Jada zabalik da Busturialdeko enpresa ideia lehiaketan parte hartzeko epea, azaroaren 18ra arte. Eskualdeko ekintzaile gazteek aukera dute euren proposemak plazaratzeko, eta bederatzigarren edizioan parte hartu ahal izateko. Lau dira ekimenaren helburu nagusiak: “Busturialdean kultura ekintzailea sustatzea, komertzialki bideragarriak diren zerbitzu eta produktuak garatze aldera, enplegua eta aberastasuna sortzea”, inguruko “ekonomiaren garapena bultzatzea eta sustatzea” eta azkenik, “enpresa-proiektu onenak saritzea”. Lehiaketa honetan parte har dezakete negozio ideia bat eta jarduteko gaitasun osoa dituzten 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte-taldeek, betiere enpresa-ideia “Busturialdean kokatzen bada”.
Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen gazteria zerbitzuek emango dituzten sariei dagokienez, hauek potoloak izango dira. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, guztira lau sari emango dira. “Enpresa-proiekturik onenak 3.000 euroko saria jasoko du, eta bigarren sariak, berriz, 2.000 eurokoa. Lehen sektorearekin lotutako ideiarik onenaren hirugarren sari berezi bat egongo da, 1.000 eurokoa”. Eta hiru sari horietatik aparte, aurten laugarren sari bat ere emango da, 1.000 eurokoa baita, “teknologia-arloko Start Up bat sortzeko edo garatzeko enpresa-ideiarik onenarentzat”. Saria eskuratzen dutenek, bestetik, beste abantaila batzuk ere eskuratuko dituzte. Besteak beste, “ehenengo eta bigarren sarituei, urtebetez doako usufruktuan lan egiteko lanpostu bat utziko zaie Arratzu Elkartegia Langunean. Era berean, Torrealday Aholkularitzak doan emango dio irabazleari urtebeteko iraupena izango duen aholkularitza-zerbitzua (fiskala, lanekoa eta kontabilitatekoa), eta bigarrenari sei hilabetekoa”. Beraz, ideiak baino haratago joango dira, zeren enpresaren garapenean laguntza erabakiorra ematearen aldeko apustua egingo dute.
Aipatu beharra dago gazteen artean oso harrera ona izaten dutela urtero antolatutako lehiaketek. Bada, gazteria zerbitzuek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzan sustatutako ekimenak -Lana bilatzea, lana da izenburuko proiektuan-, gero eta partehartzaile gehiago jaso-tzen dituzte. Lehiaketa baldintzatuko duten irizpideak ondorengoak izango dira: Ideiaren originaltasuna eta berrikuntza maila: balio erantsia edukitzea edota originala izatea; talde edo norbanako ekintzaileak proiekGernikatua garatzeko dituen gaitasunak; enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea; negozioaren potentziala, garapen maila eta Busturialdean gauzatzeko bideragarritasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa; eskura dauden baliabideen aprobetxamendua, jasangarritasuna eta proiektuaren gizarte-erantzukizuna eta ideiek gizartean duten eragina.
Epea Proiektuak edo proposamenak aurkezteko azken eguna 2022ko azaroaren 18a izango da, “14:00ak arte”. Horretarako, izena emateko fitxa, sustatzailearen datuak jaso behar dituen dokumentua eta bete beharreko baldintza guztiak jasotzen dituzten oinarriak www.gaztedibusturialdea.eus webgunean daude eskuragarri. Nahiz eta oraindik ez duten zehaztu, sari banaketa ekitaldia abenduan egingo dela aurreratu dute.