Gipuzkoa

Teknologia Erdi Aroa ezagutzeko

Hernaniko udalak bederatzi puntu esanguratsuetan QR kodeak ipini ditu bisita autogidatu bat egin ahal izateko
Xabier Lertxundi alkatea QR kodea eskaneatzen. | ARGAZKIA: N.G.

Hernani Hiribildua bisita autogidatua martxan jarri dute. Udalak herriko ondare eta historian esanguratsuak diren bederatzi puntutan QR kodeak ipini ditu mugikorrarekin edukira iristeko. Testua irakurtzeko edota entzuteko aukera dago bost hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez.

Euskarri digitalarekin batera, Erdi Aroko hiribilduaren informazioa ematen duten eskuorri batzuk ere badaude eta info puntuan zein Biterin jasotzeko aukera dago. Info puntua ostegunean zabaldu zen Zinkoenean txotx garaiarekin batera.

Proiektu honen aurkezpenean Xabier Lertxundi alkateak aditzera eman zuenez, “bisita honen helburua da Hernani Erdi Aroko hiribildua balioan jartzea eta bai hernaniarroi bai bisitariei gure herriko garai hartako historia, ondarea eta pasarteak modu atsegin batean hurbiltzea. Ibilbide autogidatu bat da, norberak bere kabuz edo taldean egin dezakeena.”

Lertxundik gogorarazi zuenez, hiribilduaren bisita autogidatuaren ideia joan zen legealdian sortu zen. Orduko Udal Gobernua Orain Hernani (egun Orain Hernani-Elkarrekin Podemos) udal taldearekin batera lantzen aritu zen. Hartu-eman haren lekukoa hartu zuten egungo udal ordezkariek eta emai-tzak orain ikusi du argia.

“2020 urtean hasi ginen ideia horri forma ematen Turismo arloak ere hutsunea antzemanda zuelako. Izan ere, informazio puntuak kaxko historikoko bisita gidatuak eskaintzen zituen, baina horiek garai jakin batzuetara mugatzen ziren: uda, txotx garaia eta bakailao astea”, azaldu zuen Patxi Ibargurenek, Turismo arloko zinegotziak.

“Urte osoan zehar eta nahieran egin ahal izateko, bisita gidatu hura egokitu eta euskarri digital batean jasotzea aukera egokiena zela eba-tzi genuen. Pandemian zehar aritu ginen edukia lantzen. Batetik, turismo alorrean eskarmentu handia duen Bo5t talde grafikoarekin, eta, bestetik, udal artxiboa eta Turismo arloarekin”, gogora ekarri zuen.

Hernani Erdi Aroko hiribildu bat da, eta hirigune historikoa Kultura Ondasun deklaratuta dago, Monumentu Multzoaren kategorian. l

Etiquetas
06/02/2023