Navarra

Sumina

Bistan da San Simon eta San Juda egunak ez duela uda eraman, are gutxiago ekarri negua. Hego-haizearen ufadekin batera, sua berriz ere albiste, oraingoan Enerizko pinudi batean. Duela bortz aste, Ezkaba mendiaren alde batean. Ekainean, lasto-su ikaragarria hamaika tokitan. Berriozarren konparaziora, hain handia ez izan arren. Zer gerta ere, Berriozarko Udalak mendiko suteei aurrea hartzeko plana onetsi berri du, berehalakoan ekiteko. Bazterrak sasiz garbitu eta suebakia eginen dute, herri zaharra eta Mendialdea ikastetxea babesteko. Dena den, inguru horretan kuartelak daude eta, harataxeago, tiro-zelaia. Han ibiltzen dira egunero dinbi-danba tiroka. Duela 22 urteko udan, tiro-zelai horretatik abiatu omen ziren Ezkaba mendiko magal puska handia kiskali zuten sugarrak, baita 1985eko sute handia ere. Beraz, plan orok hori ere hartu beharko luke kontuan. Aurtengo ekaineko sua bertzela hasi zen, noiz eta Nafarroan hamaika su piztu ziren egunean, suhiltzaile guztiak arnasestuka harat-honat ari zirenean. Berriozarko sua ere ziztuan zihoan aitzina herrirantz galsoroetan barna, bai eta kuarteletarantz ere. Herriko udal agintariek laguntza eskatu zieten militarrei sua itzaltzeko. Kuartel-buruak, ordea, ezetz erantzun zien, ez zutela baimena kuarteletik ateratzeko; ez dakit zein agintarik baimendu behar zuela haien irteera. Sua bertan zen, hurbil-hurbil, eta militarrak hantxe geldi-geldi begira, zirkinik ere egin gabe. Herriko jendea, berriz, jo eta ke lanean, ahal bezala, neketan, hatsanka, tresna egokirik gabe, suari aurre egin nahian. Ustez atakaren handiaz jabetutakoan, militarrek laguntza ematea erabaki zuten. Kuarteleko atea ireki, soldadu bat atera, eta herritarren artean sua itzaltzeko lau erratz oihaldun banatu zituen. Gero, atzera egin eta, berriro, kuartelean sartu zen. Herritarrei sua zerien, sumina.

31/10/2022