Polideportivo

Super Amarak ammmarekin bat egin du jokalariak zaintzeko

Bera Berako eta ammmako arduradunak, akordioaren aurkezpenean. Argazkia: Ruben Plaza

donostia – Bera Bera taldeak lankidetza hitzarmena sinatu du ammmarekin jokalarien forma fisikoa zaintzeko. Donostiako Miramongo Zien-tzia eta Teknologia Parkean dagoen zentro hau traumatologia, fisioterapia eta berregokitze zerbitzuetan espezializatuta dago.

Tati Garmendia Donostiako taldearen eskubaloi saileko arduradunak azpimarratu zuenez, "Super Amara Bera Beraren arrakastaren alderdirik aipagarrienetako bat prestakuntza fisikoa izaten da, aurkariek sarritan aipatzen dutenez. Hala ere, arlo guztietan bezala, gure ustez honetan ere hobetzeko aukera badagoenez, arlo honi bultzada bat eman eta jokalari bakoitzak banakako ibilbidea izateko erabakia hartu dugu".

Garmendiaren hitzetan, akordio hau "biontzat da onuragarria. Guk, gure prestakuntza fisikoa profesional hauen eta instalazio hauen esku utziko dugu; eta beraiek berriz, egiten duten lana gure bitartez zabalduko dute, euren marka elastikoan eramango baitugu".

Imanol Alvarez Super Amara Bera Berako entrenatzaileak hitzarmenaren balorazio positiboa egin zuen. "Pozgarria da akordio honen parte izatea. Guretzat aurrerapausoa dela iruditzen zaigu, hobetzen lagunduko digulako; Europa mailan lehiakorrago izan nahi dugu, eta lesioak gehiago kontrolatzen edo prebenitzen saiatuko gara ". "Oso garrantzitsua da, banakako jarraipen horrek zamak kontrolpean izaten lagunduko digulako, errendimendu-datarik onenak identifikatzen; eta egungo kirol modernoan kontrol horiek ezinbestekoak dira". Bere ustez, akordio honek "jokalariei aukera hobeak ematea ahalbidetzen digu, eskurik onenetan gaudelako".

Ermuko entrenatzaileak uztailaren 29rako deitu ditu jokalariak denboraldi-aurreari hasiera emateko, seguruenez iraileko lehen asteburuan jokatuko den Superkopara ahalik eta baldintza onenetan iristeko.

Hitzarmena aurkeztu aurretik, Mikel Aramendi fisioterapeuta eta osteopatak bisita gidatua eskaini zuen Miramongo Parke Teknologikoan dagoen ammma enpresaren instalazioetan zehar. Ondoren, Mikel Murguiondo gerentea pozik agertu zen "Bera Bera Eskubaloia babestu eta eurekin elkarlana egin ahal izateagatik". "ammma diziplina anitzeko zentroa da; urte eta erdiko ibilbidea du eta dagoeneko 22 profesional bagara", azaldu zuen, "Bezeroa zerbitzuaren erdigunean kokatzen dugu" gaineratuz.

Bestalde, Ander Formoso ammmako errendimendu arduradunak, egitasmoak suposatzen duen erronka zehaztu zuen: "batera lan eginez, alor fisikoan hobetzen jarraitu nahi dugu, horrek gero, alor tekniko eta taktikoan eragina izan dezan".

13/06/2021