Buscar
Navarra

Turismoaren antolaketaren inguruko hausnarketan sakondu dute Baztanen

Arizkunenea kultur etxeko sabaiko aretoa bete egin zen.
Arizkunenea kultur etxeko sabaiko aretoa bete egin zen.

Baztango EH Bilduk antolaturik turismoaren antolaketari buruzko mintzaldian hamarnaka lagun elkartu ziren Elizondoko Arizkunenean. Daniel Oltzomendi gonbidatu zuten, Euskal Hirigune elkargoko turismo iraunkorreko arduraduna eta EH Baiko kidea. Oltzomendi Ipar Euskal Herriko esperientziaz mintzatu zen, turismo iraunkorra bultzatzeko turismoa gainerako politika publikoekin gurutzaturik egin behar dela azpimarratuz. Horrela, Ipar Euskal Herrian turismoaren antolamenduak lau arlo ukitzen ditu: garraioa, etxebizitza, ingurune naturala eta harrera. Guztietan tokiko biztanleak eta lurraldea kontuan hartu behar direla erran zuen, hitza emanez eta beren beharretan pentsatuz, tokiko jendearendako ona dena turistendako ere erabilgarria izanen delako. Adibide bezala Oltzarteko zaldainan gertatzen den masifikazioa saihesteko Mauletik Larrainera garraio publiko zerbitzua paratu izana aipatu zuen, larraindarrei zerbitzua emateko pentsatuz egina eta turistei ere bai.

Modu berean etxebizitzaren gaiaz mintzatu zen, Ipar Euskal Herrian marra gorria pasatu dela ohartaraziz. Plataformen bidez turismorako alokatzen diren bizitegiak eta etxeen garestitzea tokiko biztanleria kanporatzen ari omen da. Horri buruz Ipar Euskal Herriko 24 udalerri tentsionatutako gune izendatu dituzte eta, horrela, legezko ahalmenak izanen dituzte neurri zuzentzaile batzuk hartu ahal izateko. Aipatu zuenez, Ipar Euskal Herrian 40.000 bigarren bizitegi daude.

Gainerakoan ingurune naturalari buruz erabiltzaileak mendian ibiltzeko kanpainak aipatu zituen, jende aunitzek ez baitute laborantza ezagutzen eta mendian nolanahi ibiltzen baitira. Inguruneak aitzinetik antolatu eta planifikatu beharra ere aipatu zuen, betiere tokiko biztanleek hala nahi badute.

Halaber turisten etorrerak hondakin gehiago sortzen dituela erran zuen, eta horiek ere tratatu behar direla, gastu horiek denak ezin dituela lurraldeak bere gain hartu.

2021-11-15T17:59:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo