Inauterien ostean hasiko ditu EH Bilduk hauteskundeei begira Tolosako bizilagunekin antolatu dituen bilerak. Dagoeneko hiru auzotan itxi dituzte hitzorduak; eta lehen bilera otsailaren 23an izango da, 19.00etan, Amarotz auzoan.
“Edozein une izango da egokia niregana, guregana, gerturatzeko eta herritarrek dituzten kezka, hausnarketa, ilusio eta proposamenak adierazteko, dena den, auzoetan bilera txanda bat abiatuko dugu. Auzoetara gerturatuko gara, auzotarren ahotsa entzun eta dituzten galdera eta kezkak jasotzeko eta gure ikuspegia haiekin partekatzeko”, azaldu du Andu Martínez de Rituerto alkategaiak.
Herritarren parte-hartzea “funtsezko” alderdia da EH Bildurentzat. Bide honetan, eta Tolosa hobetzeko bidean, beharrak identifikatu eta behar horien gaineko analisia egiten ari dira adituekin, udal teknikariekin, eta baita herritarrekin ere. “Tolosarrok sinistu behar dugu Udalak egiten duen horretan ere hi-tza dugula, badugula zer esan eta zer egin. Gure ardura izango da herritarron parte-hartzea bermatzea prozesu guztietan. Ez bakarrik orain, hauteskunde atarian, baizik eta egunerokoan”, gehitu du.
Inauterien ondoren
Lehenengo bilera otsailaren 23an egingo dute Amarotz auzoko bizilagunekin; bigarrena, otsailaren 27an, Berazubi auzoan; eta hirugarrena, martxoaren 1ean, Larramendi auzoan.
Era berean, San Esteban, Alde Zaharra, Urkizu, Aldaba, Ugane, Bedaio eta Tolosako beste hainbat guneetara ere gerturatzeko asmoa dute datozen asteetan, eta bertako bizilagunekin datak adostu ahala haien berri emango dute.
Horrez gain, astearte eta ostegunero, Bilgunean egongo dira EH Bilduko kideak, 18.00etatik 20.00etara, eta tolosa@ehbildu.eus helbide elektronikora ere idatzi daiteke.