Lozorroan zeuden emozio ugari iratzarri egin dira gizarteak bizi duen garai zail honetan. Haserre egotetik pozik egotera edo bakardadea sentitzetik gustura sentitzera oso denbora gutxian igaro gaitezke, eta sentimendu horiek kudeatzea ez da lan erraza izaten sarritan. Pandemian zehar isolamenduak espazio zabala irabazi du herritarren artean, baina isolamendu horri eremua jateko ekimen bereziak ere jarri dira martxan.
Donostian esaterako, Soinu-Postalak sortu dituzte bizilagunek, jendea elkartzeko, elkarri entzuteko eta hitz egiteko espazio esperimental gisa. Ekimen hau iazko uztailean kaleratu zen Postalak2020 proiektuaren parte da. Lehenengo fasea (2020ko uztailetik 2020ko irailera), idatzizko postal-kate baten bidez egin zen. Soinu-Postalek lehen fase horretan identifikatutako gai eta emozioetan sakonduz, narratiba eraikitzen lagun-tzen dute.
Emozioei hitzak jartzea dute helburu Soinu-Postalek eta horretarako, www.2020postalak.eus-en en-tzun daitezkeen hamaika podcast sortu dituzte. Kapitulu horietako bakoitza gonbidatuek pandemia garaian bizi dituzten gai, bizipen eta emozioetatik abiatzen da, eta norbanakoetatik abiatuta, elementu horien ondoriozko karga ikuspegi kolektibo batera nola igaro eta era kolektiboan nola kudeatu daitekeen hausnartzen da.
"Jendeak hasierako postal haietan idatzitako emozio batzuetan sakon-tzea interesgarria iruditu zitzaigun eta horietatik abiatuta sortu ditugu Soinu-Postalak. Besteak beste, zain-tza eta komunitatea, haurrak eta nerabeak, umorea, aniztasun fun-tzionala duten pertsonak eta lehen aldiak izan ditugu hizpide", azaldu dio egunkari honi Eva Salaberriak, Donostia Lagunkoia ekimeneko zuzendariak.
Kapituluak herritarrek bidalitako 100 ahozko ohar baino gehiagorekin osatzen dira, eta kapitulu horretan landutako kontzeptuarekin lan egiten duen proiektu edo artista bati bisita egiten zaio. Besteak beste, Andoni Luis Aduriz sukaldariak eta Mikel Casal ilustra-tzaileak hartu dute parte bisitaldi horietan.
Soinu-Postalak hainbat entitatek lankidetzan bultzatutako proiektua da: Donostia Lagunkoia, Donostiako Udaleko Osasunaren Sustapena eta Herri Partaidetza, Emaus, Tabakalera Medialab, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, Kutxa Solidarioa eta DK Irratia.
Kapituluak maiatzean zehar DK Irratian eman zituzten eta guztira 150 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. Horietako batzuek, gutxi gorabehera 40k, kapituluren batean gonbidatu gisa esku hartu dute, eta beste askok ahozko oharren bidez.
Proiektuak Altzako hurbileko merkataritzaren laguntza ere izan du. "Ekimena sare sozialen bidez bakarrik ezagutarazi genezakeen, eta sareetan ez dauden pertsonei helarazteko, DK Irratia Altzan dagoenez, bertako merkatariekin hitz egitea pentsatu genuen", adierazi du Salaberriak.
irrati-kaseteak Maiatzean eta ekainean, lehenengo bi atalak grabatuta zituzten 20 irrati-kasete utzi zituzten bederatzi denda eta establezimendutan. "Merkatariek bezeroei irrati-kaseteak etxera eramatea eskaini zieten, podcastak en-tzuteko. Hurrengo egunean bueltan ekartzen zituzten eta irratsaioko gaien inguruan hitz egiten jarduten zuten. Dendariak gure konplizeak izan dira jendeari proiektua azaltzeko", azaldu du.
Proiektuan parte hartu duten establezimenduak honakoak izan dira: Cristina Riveiro farmazia, Yolanda Moreno farmazia, Gaztelurrutia farmazia, Marisa Colías ile-apaindegia, Telesol Electrodomésticos, La más kuki, Conchi jantziak eta Nuñez burdindegia.
"Ile-apaindegian adibidez, bertan entzuten zuten podcasta modu kolektiboan, eta horren inguruan hizketan aritu dira bezeroak eta ile-apaintzailea", zehaztu du. Altzako merkatarien aukera honek proiektuaren berri emateko ez ezik, emozioen inguruko taldeko hausnarketa egiteko ere balio izan du beraz.
"Erabat lagungarria da emozioen inguruan taldean hitz egitea. Adituek diote arazoa (kasu honetan, pandemia) kolektiboa bada, modu kolektiboan kudeatu behar dela. Ez badugu horrela egiten eta hori alfonbra azpian geratzen bada, aterako da, baina auskalo noiz eta nola", esan du amaitzeko.