Buscar
Gipuzkoa

Turismo identitario baten alde

Turismoaren eredu berria landu duten eragileak.
Turismoaren eredu berria landu duten eragileak.

Duela urtebete Usurbilgo Udala turismo eredu berri bat lantzen hasi zen, identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza proposatuz, turismo eredu konbentzionala alboratuta. Proiektu honi 650 Usurbil Bizi izena ipini diote.

Izena urtemuga berezi batetik dator. Iaz bete ziren 650 urte Usurbil herri bihurtu zenetik eta orduan hasi ziren hausnarketa prozesua. Dagoeneko lehenengo pausoak ematen hasi dira eta berriki, Usurbilgo eskaintzaren berri ematen duten webgunea, totema eta eskuorria aurkeztu dituzte.

“Turismoa mundu hobe baten aldeko tresna eraldatzailea izan daitekeela uste dugu: Usurbilen, beste mundu bat posible dela erakutsiko dien herria eta herritarrak topatuko ditu bisitariak. Eta bere interesen arabera ezagutu ahal izango ditu guztiak: gizarte eta kultur proiektu eraldatzaileak ezagutzeko aukera, natura aisialdiaz gozatzeko formulak, guztion eskura dagoen kaleko artea, sagardoaren kultura eta nekazaritza eredu berritzaileak, bertako produktuak eskuratu, memoria historikoa, euskararen presentzia zabala, ondare zaindua…”, adierazi zuten proiektu honetako sustatzaileek.

Hain zuzen ere, udal Gobernuak Legealdiko Planean jasoa zuen Usurbilek garatu beharreko turismo ereduaren gaineko hausnarketa egitea eta plana osatzea.

Euskarri berrien aurkezpenean, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak aurreko legealdietan egindako lanketak aipatu zituen, Harria Hitz ibilbidea eta Adi Usurbil aplikazioa kasu, baina osotasuna falta zela argudiatu zuen: “Puzzlearen pieza guztiak josi edo lotuko dituen proiektu bat falta zitzaigun. Eta, batez ere, ikuskera bat, eraldatzailea eta berritzailea izango dena”.

Turismo eskaintza berriaren egilea ez da turismo agentzia bat izan, herriko eragileak baizik eta oraingoz hamalau plan landu dituzte: Usurbil Museo Irekia, Zaintzaren Usurbil, Ez Dok Amairuren Usurbil, Zero Zabor Usurbil, Euskararen Usurbil, Sagardoaren Usurbil, Errioaren Usurbil, Memoria Historikoaren Usurbil, Ondarearen Usurbil, Alkartasuna Kooperatibaren Usurbil, Errebotearen Usurbil, Angularen Usurbil, Txalapartaren Usurbil eta Auzo/Herrien Usurbil.

650 Usurbil Bizi proiektutik maila eta dimentsio ugariko eskaintzak eratorriko dira. Batzuk jada hor zeuden: distira atera eta eskaintza honetan kokatu dituzte, Usurbil Museo Irekia bihurtuz. Bertako altxorra Zumetaren murala da, datorren urtean 50 urte beteko dituena.

2022-12-06T06:54:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo