Buscar
Actualidad

‘Sorioneku’ iragana, etorkizunerako akuilu

Irulegiko eskuak jendartean ekarri duen ospakizunean murgilduta, euskararen alorrean egindako aurkikuntza batzuk zerrendatu ditu egunkari honek Euskararen egunean
Azaroaren 14ean Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek Irulegiko eskua topatu zutela adierazi zuten, Arangurenen.
Azaroaren 14ean Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek Irulegiko eskua topatu zutela adierazi zuten, Arangurenen.

Ene laztan gozo ederra/penaz penaçen naçu./Orreyn culez ninduçula/Nola amora nençaçun/ori escuan ezpata?/Çeure escuoz naraçu/andicoz eta ebeticoz/Barcaçio diqueçut ezcutaria, usatu eztet arma guiza erayten lecobidi guiçon gaztea/Amore minez penaçen. Euskaraz idatzita aurkitutako lehen maitasun poemaren bertsoak dira. Azken urteetan, Irulegiko eskuaren topaketak aktibatu duen ospakizun uholdearen aurretik duela bi urte fokuak bereganatu zituen aurkikuntza hain zuzen ere.

Hizkuntza baten iraganak utzitako aztarna epigrafikoen bidez berregitea lan mardula da. Eta euskararen kasuan gainera, oso murritzak dira beren lekukotasunaren arrastoak. Gehienak, harri edo metalean zizelkatutakoak.

Gauzak horrela, eskasak izan arren, Irulegiko eskuak jendartean ekarri duen ospakizunean murgilduta, euskararen alorrean egindako aurkikuntza batzuk zerrendatu ditu egunkari honek Euskararen egunean. Hala, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazten duenez, euskaldunen eta euskararen lekukotza gehienak erromatarrenak dira. “Besteak Erdi Arokoak, eta gero literatura idatzizkoak”. Azken hamarkadetan aurrerapen handiak egin dira, eta horrexegatik hain zuzen ere, Urrutiak Lergako hilarrian jartzen du azpimarra, 1960an Nafarroako herri horretan egindako aurkikuntza. Orain arte Pirinioetako hegoaldeko euskararen lehen testigantza epigrafikotzat jo izan dena.

Beste alde batetik, Lazarragaren testuan jartzen du azpimarra, “euskararen presentzia idatzia erakusten baitu”. Horrez gain, La Dauphin, XVIII. mendeko txalopa frantzesa aipatzen du euskaltzainburuak, “ingelesek harrapatu zuten eta kargamentuan lapurdiko euskeraz idatzitako gutun sorta bat aurkitu zuten”.

Baina ez dira gaur egungo gizarte euskaldunak irakurtzeko aukera duen eskuizkribu bakarrak. Izan ere, azken hamarkadetan aurrerapen handiak egin dira,eta etengabe agertzen ari dira XVII, XVIII, eta XIX.mendeko testuak.

Oñatin topatutako maitasun poema, 1508 eta 1521 artean idatzia.

Oñatin topatutako maitasun poema, 1508 eta 1521 artean idatzia. Gipuzkoako foru aldundia

Horrek, aurkikuntza orok duen garrantziaz haratago, “euskararen egoera zein den” islatzen duela dio Urrutiak. Zergatik? “Hizkuntza nagusienen aldamenan errealitate bat badela erakusten duelako, gizarte errealitate bat, eta hori euskalduna dela”. Hala ere, euskaltzainburuak gogorarazten duenez, “oso gutxitan adierazten da euskararen bitartez”. Eta horren adibide da Nafarroako parlamentuan aurkitu daitekeen Hitzak lege erakusketa. “Historian zehar aztarnak nola agertu diren erakusten du, euskararen ikuspegitik”.

XVI.mendeko poema

Duela 500 urteko maitasun poema irakurtzeko aukera ere badago egun. Izan ere, orain dela bi urte argitara atera zen euskara arkaikoan idatzitako testua, Oñatin aurkitukoa, eta Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean gordeta dagoena. 1508 eta 1521 artean idatzia izan zela uste dute adituek. Hala, Urrutiaren arabera, amodiozko hitzez gain, “gauza oso polit bat uzten du agerian testu honek”: Garai hartan idaztea eta irakurtzea oso jende talde txiki baten esku zegoen horretan, eskribauen eskuetan batik bat, hauek elebidunak zirela islatu du, “euskarazko ezagutza zutela, eta noizean behin poemak idazteko kapazitatea zutela”.

Erabiliz ospatu

Interes zientifiko edo arkeologikotik haratago, gaur egun eta etorkizunean euskarak duen garrantzian jartzen du azpimarra Urrutiak. Izan ere, azaltzen duenez, aurkikuntzek oso garrantzi handia dute, “esan nahi duelako euskara hemen izan dela present mendeetan zehar. Euskara izan dela ohiko hizkuntza jendartean. Eta lurralde zabal batean”.

Hala, Irulegiko eskuan fokua jartzean, “zuhur” jokatu behar dela dio euskaltzainburuak, “lehenengo eta behin egiaztatu behar baita”, “diziplinen arteko lan handia dakarrena. Momentuz dakiguna da inskripzio bat agertu dela, irakurgarri izan daitekeela euskararen arabera eta esanahi bat izan dezakeela”.

Lergako hilarria, antzinako euskaran Iberiar Penintsulan arkitutako hitzik zaharrenak.

Lergako hilarria, antzinako euskaran Iberiar Penintsulan arkitutako hitzik zaharrenak. Oskar Montero

Haatik, aurkikuntza hauek ematen direnean, “euskararekiko kezka, grina ekartzen du. Harrotasuna ekartzen du, piztu egiten du. Nire ustez ikusi behar da hizkuntza gurea dela, aspalditik presente dagoela lurraldeetan eta gure hizkuntzaren harrotasuna izan behar dugula, ez delako atzokoa, herenegukoa baino”.

Baina harrotasun horretan ez geratzea eskaten du Urrutiak: “Harro egon naiteke nire hizkuntzaz, baina hizkuntza hila bada harrotasun horrek ez du balio. Harrotasun aktiboa izan bejar du”. Izan ere, “arkeologia egitea ondo dago, baino askoz premiazkoa da biologia”.

Hala, etorkizunari begira azken urteetako aurkikuntzek etorkizunerako akuilu izatea eskatzen du euskaltzainburuak: “Ospakizunetan geratzen baldin bagara ez dugu etorkizunik. Aurkikuntzak jakituriaren ikuspuntutik garrantzitsuak dira, interesgarriak, baina eguneroko bizitzan erabili behar dugu euskara, eta trebatu egin behar dugu. Ospatzeko modurik onena erabilera da”.

2022-12-04T07:39:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo