Azken hiru urtetan bezala, 15.000 euro bildu ditu Tolosako Laskorain ikastolak antolatu duen Merkatu Txikian. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiete ekintza solidario honetan parte hartu duten 240 guraso, irakasle eta ikasle boluntario guztiei.
Tolosako ikastetxeak oso balorazio ona egin du urtero legez Gabon garaian kultur etxean antolatzen duen Merkatu Txikiaren inguruan. Egitasmoaren helburua da birziklapena sustatzea, produktuak eta opariak prezioa onetan eskura-tzeko aukera emanez, eta elkartasun helburua betetzea.
26. aldiz antolatu den Merkatu Txikian lortutako dirua, gobernuz kanpoko erakundeei ematen diete, eta aurtengoan Zutani, Tolosaldea Sahararekin eta Ibarrako Misio Taldeari bideratuko zaizkie jaso diren 15.000 euroak, beraien proiektuak aurrera eraman ditzaten.
Merkatu Txikiak abenduaren 26an zabaldu zituen ateak eta urtarrilaren 5a bitarte kultur etxeko behealdean hainbat produktu erosteko aukera izan da. Laskorain Ikastolaren helburua da ekimenari jarraipena ematea, izan ere garrantzitsua da ikastetxearentzat “kooperazio eta elkartasun baloreak ikasleekin gelan lantzeaz gain, ikastola komunitatea osatzen duten guztion partaidetza bultzatzea”.