Bizkaia

Trapagaran eta Gurutzeta arteko ibilbideak lehenengo Bizkaibus % 100 elektrikoak izango ditu

Gómez Viar, autobus berrien aurkezpenean.

Trapagaran eta Gurutzeta arteko A3141 ibilbidea izango da Bizkaibusen flotan % 100 elektrikoak diren lehenengo autobusak probatzeko aukeratutako linea. Ibilgailu hauek ostegunean aurkeztu zituen Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko foru diputatuak.

Diputatuak azpimarratu duenez, autobus horien propultsioa erabat elektrikoa da, ez dute inolako erregai fosilik behar sistema osagarrietarako, eta, beraz, oso eraginkorrak dira.

Solaris Urbino 12 electric markakoak dira, zoru beheratu integrala dute, eta ez dute eskailera-mailarik pasilloan eta autobusaren sarbideetan. Espaloia hobeto ikusten da ibilgailuaren eskuineko aldean, eta, beraz, autobus-geralekuetan zain dauden erabiltzaileen segurtasuna handitzen da. Ezaugarri hauek dituzte: diseinu modernoa, iraunkortasuna, mantentzeko eta jarduteko erraztasuna, irisgarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua.

Aurreko displaya ibilgailua bezain zabala da; beraz, urrutitik ere irakur daiteke.

12 metroko luzerakoak dira, eta bi ate bikoitz dituzte; bigarrena atzeratuta dago, bidaiariak errazago kargatzeko. Mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude. Arrapala bikoitza dute, elektrikoa eta eskuzkoa, erdiko atean, eta belaunikatzeko eta zorua goratzeko sistema dute.

Plaza-kopurua 68tik 78ra bitartekoa da (30 eserita), mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako bi plazen okupazio-mailaren arabera. 30 eserlekuetatik, 12 lurzoruaren mailan daude, eskailera-mailarik gabe. Gainera, bi kaiola edo ontzi itxi ere badaude, bat gurpil-aulkietarako leku bakoitzean, eta horiek ere lurzoruaren mailan daude.

Kargarako estazioa Bizkaibusek Aparkabisan dituen kotxetegietan instalatua dago, eta Ekoenergetykak (Smart Energy Systems) fabrikatu du Polonian. 150 KW-eko potentzia izendatua du eta kargatzeko bi mahuka ditu. Bi autobus kargatu daitezke aldi berean 4 orduko epean.

25/10/2022