Gipuzkoa

Trikitilarien topagunea bilakatuko da Azkoitia biharko I. Trikiti Egunean

Trikitilari gazte, heldu, ikasle eta irakasle elkartuko dira eta egun osoko egitaraua garatuko da, festa giroan
Festaren antolatzaileak atzo egindako aurkezpenean. | ARGAZKIA: UDALA

Azkoitiak Triki Giro elkarteak eta Udalak, Um Blem Ble tabernarien elkartearen babesarekin antolatutako aurreneko Trikiti Eguna hartuko du bihar. Jardunaldia festa giroan burutuko da eta bertaratzen direnek egun osoko egitarauarekin disfrutatzeko aukera izango dute.

Trikiti Eguneko antolatzaileek atzo aurkeztu zuten “trikitilari gazte, heldu, ikasle eta irakasleen topagunea” izateko asmoarekin sortu den festa. Denak “gogotsu” agertu ziren Anartz Zubizarreta eta Aitor Alberdi herriko trikitilari gazteek proposatuta antolatu den I. Trikiti Egunaren atarian.

Egitaraua

abiatzeko, trikitilariak 11.30ean elkartuko dira San Martinen. Handik herrira jaitsiko dira eta auzo eta kale gehienetatik pasatzen saiatuko dira, taldeka. Horren ondoren, 13.30ean, denak Julio Urkixo kalean elkartuko dira, Herriko Plazan amaituko den kalejira erraldoia egiteko.

Behin plazara iritsita, trikitilariek taldeko argazkia atera eta bazkaria egingo dute: “100-120 txartel salduta daude dagoeneko baina nahi duenak oraindik dauka erosteko aukera Dean, Koxka eta Latz tabernetan”, esan zuten. Arratsaldean trikitilariekin erromeria izango da eta 23.00etan Iratzar taldearen emanaldia. Trikiti Egune borobiltzeko argazki zaharren erakusketa ipiniko dute, “norbaitek irudi horien inguruko informazioa izango balu, jasotzeko”. – Jabi Leon

17/09/2022