Gipuzkoa

Tolosa: Olentzaroren Basoa izango da aurten ere Elosegi parkean

Sarrerak salgai izango dira aurrez-aurre azaroaren 26 eta 27an Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan
Elosegi Parkea

Olentzaroren Basoa martxan izango da aurten ere. Gabonak ate joka diren honetan, Zumardia elkarteak Tolosako Udalarekin elkarlanean beste urte batez eskainiko ditu ibilbideak Elosegi parkean.

Eguberriaren zentzua berreskura-tzea du helburu ekimenak eta bisitaldiko kontakizunean eguzkiak neguko solstizioan duen lekua izango da ardatz nagusia; honi loturik, usadio zaharrak gogoratuko dira eta, aldi berean, garai haietan bereziki emakumeek egiten zituzten lanen garrantzia bistaratuko da. Ez da Olentzerorik egongo, baina bertan dauden elementuek, etengabe, milaka begi dituela gogoraraziko diete bisitariei.

Olentzaroren Basoa abenduaren 16tik 22ra bitartean bisitatu ahal izango da. 17.30ean ekingo zaie ibilaldiei eta gehienez 20 pertsonaz osatutako taldeak sartuko dira 20 minuturo. Azken hitzordua 20.10ean izango da.

Bertan parte hartzeko izena eman nahi duenak azaroaren 26 (11.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara) eta 27an (11.00etatik 13.00etara) egin beharko dute Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoan. Ondoren, azaroaren 28tik aurrera online www.zumardia.eus web orrian egin beharko da izen-ematea.

Aurtengoan, baina, aldaketa bat egon da eta sarrera ez da doakoa izango. Bi urtetik gorakoentzat bost euroko kostua izango du eta irabaziak, batetik, Olentzaroren Basoa ekimena egonkortzera, eta bestetik, Gobernuz Kanpoko Erakunde baten lana babestu eta bultzatzera bideratuko dira. Aurten, pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden herritarren alde lan egiten duen Zutani Elkartea izango da onuraduna.

18/11/2022