Bi urteko etenaldiaren ostean, Tolosako Eguberrien ikur den Merkatu Txikia berriz ere martxan izango da. Aste honetan materiala biltzen ari dira Laskorain Ikastolako boluntarioak eta datorren astelehenean, hilaren 26an, zabalduko ditu ateak kultur etxean, ohi moduan Laguntza bat, irrifar bat lelopean.
Pandemiak ezinezkoa egin du azken bi urteotan egitasmoa gauza-tzea, eta bestelako ekimenak martxan jarri badituzte ere, berriz ere hain beharrezkoa den Gabon garaiko elkartasun keinua egiteko gogoz ziren Laskorain Ikastolan. Aditzera eman dutenez, Merkatu Txikiaren helburua da “kooperazio eta elkartasun baloreak ikasleekin gelan lantzeaz gain, ikastola komunitatea osatzen duten guztion partaidetza bultzatzea”.
Horrela, aurten ere hiru proiektuen artean banatuko dute jasotako laguntza. Hain zuzen ere, Tolosako Zutani, Tolosaldea Sahararekin eta Ibarratik Misio Taldeari emango zaie salmentan bildutako dirua.
Proiektu hauek bideratzeko ikastolako kide guztien -ikasle, ikasle ohi, irakasle eta gurasoena- partaidetza ezinbestekoa da. Modu ezberdinetara lagundu dezakete boluntarioek: bilketan (dendek ematen dituzten produktuak biltzean datza), muntaian (kultur etxeko aretoa salmentarako prestatzean datza) eta salmentan (produktuak saltzeaz arduratzean datza). Azken honi dagokionez, Merkatu Txikia irekita dagoen bitartean txanda bakoitzeko hiru heldu arduradun behar dituzte eta interesa dutenek Laskorain Ikastolara jo beharko dute.
Bide honetan, etxean erabilerarik gabe, baina egoeran onean dauden arropak, jostailuak, liburuak... Merkatu Txikira eman daitezke. Horretarako astia izango da aste honetan zehar, ostirala bitarte, 17.30etik 18.30era, edo datorren astean Merkatu Txikia zabaltzen dutenean.
Kultur etxeko beheko solairuan zabalduko ditu ateak Merkatu Txikiak eta azken urteotan bezala, kanpoko espazioa ere erabiliko dute materiala erakusteko. Abenduaren 26tik urtarrilaren 5a bitarte zabalik izango da, 10.00etatik 13.00etara eta 16.30etik 19.00etara.