari, ondasunen edo pertsonen babesari, animaliei eta abarri buruzko erreferentzia guztiak bildu dira, baita horiei lotutako erritualak edo arao-esaldi ahaztuak ere. Beste atal bat, arrazoian oinarrituta azaldu ezin diren sorginen elezahar herrikoi, izpiritu gaizto edo deabrutzeei buruzkoa izan da. Orain, hori guztia irakurtzea, lantzea eta zabaltzea besterik ez da falta, mendeetan zehar ez dezagun inoiz nor garen eta nondik gatozen ahaztu”.

2022-11-07T18:34:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo