Ostiral honetatik aurrera, Azkuna Zentroak "Somewhere from here to heaven" izeneko proiektua jasoko du, Garbiñe Ortegak komisariatutakoa. Erakusketak zinematografikoa bezalako bitarteko espezifiko batek erakusketa-espazio batean dituen aukerak aztertzen ditu, zinemari buruzko ideia berriro hausnartzen saiatuz.
"Somewhere from here to heaven" Bruce Baillieren unibertso filmikoan inspiratutako hainbat belaunalditako artisten konstelazio bat marrazten du. Bruce Baillie 60ko hamarkadako “funtsezko” zinemagilea da, Ipar Amerikako abangoardia zinematografikoan eragin handienetakoa duena, eta zinema esperimentala deiturikoaren sustatzaile handia. "1961ean, Bailliek, beste zinemagile lagun batzuekin batera, proiekzio bat antolatu zuen Canyongo (Kalifornia) etxe batean, “beste inon ongietorriak ez ziren filmak erakusteko”, une hartan ekintza subertsiboa zena. Bat-bateko keinu horretatik abiatuta, komunitate handi bat sortu zen, San Francisco Cinematheque sortu zuena, eta munduko abangoardiako zinema-banatzaile garrantzitsuenetako bat, Canyon Cinema kooperatiba", Garbiñe Ortega erakusketaren komisarioak azaldu du.
Erakusketak bi zati ditu. Lehena komunitate horrek, Bailliek, Chick Strand, Gunvor eta Robert Nelson eta Lawrence Jordanekin batera, beste askoren artean, 40ko eta 50eko hamarkadetako ekimenetan oinarrituta, oraindik bizirik dirauen familia zinematografiko dardarti eta bizigarri hori sortu zuen garaira hurbiltzen da.
Erakusketaren bigarren zatian Azkuna Zentroak gonbidatutako lau artistaren lana dago ikusgai, Baillieren imajinarioak inspiratutako obra berria ekoizteko. Apichatpong Weerasethakulek (Thailandia), Ben Riversek (Erresuma Batua), Ana Vazek (Brasil) eta Eduardo “Teddy” Williamsek (Argentina) ikus-entzunezko piezak egin dituzte Bruce Baillieren unibertsoarekin eta haren filmekin elkarrizketan: Valentín de las Sierras, Here I am, Mass for the Dakota Sioux edo All My Life, besteak beste. « Baillieren 16 mm-ko film liriko eta behatzaile horiek guztiek, baita lau artista horien lanek ere, edozein genero edo kategoria saihesten dute, eta mistikoa eta mundutarra, kosmikoa eta pertsonala, mitologikoa eta autobiografikoa uztartzeko interesa partekatzen dute», proiektuaren komisarioa nabarmendu da.
Lan berri horiez gain, erakusketak J.P. Sniadecki zinemagileak ex profeso egindako pieza bat erakusten du: Brucerekin azken urteetan partekatutako une intimoez betetako film bat, Baillieren beraren amaitu gabeko film baten irudi argitaragabeak dituena.
Garbiñe Ortegaren ustez, "proiektu hau egituratzen duten ideietako batzuk dira: naturaren eta gizarte modernoaren arteko etengabeko bidaia, argiaren bilaketa intuitiboa, gauzen esentzia espirituala deskubritzeko bultzada, artea bizitzeko eta ulertzeko modu batekin konpromiso sakona duen proiektua, bost artista horien praktikaren erdigunean dagoena".
"Somewhere from here to heaven" Zinematekan
"Somewhere from here to heaven" Zinematekaren bidez hedatzen da, ikusizko esperientziaren eta zinematografikoaren artean kokatutako zinema garaikideko eta historiko esperimentaleko ziklo banarekin.. Zinema garaikidearen zikloa azaroaren 2tik 30era emango da, eta erakusketara gonbidatutako artistei eskainiko zaie: Ana Vaz, Ben Rivers, Apichatpong Weerasethakul eta Eduardo Williams. Hauek, Bruce Baillieren pelikulekin harremanetan jarriko dira.
Era berean, zinema historikoaren ziklo bat egongo da 2023ko urtarrilaren 25etik otsailaren 8ra, 60ko hamarkadako testuinguru emankorrean sortutako filmak berraurkitzeko, eta zinemagile amerikarren belaunaldi bat zinema egiten hasi zen, horietako asko Canyon Cinemak sortutako nerabeen “familiari” esker. Canyon Cinema Bailliek sortutako zinema-erakustoki eta -banatzaile bat da.
La Casa Encendidarekin (Madril) lankidetzan, zinema garaikidearen zikloaren zati bat zinema programazioaren barruan proiektatuko da.
Zinema garaikideko zikloa
Azaroaren 2tik 30era, asteazken eta ostegunetan. Zikloaren komisarioa Garbiñe Ortega da, EQZEko ikasle hauen laguntzarekin: Eloisa Suarez (ES), Inés Calero (IC), Anais Cordova-Páez (ACP), Sofía Lena Monardo (SLM), Claudia Zegarra (CZ), Vilma Carla Martins (VCM).
Programa
SAIOA 1: Paisaia emozionala
Azaroak 2, asteazkena. 19:00 - 53´´
Badirudi loreek, elurrak, zelaiak eta kale batek sekretu bat ezkutatzen dutela. Bruce Baillie, Ben Rivers, Apitchapong Weerasethakul eta Ana Vaz-ek gogora ekartzen digute nongoak garen eta naturarekin batzen gaituzte behatzeko ekintzaren bidez. CZ.
2.SAIOA: Askatasun- eta poesia-moduak
Azaroak 3, osteguna. 19:00 - 60´
Askatasunak hezten du? Hezkuntzak askatzen du? Ana Vaz, Ben Rivers eta Bruce Baillieren film hauek gogoeta horiek ekartzen dizkigute haurtzarora hurbilduz.
3. SAIOA: Gogorarazten duten espazioak
Azaroak 9, asteazkena - 64′
Ana Vaz, Bruce Baillie eta Apichatpong Weerasethakul-ek memoria kolektibo, sozial eta politiko bat eraikitzeari ekiten diote. Film hauek aztarnak jarraitzen dizkiete noizbait handik igaro zirenei. SLM.
4. SAIOA: Zerua gainbehera
Azaroak 10, osteguna - 65´
Gorputzari itsatsitako kameren artean, historia ez da gelditzen, orainean lebitatzen du mamu baten gisa. Beste jatorri batzuk hizpide duten toki desberdinek eta ahaztutakoa erakusten duten espazioak. ACP.
5. SAIOA: Gaztaroko ametsak
Azaroak 23, asteazkena - 61’
Gaztaroan, amestu eta edozein aukera posible dela sinets dezakegu. Apitchapong Weerasethakul eta Eduardo Williams-ek amets egitera presatzen gaituzte bizitzeari ekiteko darabilgun energia berberaz.
6. SAIOA: Mundutik urrun
Azaroak 24, osteguna - 88´
Demagun mundutik urrun gaudela. Ez dagoela inor lurrean, norbera baizik. Ben Rivers-ek 16 mm-tan begiesten ditu bakardadea eta naturarekin sakon bat eginda bizitzeko askatasuna. CZ
7. SAIOA: Gazteria likidoa
Azaroak 30, asteazkena - 100’
Eduardo Williams-en film honek gazteei jarraitzen/erretratua egiten die, ikuspegi berrien, aukera berrien, deriba birtual eta erreal berrien bila dabiltzala, geldiarazten duen lanak sortutako bizi-esperientzia alienatzailearen aurrez aurre. ES
Ostiral honetan, urriak 28, inauguratu da erakusketa, honako programa honekin:
- 17:30ean: Garbiñe Ortega erakusketaren komisarioaren, Ben Riversen, Teddy Williamsen eta Apichatpong Weerasethakulen (online) arteko elkarrizketa Auditorioan. Elkarrizketara joateko sarrera librea da, aldez aurretik izena emanda, lekua bete arte.
- 19:00etan: Bisita erakusketara.
“Somewhere from here to heaven”, argitalpena
“Somewhere from here to heaven”, erakusketatik abiatuta, prozesuan dagoen argitalpen-proiektu honek zinegile eta zinema idazleen arteko elkarrizketa ezartzen du Bruce Baillieren lanaren inguruan.
Alde bisual bat du, proiektuak ekoitzitako piezen unibertso estetikoa liburura “itzuli” nahi duena, autorx eta zinema eta arte idazle garrantzitsuen testu argitaragabeekin batera, hala nola Erika Balsom eta Steve Anker, eta Jonas Mekas, Peter Hutton eta erakusketarako obra berria ekoitzi duten zinemagile ezagunak: Apichatpong Weerasethakul, Ana Vaz, Ben Rivers eta Eduardo Ere “Teddy” Williams.
- Garbiñe Ortega zinema-kuradorea da. Haren kuradore-lana nazioartean erakutsi da hainbat instituziotan: Lincoln Center-eko Film Society (NY), Tate Modern, Vienako Film Museum, Pacific Film Archive, Washingtongo National Gallery of Art eta Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroan. Mexikoko Dokumentalen Bira Ibiltariaren programazio-zuzendarikidea izan zen, baita Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoa (2018-2021) eta ARTIUMeko Z Aretoko komisarioa ere (2021-2022). Nicolás Pereda, Lois Patiño, Matías Piñeiro eta Virginia García del Pinoren filmak ekoitzi ditu. Hainbat libururen editorea izan da, besteak beste, hauena: “Jonathan Schwarz: To Light, To Love, To Time” (2019), “Meditaciones sobre el presente: Ute Aurand, Helga Fanderl, Jeannette Muñoz, Renate Sami” (2020) eta “Cartas como películas” (2022).
- Ana Vaz artista eta zinemagilea da. Bere film, instalazio eta testu performatiboek ingurune, lurralde eta historia hibridoen arteko harreman konplexuak aztertzen dituzte, eta gure pertzepzioaren mugak zabaltzen dituzte. (Brasil, 1986) Bere lanak nazioarteko zinema-jaialdietan eta erakundeetan proiektatu dira, hala nola Tate Modern, Palais de Tokyo, Jeu de Paume, LUX Moving Images, New York Film Festival - Projections, TIFF Wavelengths, BFI, Cinéma du Réel, Tabakalera, Courtisane, Fondación Tapiès eta Whitechapel Gallery. Vazen ikus-entzunezko lanak found footagea eta material propioa biltzen ditu mitoen, geografiaren, politikaren eta historiaren arteko hibridazioak esploratzeko eta horiei buruz espekulatzeko. École des Arts Polítiqueseko (SPEAP) kide batzuekin batera, Coyote kolektiboaren kide sortzaileetako bat da Vaz; artearekin, ekologiarekin, etnologiarekin eta zientzia politikoekin konprometitutako talde bat da hori. 2015ean Lincoln Centerreko Film Societyren Kazuko Trust Award saria jaso zuen, bikaintasun artistikoa eta mugimenduan dauden irudiekin esperimentatzea saritzeko.
- Ben Rivers artista eta zinemagile esperimental bat da. (Britainia Handia, 1972) Zinemagile gisa egindako lanak dokumentalaren eta fikzioaren arteko marra bat marrazten du. Askotan, gizartetik nolabait aldendu diren pertsonak filmatzen ditu Riversek, eta prozesatu gabeko filma erabiltzen du narratiba zeiharrak sortzeko abiapuntu gisa, mundu marjinaletako existentzia alternatiboak irudikatzeko. Kamera zaharrak erabiltzen ditu eta eskuz errebelatzen du 16 mm-ko filma; bitarteko horren materialtasuna narratibaren parte bihurtzen du horrela.
- Bere lana mundu osoko zinema-jaialdi eta galeria askotan erakutsi da eta sari ugari irabazi ditu.
- Eduardo (Teddy) Williams. Zinema-zuzendaria. (Argentina, 1987) Buenos Airesko Zinemaren Unibertsitatean ikasi zuen, Frantziako Le Fresnoy - Studio National des Arts contemporains-en sartu aurretik. Bere lehen film laburrak Argentinan egin zituen eta bere lanik berrienak, hainbat herrialdetan filmatuak, mugimenduaren ziurgabetasuna eta testuinguru ezberdinetan egindako lotura espontaneoak ditu osagai nagusi. Parisko Cinémathèque Françaisek eta Txileko Valdiviako Nazioarteko Jaialdiak, besteak beste, bere film laburren atzera begirakoak eskaini dituzte. Jaialdi ospetsuenetan sariak lortu ditu, hala nola Locarnoko Jaialdian edo New Yorkeko Lincoln Centerrek ematen duen Emerging Artists sarian.
- Apichatpong Weerasethakul zinema independenteko zuzendari, ekoizle eta gidoilaria da. (Bangkok, 1970) Pribilegiozko leku bat betetzen du begirada guztiz propio eta oso originala duten munduko zinemagileen talde txiki horretan. Khon Kaenyko Unibertsitatean arkitektura ikasi zuen eta Chicagoko School of the Art Instituten ikasi zuen. Bere filmek errekonozimendu garrantzitsuak izan dituzte, hala nola Cannesko Zinemaldiko Un Certain Regard saileko saria, Blissfully yours (2002) filmarengatik; Canneseko Urrezko Palma, Tío Boonmee recuerda sus vidas pasadas (2010) filmarengatik; eta Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia Syndromes and a Century (2006) filmarengatik. 2008an Frantziako Kultura Ministerioak Arteen eta Letren Zaldunaren Domina eman zion. Hori eta gero, Komendadore Domina jaso zuen 2017an.