Cultura

Tallinn, Erdi Aroko gotorleku digitala

Seiehun urteko udaletxea, munduko eraikinik garaiena, bunker arimadun hormigoi olinpikoa. Hau dena 0 eta 1 kode bitarrean. Zer ez du izango Baltiko itsasoari begira dagoen Estoniako hiriburuak
Tallinneko hiriburuaren ikuspegia.
Tallinneko hiriburuaren ikuspegia. / Eneko eizagirre

Hiriburuak bata bestearengandik urrun egon ohi diren arren, (gerraren logika bultzatuta agian, etsaiak urrun izateko) badira elkarrengandik gertu dauden batzuk. Kasu horietan bidaiariarentzat supermerkatuko 2x1 eskaintza bihur-tzen dira; bata bisitatuta, besteari ezin muzin egin.

Parez pare Kongo ibaiaren bi aldeetan dauden Brazzaville eta Kinshasaren muturreko egoerara iritsi gabe, Europan badira gertu dauden hiriburuak. Esaterako, Viena eta Bratislava 60 kilometro eskasera daude; eta Helsinki eta Tallinn bi orduko ferry bidai atsegin batez lotu daitezke.

Finlandiako hiriburuko portuan nago, hurrengo bi orduetan leihotik begiratu, kresala usaindu eta zorte pixka batekin lo-kuluxka bat egiteko asmoz. Segituan ohartu naiz jendea ez datorrela nire asmo berdinekin. Ostirala da eta asteburu pasa egiteko asmoz finlandiar asko igo-tzen ari dira ferry erraldoira. Bertara sartu bezain laster, lehenengo ilarak sortu dira: itsasoratu arte irekiko ez diren supermerkatuko atean bata eta tabernako barran bestea. Alkohola, alkohol merkea, hori da jendea erakartzen duena eta ez kresala usaina. Finlandiako lurretatik alde egin bezain laster, zerga astunak lurrundu egiten dira itsasoko haize leunak eramanda, eta une horretantxe agertzen dira finlandiarrak uholde bikingo bat bezain geldiezin.

Ferryaren jaitsierak ataka ireki berri dioten artaldearen itxura du. Bata bestearen atzetik, denak aurreraka, nora goazen jakin gabe. Urrunean Tallinn hiriaren alde zaharra izan daitekeena ikusten dugu, baina bidea telebistako udako saio txatxu bat dirudi, parte har-tzaileak kartoizko trabak gainditu behar dituzten horietakoa. Eraikuntza lanak non nahi, desagertzen diren espaloiak, obrako hesiak eta saihestea ezinezkoa suertatzen diren merkataritza gune berri-berriak. Hiriaren ekonomia borborka dago.

Tallinneko hiriburuaren ikuspegia.

Tallinneko hiriburuaren ikuspegia. Eneko eizagirre

Modernitatea kolpetik desagertzen da Tallinneko alde zaharrera gerturatzen garenean. Hiribildu guztia inguratzen duen harresi izugarriak zirrikitu bat uzten du bisitaria bere barnera sar dadin, bi dorrez osaturiko Viru ate ikusgarritik. Teilaz apainduriko teilatu koniko perfektuek, ume garaiko Playmobileko gaztelua gogora ekartzen didate. Zaldiz tiraturiko orgek harbidean eginiko zaratak, aldiz, Monty Pythonen zaldirik gabeko zaldunak dakarzkidate burura, eta bakarrik eta barrez lehertzen sartu naiz hirira, Erdi Aroko bufoi bat bainitzan.

Merkatariek mendeetan zehar egin bezala, aurrera egin dut Raekoja Platsera iritsi arte, udaletxe plazaraino, alegia. Erdi Arotik merkatu plaza izan den honetan udaletxea da nagusi, bere arkupe, leiho luze, dorre lirain eta dragoi itsurako gargola ikusgarriekin. Duela 600 urtetik gora eraiki eta urte horietan guztietan zutik eta martxan iraun duen udaletxe zaharrak, kontrastea egiten du Estoniak 1991an independen-tzia berreskuratu zuenetik hartu duen norabide digitalarekin. 2005ean boto elektronikoa martxan jarri zuen munduko lehen herrialdea izan zen, eta gaur egun Europa mailan digitalizazioaren erreferentea da.

Tallinneko hiriburuaren ikuspegia.

Tallinneko hiriburuaren ikuspegia. Eneko eizagirre

UNESCO-ko Gizateriaren Ondarea izendapena duen Tallinneko alde zaharrak bi gune bereizi ditu: goiko hiria, hiri barneko hiriak izandakoa eta behekoa. Toompea, hiribilduaren muino nabari batean kokatua, bere pribilegio eta legeak izan zituen urte luzeetan, eta gaur egun Riigikoguren egoitza dago bertan, parlamentua. Boteretsuek ez dute euren kokapena galtzen denborak aurrera eginda ere. Toompeatik dagoen hiriko ikuspegia postal guztietan agertzen zen irudia da, gaur egun Instagrameko selfiengatik ordezkatua izan dena. Besoa luzatu, irribarre faltsua: klik.

Hiriaren beheko aldean San Olaf elizaren dorre zorrotz luzea beste eraikinen gainetik nabarmentzen da. Bere garaian KGB-k herritarrak gainbegiratzeko erabilia izan omen zena, gaur egun bisitariei hiriko ikuspegi ederra eskain-tzen die. Hori bai, bertara igotzeko espiral estuan doazen 232 eskailera igo behar dira txintxo-txintxo. Ez da hainbesterako kontuan izanda XVI. mendean munduko eraikinik garaiena izan zela tarte batez.

Disidente sobietarrik ez dut ikusi bertatik, baina bunker itxurako eraikin bat bai sumatu dudala, hiriko harresietatik kanpo, itsaso Baltikoaren ertzean. Tallineko kale ederrak atzean utzi eta Linnahallera etorri naiz. Eraikin erraldoi hau 1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetarako eraiki zen, bela txapelketen egoitza modura, Lenin Jauregi Nazionala izenpean. Komunismoak bere handitasuna hormigoizko metro karratutan neurtzen zueneko arkitektura estilo monumentalean egina dago. Gaur egun guztiz utzia dago: grafiti batzuk, garagardo lata herdoilduak, beira zatiak, bazter lasai bat bilatzen duten nerabe kuadrillak. Urrun geratu dira 5.000 pertsonaz lepo zeuden ekitaldien garai haiek.

Baltikoaren ertzean, Sobietar Batasuneko hondakinen gainean eta jostailuzko gaztelu baten siluetaz inguratuta, Tallinn agurtzeko unea iritsi zait. Artaldera itzuliko naiz, kaiko hesiaren alboan bildurik dagoena aurrekoan baina beeka alaiagoak eginez.

2025-04-03T16:37:05+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo