Tolosar batzuk ohean edo ajea pasatu nahian zebiltzan bitartean, kalean ez zen jendea falta atzokoan ere Tolosan. Ostiral Mehea da beharbada Inauterietako egunik lasaiena, Ostegun Gizeneko leherketaren ondoren, baina beti dago ondo pasatzeko aitzakia. Ozenki taldeko txistulariak urteroko hitzordua egin zuten eta Ostiral Meheko danborradak alde zaharreko kaleak alaitu zituen iluntzean.
Urtetik urtera jendetsuagoa bilaka-tzen ari da txistularien topaketa, eta atzokoan ia 70 musikarik parte hartu zuten kalejiran, gazte zein heldu, emakume zein gizon. “Oso pozik gaude azken bi urteetan ikaragarri hazi delako taldea eta aurten Hernanitik, Donostiatik... etorri dira txistulariak Tolosara, eta Iruñeako batzuk ere baditugu gure artean”, azaldu zuen Ion Garmendia musika eskolako txistu irakasleak eta taldeko zuzendariak.
Txistu doinuak nagusi ziren bitartean, zezen plazan ilara luzeak egin ziren arratsaldeko zezen ikuskizunerako gonbidapenak lortu nahian. Aurten, lehen aldiz, sarrera ez zen librea eta gonbidapenak eskuratu behar ziren plazan sartu ahal izateko. Arazoak izan ziren, gaizki ulertuak, eta Tolosako Udalak jakinarazpen bat argitaratu behar izan zuen “doako sarrerak direlako eta ezin direlako birsalmentara bideratu”. Bihartik aurrera, gogoratu dute, zezen ikuskizunetarako sarrerak (%5a) salgai jarriko direla leihatilan 15.00etatik aurrera.
Atzo iluntzean danborrak izan ziren nagusi eta ez zuen hutsik egin Ostiral Meheko hitzorduari Aurrera elkartetik ateratzen den danborradak. Leidor antzokian Arpegi taldeak bere ohiko ikuskizuna eskaini zuen, txosnagunean kontzertuak izan ziren eta Jainekin txarangak alde zaharreko kaleak girotu zituen.
Gaur, aldiz, buruhandi eta erraldoiak kaleak hartuko dituzte (11.00), dantzari txikiek euskal Inauterietako dantzak eskainiko dituzte (11.30), haurren danborrada aterako da lehenik (17.00) eta ondoren helduena (19.00). Egunean zehar ez dira faltako txarangak eta musika kalean.