Actualidad

Soltxatetik Lezkairura, Iruñean euskararen arrastoaren atzetik

Nafarroako Gobernuak egindako “Euskara aleka” podcastaren bigarren kapituluak euskara hiriburuaren historia osoan bizirik egon dela erakusten digu, bertako toponimiaren bidez
Euskara aleka

Erletokieta, Gurutze Zuria, Iturri Apurria… euskal toponimia nagusi izan da mendeetan Iruñean, hiriburuaren izena barne. Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bitartez sortutako “Euskara aleka” podcastaren bigarren kapitulua gai honetan barrentzen da eta pertsona askorentzat oharkabean pasatu diren leku, kale eta auzoen izenak azaltzen ditu.

Erdi Aroan sortu zen Nafarroako hiriburuko toponimia, eta garai hartako izen gehienak euskaraz agertzen zaizkigu: Kaskallueta, Larrazkutzea, Mugarriluzea, Mugazuri, Soltxate, Ugaldeta… Aro Modernotik aurrera, toponimia egonkortu eta gutxi aldatzen da. Garai hartako toponimoetako bat Errotazelaia izan zen, 1723an, eta errota berri bati egiten dio erreferentzia. XX. eta XXI. mendeetan, oraindik ere Mendebaldea (auzoak hiriburuan duen kokapena azaltzeko), Hirubide edo Txantrea bezalako lekuak euskaraz izendatzen dira.

Podcastak adierazten duen gisara, hiriburuan euskaraz izendatzen dira leku izen gehien-gehienak. Hala ere, hainbat kalek eutsi diote euren jatorrizko euskal izenari, hala nola Lindatxikia, Sanduandia, Mañueta edo Txapitela.

Auzoen artean, Iturrama, Arrosadia, Lezkairu, Buztintxuri, Ermitagaina eta beste hainbat izen nabarmentzen dira. Hala, argi dago euskararen presentzia etengabea izan dela hiriburuaren historia osoan.

26 kapitulutan, Nafarroan eta hiriburuan bertan euskarak mendeetan izan duen garrantzia azaltzen dute podcastek modu atsegin eta askotarikoan. Hamaika kontakizun, istorio, gertakari eta gizon-emakume ageri dira bertan, Nafarroa osokoak, hau da; Iruñekoak nahiz Iruñerrikoak, Mendialdekoak, Erdialdekoak eta Erriberakoak.

“Euskara aleka” Nafarroako Gobernuak egindako lehen podcasta da. Edukia sortzeko bildutako informazio historikoaren iturriak Nafarroako euskararen historiografiari buruzko lanak izan dira, besteak beste, Jose Maria Jimeno Juriorenak, Peio Monteanorenak, Jose Maria Satrustegirenak, Patxi Salaberrirenak, Joxemiel Bidadorrenak, Mikel Belaskorenak, Fernando Maiorarenak eta Xabier Erizerenak. Material historikoen hautaketa Enrike Diez de Ulzurrun itzultzaileak eta idazleak egin du.

Podcast guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude entzungai:

  • Podcastak euskaraz
  • Podcastak gaztelaniaz

Con la colaboración del Ministerio de Cultura y Deporte / Kultura eta Kirol Ministerioak lagundua.

Etiquetas
25/10/2022